Maria Gonzalez Gorosarri
analisia

Egia judiziala ez da egia soziala

Iazko sanferminetan neska bat bortxatzeagatik atxilotutako bost gizonak epaiaren zain daude. Baita jendartea ere. Ebazpena epaileek zehaztutako egia judizialaren araberakoa izango da, baina egia hori ez da dakiguna, ez da egia soziala.

Sevillako bost gizon atxilotu zituzten 2016ko sanferminetan andre bat taldean bortxatzeagatik. Aurten epaitu dituzte, espetxean 22na urte emango dituzten ebazteko. Epaiketan epaileek egia judizialaren ardatzak zehaztu dituzte: “La Manada” izeneko Whatsapp taldean bortxatzeko drogez hitz egiten duen mezurik ez da epaiketan onartu; Pozoblanco-n (Espainia) egun batzuk lehenago beste andre bati eraso egin eta grabatutako irudiak ez dira onartu. Ondorioz, egia judiziala eta dakiguna (egia soziala) aldendu dituzte epaileek.

Bost atxilotuek ez zuten atxiloketa unean deklaratu gura izan. Lehen deklarazioa handik bi hilera egiteko eskatu zuten eta ageriko gezurrak esan zituzten: taldean sexua izatea adostu zutela eta leku bila zebiltzala. Kameretako irudiek kontrakoa erakutsi zuten: haietariko batzuk aurrean zihoazen, taldea gidatzen, andrea atzean zihoan eta ibileragatik edanda zegoela antzematen zen. Atxilotuek dioten taldekako sexua hogei minutura ere ez zen heldu eta, gainera, mugikorra lapurtu zioten. “La Manada” Whatsapp taldean ez zuten aipatu andre batekin sexua izan zutela, baizik eta bosten artean andre bat izorratu zutela.

Atxilotuen gezurrak begi bistakoak izateaz gain, salatzailea bortxatu zutela ere agerikoa izan da prozesu osoan: instrukzio-epaileak akusatuak lehen egunean espetxeratu zituen, Fiskaltzak espetxean 22na urte emateko eskatu du eta, andrearen pribatutasuna babesteko, epaiketa ateak itxita egin behar izan dute.

Egia judizialak akusatuek espetxean zenbat urte emango dituzten ebatziko du, egia sozialak andrearen aurkako erasoari justizia egitea du helburu. Hortaz, talde bortxaketa zigor barik geratzea arrisku handiegia da. Zer neurri hartu dute hedabideek andreari eraso egiteak ondorioak izan ditzan?

• “Iruñea 7/ 7/ 2016, cómo evitar que una violación quede impune” (GARA, 2017/12/05).

Lehenengo eta behin, hedabideek egiaztatuta dagoen erasoa ukatu egin dute:

• “Un audio de la supuesta violación de 'la Manada' demuestra «que no fue consentida»” (“El Periódico”, 2017/11/20).

Edo erasoa ziurtzat eman arren, salatzailea erasoa jasan duena dela ukatu dute!

• “La presunta víctima de la violación grupal en los sanfermines de 2016 declaró ayer en el juicio” (“El Correo”, 2017/11/15).

Erasorik izan ez balitz, epaiketarik ez zatekeen egongo. Epaiketaren helburua da atxilotuak zer espetxealdirekin zigortuko dituzten. Horregatik, akusatuak “ustezko bortxatzaileak” dira. Bortxaketaren edo salatzailearen inguruko ustezkokeriek andrearen sinesgarritasuna auzian ipintzen dute. Gainera, bere bizitza pribatua arakatu duen detektibe pribatu baten txostena bere testigantzaren aurkako frogatzat onartu dute epaileek.

Bigarrenik, hedabideek bi aldeei ahotsa eman diete. Dagoeneko badakigu alde batek gezurrak esan dituela: akusatuek. Hasteko, bostek deklaratu dute buruan itsatsita daukatela salatzaileak Gazteluko plazan esan omen ziela: «nik birekin eta bostekin ere ahal dut». Begi bistako gezurra da, andreak lau gizonek eraso egin ziotela salatu zuelako, ez baitzituen erasotzaileak zenbatu! Beste sexu erasoez gain, akusatuetako hiruk aurrekari penalak dituzte. Hala ere, gezurti gaizkile horiei zergatik eman diete egia zantzu argiak dituen salatzailearen testigantzari baino tarte handiagoa hedabideetan?

Epaiketa ateak itxita egin denez, kasuaren berri emateko bi informazio iturri bakarrik egon dira: akusatuen defentsa abokatuak eta salatzailearen abokatuak. Defentsak, akusatuen antzera, gezurrak esan dizkie hedabideei. Salatzailearen abokatuak gezur horiei aurre egiteko argudioak bakarrik eman ditu. Defentsaren abokatuak, akusatuen euren antzera, ez dauka ezelango sinesgarritasunik:

• “La defensa de ‘la manada’ sostiene que la chica «cumplió una fantasía»” (“Diario Vasco”, 2017/11/28).

Ezelango frogarik gabe, erasoa gezurtatu duen abokatu horri hedabideek doako publizitatea egin diote egunero, hemendik aurrerako erasoak defendatzean diru gehiago irabaz dezan.

Popperra ikertzeko ukoa

Azkenik, hedabideek egia soziala ikertzeari uko egin diote, Whatsapp-eko mezuak baztertzean, egia judizialak beste ikerketa-lerro bat ere alboratu duelako. “La Manada” taldeko gaizkileak, epaiketan aztertu nahi izan ez dituzten Iruñeko irudietan, zerbait hartzen agertzen dira, loak hartu aurretik. Substantzia hori popper izan daiteke eta andrearen gorputza bortxatu eta markarik ez uzteko erabili izana ikertzeko ere eskatu zuen Iruñeko Udalaren abokatuak. Epaileek, berriro, bide hori ukatu zuten. Alderantziz, egia judizialak zalantzak salatzailearengan ipini ditu:

• «El juez González [akusatuen behin-behineko espetxealdiaren aurkako epailea] a la chica de San Fermín: ‘Ha quedado claro que daño, dolor, no sintió usted’» (“El Español”, 2017/12/07).

Salatzaileak, ordea, akusatuen kolonia usain sendoa gogoratzen zuela deklaratu zuen, erasoa goizeko 03.00etan izanda ere. Akusatuak eguerdiko txupinazotik kalean edaten egon zirenez, hamabost ordu geroago, kolonia usain sendoa izateak ez du logika handirik. Hedabideek, baina, ez dute popperraren inguruko ikerketarik abiatu:

• «¿Qué es el Popper? La droga que presuntamente usaron los miembros de ‘La Manada’ contra su víctima: Se trata de una sustancia incolora y líquida que desprende un olor muy fuerte y que, al ser inhalada, relaja la musculatura» (“Ideal”, 2017/12/01).

Substantzia hori erabili izana sinesgarri denean, defentsa abokatuaren hasierako argudioa gogora ekartzea argigarria izan daiteke:

• «La defensa de los detenidos por la violación de San Fermín: ‘No hubo violencia, fueron cuatro y de forma consentida’: Esgrimen que el reconocimiento médico a la chica no ha detectado signos anormales en sus genitales y que no hay marcas de violencia física» (Navarra.com, 2016/07/17).

Foru Poliziaren arabera, salatzaileak zauririk ez zeukala azpimarratu omen zuen guardia zibilak ere atxilotu zutenean. Estatuaren egia judizialari jarraitu diote hedabideek, egia ikertu barik, eta, horrela, hemendik aurrerako erasoei bide eman diete.