Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

KONFORT AULKIAN DAGOENA XAXATZEA

Jon URBE| ARGAZKI PRESS
Jon URBE| ARGAZKI PRESS

Bere garaiko kronikaria da bertsolaria. Bizi duen jendartearen ohiturak, beldurrak, plazerak, sesioak... kontatzen ditu, errimaz, neurriz eta doinuz jantzita. Baina bertsolariak ez ditu bakarrik errealitateak kontatzen, errealitateak mugitu ere egiten ditu. Bere aulkian eserita dagoen bertsozalea pixka bat aztoratzen duen bakoitzean, jendartea den harritzarra pitzatzea lortzen du. Harritzarra gogorra da eta barruan gotortuta daude hainbeste uste, estereotipo, beldur, arau, baldintza.

Asteon Maialen Lujanbiok ez gizon ez emakume, ez emakume ez gizon gorputz batetik abestu du Irungo finalaurrekoan. Hantxe, oholtza batean paratuta, bi mila lagunetik gora parean, isiltasuna eta eutsitako arnasa ozen entzuten zirela. Ulertzen hain zaila den errealitatea aparteko hiru bertsotan sartu du. Hitzik sinpleenak erabili ditu jendarteari hain korapilatsua eta aldrebesa egiten zaion errealitate bat azaltzeko. Pitzatu egin gaitu, xaxatu, konfort aulkian ipurdia ezin asentatu utzi gaitu, aulkiaren hankan hartxintxar bat jarri digu. Magia hutsa, atzean lan asko ezkutatzen duen magia.