Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Zaindu maite duzun hori

Badator azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Egun morea, udaletako balkoietan borobil morea, web orrietan, telebistan, eskoletan saio bereziak, eta, kaleetan, kontzentrazioak eta manifak.

Emakumeen aurkako indarkeria mota asko daude, era askotakoak eta modu askotan gauzatzen direnak. Fisikoak, gorputzean marka uzten dutenak (kolpeak, sexu erasoak, jipoiak...), eta baita psikologikoak ere, arima, sena eta duintasuna zapuzten dutenak. Azkenon seinaleak ez dira agerikoak izaten, baina bai mingarriak; pertsona erabat galduta, autoestimurik gabe eta kakaren pare uzten dute. Indarkeria horrek min handia egiten du, ikusezina izan arren neguko izotz beltza errepideetan bezala.

Errealitatea ikaragarria da. Gurera ekarriz, hortxe dabil bolo-bolo La Manada-ren aurkako epaiketa. Herrian kafetegian sartu eta beste gairik ez da asteon. Epaiketaren nondik norakoak aztergai. Eta segituan denok biktimarekin bat egiten dugu, eta, denok, edo gehienok behintzat, ondo identifikatzen ditugu errudunak; zer egin duten, zigorra merezi dutela, oso gaizki sentitzen gara epaiketa ikusiz…Aste guztian eta azken urteotan gai batekin bueltaka nabil. Zein erraza egiten zaigun protagonistak ezagutzen ez ditugunean bortizkeria egon dela identifikatzea, eta, aldiz, zein zaila gizona edo mutila gertukoa dugunean.

Nire eguneroko lanean emakume askorekin lan egitea tokatu zait, testigantza ikaragarriak entzutea, hementxe gure Gipuzkoan, urrutira joan beharrik gabe. Eta harritzen nauena da gizona edo mutila gure kuadrillakoa bada, laguna badugu edo gurekin “ondo” portatu bada, auzokoa bada… inork ez duela “sartzea-salatzea” nahi izaten. Gehienek horrela diote: «nik ez dut sartu nahi», «bikote arazoak dira», «niri ez dit ezer egin», «neska hauek erotuta dabiltza», «adar kontuak izango dira», «ez da hainbesterako ere izango»... Neskak kontatzen duen guztia egia dela jakin arren, ez dugu gertatzen ari dena salatzen, ez diogu egoerari aurre egiten. La Manada-ko kide bihurtzen gara, beste maila sotilago batean, jakina.

Salaketa gako da. Indarkeria egoeron gaineko egia, aldiz, krudela: emakumeei esaten diegu salatu beharra daukatela, baina, inoiz pentsatu duzue zer izan behar duen etxe batetik haur txiki batekin ateratzea? Arima lurrean eta psikologikoki puskatuta zaudenean, salatzeko indarra izatea? Eta beldurra? Zeinek babestuko nau eta zeinek babestuko du nire haurra? Eta lagunek sinetsiko al didate? Eta kuadrillakoek? Eta auzokoek? Hor hasten da bukatzen ez den amesgaiztoa… Leku denetan frogatu behar emakumeak kontatzen duena egia dela. Eta kasuak are zailagoak dira salaketarik ez denean…

Indarkeria psikologikoa izugarria da: bikotean bizi direnean, etxean, eta handik alde egitea lortzen dutenean, haurren bitartez, kustodien bitartez, epaiketen bitartez... Hori da min egiten duen benetako indarkeria psikologikoa. Gizon horrek beste helbururik ez duelako bizitzan; emakume horri min ematen jarraitzea, bere bizitza eraiki dezan oztopatzea.

Oraindik lan asko dugu egiteko psikologoek, epaileek, pediatrek, haur eskoletako langileek, irakasleek, sendagileek, ertzainek, abokatuek, gizarte zerbitzuetako teknikariek, udaletako politikari eta langileek... emakumeon inguruan gauden profesional guzti-guztiek.

Benetan prest al gaude emakumeen aurkako bortizkeria fisikoaren eta psikologikoaren aurrean duintasunez erantzuteko? Emakumeei benetako laguntza eta babesa eskaintzeko? Nik, nire egunerokotasuna ikusita, zalantzak dauzkat. •