Iñaki Soto

Arnasa luzeko joerak eta unean uneko larritasunak

Herri honek eszedentziarako joera hartu du azken urte hauetan eta lan-utzialdi horiek gero eta sarriagoak eta luzeagoak izaten dira. Hori da gure pertzepzioa, behinik behin. Izan ere, egunkariak horren lekuko dira, Gabonetan gure aleak maiz autore-obrak izaten dira, lanean daudenen obsesio, ezintasun eta ahalmen literarioen konbinazio bitxi bat. Tartean, existitzen ez den aktualitate bati erantzun beharrik gabe eta orrialdeen exijentziaren menpe berdin-berdin, harribitxiak ere topa daitezke egun hauetako egunkarietan.

Orainaldi pobre eta aktualitate eskasaren ondorioz, egunotan egunkariak aurrera eta atzera begira jartzen dira; alegia, aurreko garaiko balantzea egitera eta historia errepasatzera, alde batetik, eta joerak aztertzera, beste aldetik. Adibidez, azken GAUR 8n iazko gertaera nagusien balantzea egiten zen, hilabetez hilabete. Urteko azken eguneko GARAn, ordea, hasi berri den urte honek zer emango duen aurreikusten genuen. Bien konbinaziotik –gehi Bartzelonari buruzko ZAZPIKA berezia, gehi NAIZen egunerokotasunari eskaintzen diogun hari etengabea– oporretan intelektualki bizirik mantentzeko material txukuna eskaini dugula uste dut. Orain arte ikusi ez baduzu, nire gomendioa lan hori hartzea da. Noizbait aipatu bezala, hezkuntza arautua amaitu ostean –nork bere mailan–, egunkariak gizarte jakin batean kultura orokorraren mailari eusteko dagoen instituziorik eraginkorrenak dira. Nire kezka zera da, eszedentziarako joera horretan, irakurtzea lan bihurtu ez ote dugun. Joera bat den heinean, kezka horrek larritasuna eragiten didala onartu behar dut.

Joerei behar baino gutxiago erreparatzen dion herria garela esango nuke. Iraganari buruz izugarrizko sesioak izaten ditugu eta errelatoaren bataila ere hor kokatzen da. Etorkizunari buruz oso gainetik hitz egiten dugu, ordea. Mendebaldeko dekadentziaren erdigunean egonda eta hain txikiak izanda, joerei erreparatzen ez badiegu herri bezala dugun etorkizuna ez da, inondik inora, loriazkoa izango.

Egia da joeren azterketaren alorrean ke-saltzaile asko dabilela. Horien eta benetan zertaz ari diren dakitenen arteko aldeetako bat, gaur egun, iturriak dira. Gauza guztietan bezala, alde nagusia egiten edo soilik esaten dutenen artean dago. Horregatik, herri hau izan denagatik maite duen baina beste gauza bat izan dadin burua etorkizunean duen lagun batek aipatu zidan iturri baten berri eman nahi dizuet, azken urteotan ezagutu dudan iturririk indartsuena. Azeen Azhar estratega eta analistaren www.exponentialview.co newsletterra da. Astero, hain zuzen igandero –barka eszedentziagile profesionalak–, inteligentzia artifizialean ematen ari diren benetako pausoei buruz, blockchain bezalako teknologia berrien erronkei buruz, irakurri dituen artikulu edo liburu interesgarrienei buruz… hautaketa editatu bikaina bidaltzen du zure posta elektronikora. Gure mailatik zeharo goitik dabil, baina irakurtzeak beste ikuspegi bat ematen dizu.

Urte honetan bere ustez egonkortuko diren joeren berri eman du Azharrek bere azken alean eta, sarreran, Bill Gates-en esaldi bikaina aipatzen du: «Jende gehienak urte batean egin dezakeena neurriz kanpo balioztatzen du eta hamar urteetan egin dezakeena gutxiesten du». Unean uneko larritasunetik harago, arnasa luzeko joerei begiratzea urte hasierarako asmo ederra izan daiteke. •