Xabier Izaga Gonzalez
HURBILETIK EUSKARAZ

Hogeita bost urte bete ditu Gasteizko GEU elkarteak, beti bezain gogotsu eta eraginkor

«Egin dezagun kale!» zuen lelotzat joan den larunbatean GEU euskaltzale elkarteak bere 25. urtemuga dela-eta antolatu zuen jaiak, kalean ospatu nahi izan zuelako. Baina GEUk ez du kale egin, ezta hurrik eman ere. Gasteizko euskaltzaleek ondo dakitenez, sobera merezia du ospakizuna mende laurdeneko ibilbide oparoak.

Arrandiarik gabe, xume baina temati, 25 urteko ibilbidea egin du GEU Gasteiz Euskalduna elkarteak. Haren ibilbidearen berri dakienak badaki, hala berean, txalotzeko moduko lana egin duela eta ospatzeko motiboa baduela. Halaxe egin zuen euskaltzale elkarte horrek joan den larunbatean Gasteizko Alde Zaharrean, egun osoko eta adin guztietako jendearentzako egitaraua antolatuta, “Egin dezagun kale!” lelopean.

Larunbata ospatzeko eguna izan zuten, baina astelehenean bertan lanean ari ziren GEU elkarteko lagunak. Larunbat goizean “Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna” ibilaldi gidatuan Azaitz Unanuek esan zuenez, euskara Gasteiztik ia desagertzetik gaurko egoerarainoko bidea neketsua izan da, baina orain esperantzagarria da egoera. Ezagutzan aurrera egin da nabarmen, baina, Unanuek azaldu zuenez, erabilera da erronka nagusia.

Barne gogoeta

Topagunea Euskal Elkarteen Federazioko kide da GEU, eta haren zuzendaritza taldean dago. Era berean, Arabako eta Gasteizko beste sare batzuetako kide eta, lehenik, bultzatzaile eta hedatzaile da. GEU elkarteko egungo koordinatzaile Naroa Cuestak azaldu digunez, iaz barne gogoeta prozesuari ekin zioten zuzendaritzako kideek, lantaldeak, hainbat bazkidek eta inguruko zenbait euskaltzalek. Besteak beste, Gasteizko euskalgintzan erreferentzia argi baten falta sumatu zuten, baina, aldi berean, erreferentzialtasun hori nolabait GEU bera zela ere uste zuten. Gasteizko zenbait elkarterekin, euskaltegiekin eta bestelako eragileekin hitz egin zuten, eta denek onartu zuten GEUren lidergo moduko hori. Orain, erreferentzialtasun hori nola kudeatu eztabaidatzen eta zilegitasun horrekin gauzak egiten hasi dira, betiere elkarlanaren bidetik. «Proiektu irekiak izan behar dira, beste eragileekin batera garatzeko modukoak; aukeran, gainera, ahalmena eta jendea atzean izanik», dio GEUren koordinatzaileak.

Izan ere, elkarlana GEU elkartearen ezaugarri nagusietakoa da. Gasteizen sortutako hainbat kultura gunerekin harremanetan jarri ohi dira; sarritan gune horiek eurentzat ezezagunak dira, edo izenetik baizik ez dituzte ezagutzen, eta horiekiko harremanak ere badira jendea euskarara hurbiltzeko modu bat. Kultura gune horiek ere batzuetan ikuskizunak eta ekimenak euskaraz antolatzeko arazoak izaten dituzte; beraz, elkarlana oso garrantzitsua da. «Ezinbestekoa».

GEUk hainbat egitasmo eta ekimen antolatu eta koordinatzen ditu, baina egitasmo horietako parte hartzaileak autonomoak dira kudeaketa aldetik. Mintzalaguna ekimenean parte hartu nahi dutenek, esate baterako, GEUra jotzen dute informazioa jasotzeko, GEUk ordutegiak eta taldeen tipologia antolatu eta egin beharreko aldaketak egiten ditu; sare horren atzean funtzionarazteko dagoen koordinatzailea da. Gazte Topaketa Arabako gazteen arteko sarea sustatzeko asmotik sortu zen. Zenbait lekutan bazeuden eragile talde txiki batzuk, kuadrillak, euskaraz abesteko sortutako musika talderen bat, aisialdi taldeak… Horien guztien arteko topaketa egiteko asmotik sortu ziren Gazte Topaketak eta iaz egin zituzten lehen aldiz, Oihanederren eta Gaztetxean. Hori antolatzeko, bultzatzeko baten batek egon behar du atzean, eta funtzio hori betetzen du GEUk.

«Ilusioa eta gogoa» ezaugarri

Hori eta askoz gehiago egiten du euskaltzale elkarteak, batez ere 2009tik. Aurretik, ordea, egina zuen ibilbide luzea aldizkari baten inguruan. 90eko hamarkada hasiera hartan, Arabako hiriburuan euskalgintzan zebiltzan gehienak elkarren ezagunak zirela dio Mikel Garmendia GEU Gasteiz elkartearen sortzaileetakoak.

Euskaltzale haietako batzuek, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartearen berri izan zuten, eta garaitsu hartan eman zuen ere Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx hizkuntzalariak hitzaldi sorta bat Gasteizen. Hizkuntza minorizatuen gaineko hitzaldi haiek akuilua izan zituzten, eta AED, eredu. Gipuzkoako herri horretakoek “Arrasate Press” aldizkaria sortu zuten, eta, «haren inbidiaz», horrelakoxe zerbait egin behar zutela pentsatu zuten gasteiztarrek. Hartara, bilera bat deitu zuten Irakasle Eskolan. Talde haren ezaugarri nagusia, Garmendiak dioenez, ilusioa zen. «Ilusioa eta gogoa». Ez daki egiten ari zirenaz oso kontziente ote ziren, baina guztiz konbentzituta zeuden, eta “GEU Gasteiz” hilabetekaria sortu zuten.

Argi zuten, halaber, ez zutela «euskarazko beste aldizkari bat» nahi, baizik eta «Gasteizko eta Arabako errealitateari lotutako aldizkari bat»; euskaraz, jakina, baina hurbiltasuna eskainiz. Traba eta zailtasun askorekin topo egin zuten, baina ilusioa eta gogoa gailendu ziren. «Hanka sartuz ikasi genuen», dio Garmendiak. Hasierako urteetan Iñaxio Lopez de Arana izan zen aldizkariaren zuzendaria, eta, 1997az geroztik, Estitxu Breñasek hartu zuen ardura. Eta 2009ko itxierara arte iritsi ziren. Garmendiak bigarren etapan ez zuen jarraitu, ez barrutik, alegia, ez baitu proiektuaren arrastorik galdu; aitzitik, egun Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen du, mintzalaguntzaile gisa.

2009, inflexio-puntua

Naroa Cuestak dioenez, 2009ko aldizkariaren itxiera hura izan zen egun arteko ibilbide oparorako akuilua. Ordu arte hilabetekaria eta beste zenbait proiektu zituzten, hala nola Irakurle Kluba, baina pizgarri falta zuten. Bestetik, aldizkaria argitaratzea oso garestia zen; gero eta bazkide gutxiago zituzten, publizitatea lortzea gero eta zailagoa zen, areago hamarkada bukaera hartan… eta irtenbiderik gabeko egoera batera iritsi zen. Aldizkaria itxita, lantaldeak eta bazkide hurbilenek etorkizuna ilun ikusten zuten. Baina Parral tabernan kontzertuak antolatzen zituzten, Mintzalaguna hasi berria zen, Irakurle Klubak indarrean segitzen zuen, baita Geurekin Mendira ekimenak ere, eta argi ikusi zuten bazkideak berreskuratu behar zituztela eta hartarako komunikazio lan itzela egin behar zutela, jendea aktibatu, lantalde berriak osatu proiektu berriekin.

«2009a inflexio-puntua izan zen. Jendea biltzen hasi zen, batez ere komunikazio proiektu baten inguruan, beharrezkoa ikusten baikenuen zerbait sortzea, aurretik ‘GEU Gasteiz’ aldizkaria izan zena berriro egitea baztertuta. Zerbait indartsuagoa egin nahi genuen, Gasteizko eta Arabako euskaldunentzat zerbait interesgarria, egunerokotasunari lotuagoa, berriak euskaraz jasotzeko, ez kultura agendari lotuta bakarrik», dio Cuestak. Horrela sortu zen, lan handia eginda, lehenengo Hirinet Gasteiz ataria, eta, duela hiru urte, “Alea” astekaria, atzean lantalde bat, harpidedun gehiago eta Interneteko plataforma dituena. Komunikazio proiektu serio eta handia da eta dagoeneko nolabait Arabako informaziorako erreferentzia bilakatu da. Gainera, komunikazio egitasmo horren aitzakiarekin, beste asko sortu ziren elkartean, baita abian zeuden beste batzuk berritzeko gogoa ere. Mintzalagun kopurua biderkatu egin zen, hiru urtean 100 lagun izatetik 500 izatera igarota –egun 700 inguru dira–; lehen Parral tabernan hilean behin kontzertu bat antolatzen bazuten, egun, horrez gain, Oihanederrekin batera Begi Belarri ikus-entzunezko zikloak antolatzen dituzte. Azken urteotan indarra hartzen ari den beste esparru bat aisialdiarena da, familia aisialdia, Araban arlo horretan oso eskaintza txikia baitzegoen euskaraz. Hala, Gasteizko Udalarekin eta Arabako Aldundiarekin elkarlanean, lantegiak sortu dira aisialdi hezitzaile eta guraso elkarteekin, edo Kantari Gasteizen ekimena, 300 lagun inguru biltzen dituen karaokea.

Aurrera begira

GEUren 25 urte horien emaitza ikusita, badirudi ospatzeko eta indarberrituta segitzeko motiboa duela elkarteak, soberan izan ere, eta hala sumatzen dute bertako lagunek ere. Baina iragan larunbateko ospakizunaren ondoren lanean jarraitzen dute esku artean dutenari eutsiz eta egitasmo berriak prestatuz.

Astelehenean bertan bilera egin zuten, “Euskarak 365 egun” ekimenaren baitan datorren urterako aurreikusitako “11 egun euskaraz” ekimenari begira, jendeak hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa ager dezan. Euskal Herri osoko egitasmoa da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Topagunea eragile nagusi direla. GEUk dinamizazio eta sozializazio lanak egingo ditu Gasteizen. Urtebetez plangintza landu behar dute, eta datorren urteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra espero dute Euskal Herrian jende askok parte hartuko duela. Horixe baitute orain erronka: erabilera.