Martxelo Diaz Aristizabal

ALTSASUKOEN KONTRA NEURRIGABEKI JO ZUEN FISKALAK

Neurrigabeko eskaera egin zuen Jose Perals Auzitegi Nazional espainoleko fiskalak Altsasuko gazte talde bat zigortzeko. Goizaldeko ordu txikietan bi guardia zibilekin izandako liskarra zurrunbilo mediatikoaren erdian kokatu zuten, errealitatea desitxuratuz.

Fiskaltzak 375 urte eskatu zituen orotara Altsasun bi guardia zibilekin, herriko ferietan, ordu txikietan, taberna baten kanpoaldean izandako liskarrarengatik. Jose Perals fiskalak 62 urte eskatu zituen espetxean jarraitzen duen gazte batentzat, 50na urte beste sei gazterentzat eta hamabi urte eta erdi zortzigarrenarentzat. «Lesio terroristak» ikusi zituen Perals fiskalak eskaera hauek egiteko (12 urte gazte bakoitzeko, gisa honetako launa delitu), nahiz eta gertakaria jazo zenean Nafarroako Ospitalean egindako txostenean jasandako kalteak arinak zirela adierazten zen. Halere, hiru gazte (Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno) espetxean dira. Eta besteak epaiketaren zain.

Fiskaltzaren eskaera jakin bezain laster, amorrua zabaldu zen Altsasun, Sakanan eta Nafarroa osoan. Kasuaren hasieratik gazte hauena «berezia» zela agerian gelditu zen. Ordu txikietan, tabernetako kanpoaldean borroka ugari izaten dira, toki askotan. Eta normalean, falta administratibo batekin eta isun bat ordainduz amaitzen dira. Altsasukoa gertatu zen aste berean, Foruzaingoak zabaldu zuenez, antzeko liskarra izan zen Irurtzunen, Sakanan bertan, Altsasutik 30 kilometrora. Baina liskar honek ez zuen komunikabideen arreta piztu eta horrelako gertakarien anonimotasunean geratu zen. Estatu espainolean barrena ere antzeko gertakariak izan ziren, tartean guardia zibilak edo poliziak sartuta zeudelarik, baina inon ez zen Altsasuko gazteei eskatu zieten zigorrik eskatu. Inolaz ere.

Argi dago, beraz, Altsasuko kasua berezia dela. Zergatik? Fiskaltzaren idazkian argi eta garbi onartzen da. Guardia Zibila Euskal Herritik alde egiteko aldarrikapena indartsu dago Altsasun eta Sakanan. Izan ere, bailara honetan indar polizialen presentzia itzela jasaten dute. Kontrol ugari pairatu behar izaten dituzte bertako biztanleek, bai autobidearen erdian bai Altsasuko erdialdeko karriketan. “Alde Hemendik” kanpaina edo Ospa Eguna ekimena zurrunbiloaren erdian jarri zituzten helburu argi batekin: Altsasuko gazteria kriminalizatzea.

Liskarra izan zen egunean, abokatuek argi zuten mozkorraldi bateko gertakaria zela. Feriak ziren eta goizeko ordu txikietan gertatu zen. Zoritxarrez, festetan ohikoa izaten da. Foruzaingoak egin zituen atxiloketak eta lehen atestatua. Bertan, guardia zibil baten lehen testigantza jasotzen da. Garrantzi handirik gabeko istilua izan zela adierazten du bertan. Eta antzeko azalpenak eman zituzten guardia zibilen lagunak ziren neskek ere. Baina bat-batean dena aldatu zen. Guardia Zibilaren agintariek muturra sartu zuten eta bigarren agenteari Foruzaingoaren aurrean ez deklaratzea agindu zioten. Guardia Zibilak beste txosten bat egiteari ekin zion, Foruzaingoarena alboratzeko helburuarekin. Eta hor hasi zen «terrorismoan» oinarrituriko bertsioaren zurrunbiloa.

Bertsio hori indartzeko komunikabide ugarik esfortzu berezia egin zuten. Altsasuko gazteak eta herri osoa kriminalizatzeko erreportaje ugari argitaratu zituzten, inolako funtsik gabeak. Adibide bat: Madrilgo agerkari batek egungo Altsasu eta garai beltzetako Belfast alderatzen zituen. Haluzinazio honen arabera, Gartzia Ximenez kaleak Altsasu bitan banatzen zuen. Alde batean abertzaleak bizi ziren, bestean espainolak. Altsasun behin bada ere izan den kazetari bat ez zen gai izango horrelako astakeriarik idazteko. Baina horrelakoak (eta okerragoak) idatzi izan dira, Guardia Zibilaren bertsioa zalantzan jartzen zuen edonor kriminalizatzen zutelarik bide batez.

Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren arteko lehia hori epaitegien artera ere iritsi zen. Mozkorraldiko liskarra bazen Iruñeko epaitegietan aztertu beharreko auzia izango litzateke; «terrorismoan» oinarrituriko gertakaria bazen Madrilgo Auzitegi Nazionalak aztertu beharko luke. Esan beharrik ez dago afera Iruñean edo Madrilen epaitzea ez dela gauza bera. Bai zigor eskaerei dagokionez bai epaitegietan izaten den tratamenduari dagokionez. Abokatu gehienek argi zuten: Iruñean epaitu beharra zegoen, ez zen kasu «berezi» bat. Horixe adierazi zuten komunikatu batean. Antzeko jarrera azaldu zuten Nafarroako erakunde nagusiek (Nafarroako Gobernuak, Parlamentuak, Iruñeko Udalak, Altsasuko Udalak…) eta alderdi, sindikatu eta eragile ugarik. Mobilizazio erraldoiak egin izan dira Iruñean eta Altsasun ere, elkartasun uholdea sortuz.

Horrelako kasuetan esanguratsua izaten da eskarmentua duten abokatuen iritzia. Esaten dutenez, legearen arabera gauzak argi zeuden eta kasua Iruñean ohiko epaitegian aztertu beharra zegoen. Baina teknikoki normala izango litzatekeena ez da horrela izaten epaiketa politikoak izaten direnean. Eta horrela gertatu zen Altsasuko gazteen kasuan. Ondorioa Auzitegi Nazionalean epaituak izango direla izan da. Eta bide batez hiru gaztek dagoeneko urtebete baino gehiago espetxean pasa dutela.

Amaia Izko Auzitegi Nazionalean eskarmentu handia duten abokatu horietako bat da. Injustizia asko ikusi izan ditu tribunal berezi horretan. Baina Altsasuko gazteekin gertatu denarekin asaldatuta dabil. Azkenekoa abenduan bertan izan da, Auzitegi Nazionalak oraindik espetxean dauden hiru gazteen behin-behineko askatasuna ukatzea.