Ion Salgado
EAJ ETA PP: HARREMAN ESTUA

EAJk eta PPk akordio berriak sinatu dituzte azken urtean Madrilgo eta EAEko erakundeen aurrekontuak onartzeko

EAJren eta PPren arteko harremana estutu egin da urte honetan. Eskuinera bira egin dute jeltzaleek eta hainbat akordio sinatu dituzte Mariano Rajoyren alderdiarekin. Erakunde nagusien aurrekontuak, EAEko herrialdeen arau fiskalak eta kontzertu ekonomikoari buruzko hitzarmenak sinatu dituzte, esaterako.

EAJk eskuinera bira egin du aurten. Ezkerreko taldeei uko egin die eta PPrekin adostu ditu EAEko erakunde nagusien aurrekontu eta arau fiskalak. Eskuineko bi alderdien arteko harremanak maiatzean estutu ziren, EAJko buruzagiek Estatu espainoleko 2017ko aurrekontuak babestuko zituztela iragarri zutenean.

EBBko lehendakariak azaldu zuenez, Madrilgo Gobernuarekin sinatutako akordioak 36 puntu zituen. Horien artean aurkitzen dira AHTri zuzenduta dauden 3.380 milioi euro, aurrekontu ezberdinetan banatuta. «Behingoz, programa oso bat daukagu lanak amaitzeko», nabarmendu zuen orduan Andoni Ortuzarrek.

Halaber, Lezon eta Jundizen plataforma logistikoak sustatzeko konpromisoa itundu zuten bi alderdiek, garai berri bat irekitzearen alde agertu zirenak. «Konfiantza giro bat sortu da negoziazio prozesu honetan», azaldu zuen jelkideak. Euskal errepresaliatuen egoera negoziazioetatik kanpo geratu zela aitortu zuen.

Kontzertua eta kupoa

Dirudienez, EAJk nahiago zuen diruari buruz hitz egitea euskal presoen egoeraz hitz egin beharrean; izan ere, akordioaren ondorio garrantzitsuenak kupoarekin eta kontzertu ekonomikoarekin zerikusia zuen. Maiatzean Madrilgo eta Gasteizko gobernuek itxitako akordioaren arabera, EAEk 1.400 milioi euro jasoko ditu 2007-2016 epeari zegokion kupoaren atzerapenengatik.

Azken urteetako kitapena adosteaz gain, 2017ko behin-behineko kupoa 1.300 milioi euroan ezarri zuten bi aldeek. Kopuru horri enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, 956 milioi ordaindu beharko dizkio Lakuak Espainiako Gobernuari. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azaldu zuenez, «bake fiskala eragingo duen akordio historikoa» sinatu zuen Cristobal Montororekin.

Sortutako eztabaida

Madrilen sinatutako akordioek –aurrekontuei eta kupoari buruzkoak– eztabaida sakona sortu zuten Estatu espainolean. Ciudadanos eta Crompromiseko ordezkariek, baita PP eta PSOEren hainbat kidek ere, kolokan jarri zuten EAEko kontzertu ekonomikoa eta kupoaren kalkulua. Eta EH Bilduk Madrilgo Kongresuan dituen diputatuak abstenitu egin ziren kupori buruzko akordioa bozkatzerakoan.

Marian Beitialarrangoitia diputatu subiranistaren ustez, kupoaren inguruko akordioa ez da «inoren garaipena, geurea dena itzultzea baino ez delako». Azaldu zuenez, Lakuak 1.570 milioi euro erreklamatzen zizkion Espainiako Gobernuari; eta azkenik 1.400 milioi inguru jasoko ditu. «Horri gehitzen badiogu 2017. urteari dagokiona, emaitza da Espainiako Gobernuak behar baino 277 milioi euro gehiago jasoko dituela», esan zuen.

Gobernu espainolarekin sinatutako akordioek Madrilen sortutako eztabaida eta polemikak errepikatu egin ziren Gasteizko Legebiltzarrean. Izan ere, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin zuten EAEko Ganberan Rajoyren aurrekontuen aurka, bazkide diren EAJren eta PSEren arteko zatiketa irudikatuz. Baina zatiketa horrek ez zuen asko iraun.

EAEko aurrekontuak

Irailean Gasteizko Udal Gobernuak, EAJk eta PSEk osatzen dutenak, PPko zinegotziekin adostu zuen tasa eta prezio publikoen inguruko ituna. Eta azaroan EAE osatzen duten hiru herrialdeei eragingo dien erreforma fiskala adostu zuten aipatutako alderdi politikoek. Sozietateen gaineko zerga %28tik %24ra jaistea eta 2020a baino lehen pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZa) berrikustea hitzartu zuten.

Lakuako aurrekontuak onartzea ahalbidetu zuen akordio honek EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen kritikak jaso zituen. Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak esan zuenez, EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako erreforma fiskala «hondamendia» da, enpresariek gutxiago ordaintzea bakarrik lortuko duelako. Eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adostutako aurrekontu proiektuak izaera «atzerakoi eta antisoziala» duela nabarmendu zuen.

Halako kritikak entzun ziren berriro abenduaren 22an, Lakuako aurrekontuak Gasteizko Legebiltzarrean onartu zirenean. «Atzerako norabidea hartu duzue, Azpiazu sailburuak esandakoaren kontrakoa, aurrekontuek behar dituzten baliabideak lortzearen kontrako bidea. Eskuineko politika, jakina, ez nuen zuongandik bestelakorik espero», deitoratu zuen Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak.

Araba eta Gasteiz

Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa ere itxi dute EAJ, PSE eta PPk. Azken hauek Aldundiak «norabidea aldatzea» lortu dutela azpimarratu zuten, «akordioa pertsonak benetan kezkatzen dituzten kontuetan oinarrituta baitago, ez EH Bilduren sasi-politikan».

Ana Morales PPko bozeramaileak Batzar Nagusietan adierazi zuenez, aurrekontuetatik at geratu dira euskal presoen senideei zuzendutako diru laguntzak, ETAko biktimak jasoko dituztenak.

Baina badago erakunde bat aurten ez duena edukiko aurrekontu berririk. Erakunde hori Gasteizko Udala da. Gorka Urtaran alkateak ezkerreko taldeen konfiantza galdu du eta ez du jaso PPko zinegotzien laguntza aurrekontuak onartzeko. Badirudi PPkoek ez dutela ahaztu, ezta barkatu ere, Javier Maroto kaleratzeko lortutako akordioa, EH Bildu, EAJ, Podemos-Ahal Dugu eta Irabazik adostu zuten hura.