Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

TXILEKO DIKTADURAKO SEKRETUAK HERRITARREN ESKU

«Guk ez dugu egin. Lagundu egin diegu», esan zioten elkarri Richard Nixon AEBetako presidenteak eta Henry Kissinger Estatu idazkariak Txileko 1973ko estatu kolpearen biharamunean. «CIAk baldintza egokienak ahalbidetu ditu», esan zuten euren arteko elkarrizketako beste pasarte batean. Grabatuta gelditu zen elkarrizketa hura Bill Clinton presidenteak desklasifikatu zuen Augusto Pinochet Londresen 1998an atxilotu zutenean. Dokumentu horietako batzuk Txileko Memoriaren Museoan ikusgai daude, ”Estatuaren sekretuak” erakusketan. Salvador Allendek presidente kargua zin egin zuenetik Pinochet kolpistak 1988ko urriaren 5eko erreferenduma deitu zuen arteko garaia jorratzen du erakusketak. Dena den, agiri asko, tartean estatu kolpearen hurrengo egunean Nixonek jasotako txostena, sekretupean daude oraindik. Gabeziak gabezi, erakusketak Txileren iragan hurbila ezagutzeko aukera ematen die belaunaldi gazteenei.