Gaizka Amondarain
Irakaslea

Euria neurtzen

X. mendean Frantzia erdialdeko Citeaux monasterioko apaizen bati urtean zehar izandako prezipitazioak neurtzen hastea okurritu zitzaionetik, euri asko egin du. Egunero plubiometroari bisitatxoa egitea denbora pasatzeko modu bat ere izan da komentuetan askorentzat geroztik. Norbaitek hartutako lan horri esker jakin dezakegu gaur zein izan den mende bakoitzean urterik euritsuena eta zein lehorrena. Gogoan edukitzeko baino ez bada ere.

Iritzi artikulu bat idatzi aurretik gertaera esanguratsuren baten bila efemerideei erreparatzen diedanean, katiuskak jantzi eta azken egunetan botatako euria neurtzera doan abadearen pare sentitzen naiz askotan. Aitortu beharra daukat. Denbora neurtzeko modu bat gehiago izan liteke, gainera erortzen ari zaigunari tamaina hartzeko maiztasun zehatz batekin egiten dugun paseotxoa. Iraganari begira bizitzeko dugun berezko joeraren adibide bat gehiago bestela.

Gaur, adibidez, Errege eguna dugu bazterrotan. Mende batzuk atzera, Espainiar kolonialismoaren garaian ere, Kuban, Santo Domingon, Puerto Ricon, Mexikon, Uruguain, Txilen edo Paraguain, jaieguna izaten zuten konkistatzaileek mendean hartu berri zituzten lur haietako esklaboek urtarrilaren 6a, eta kalera atera ohi ziren dantzan, danbor hotsa lagun. Txilen eta Paraguain, gaurko egunez, San Baltasar eguna ospatzen du bertako afro-amerikarren komunitateak orduko opor eguna akorduan.

Ikustekoak izango ziren beltz haien ugazaben aurpegiak egun batez esklabo izateari uzten zioten haien dantzei begira. Entzutekoak izango ziren egun hartan askatasunaz gozatzera kalera jotzen zuten jopuen irrintzi, salto eta kantuak. Gaur egun, oraindik, famatuak dira urtarrilean zehar Montevideon candomblearen –Hego Amerikara ailegatutako afrikarrek sortutako dantza eta musika– erritmoan egiten diren kalejirak.

Asteotako liturgiak hemen neurtuagoak eta zozoagoak direla esango nuke. Gasteizen, esaterako, magoekin zerikusirik ez duen beste erregearen arrebak –Espainiar erreinuko bi infantak–, Iñaki Urdangarin –iruzur kasuengatik sei urteko espetxe zigorrera kondenatutako haietako baten senarra– eta Alfonso Alonso –Euskadiko PPren bozeramailea– hiriaren erdialdeko terraza batean erretratatu zituzten Eguberri bueltan, herri xehearekin batera trago bat hartzen ari ziren bitartean. Jakina baita, urteko sasoi honetan jendea jendearekin elkartzen dela. Enkontru egunak dira inguruotan. Denoi gertatu zaigu. Gabonetan bizi dugun bake eta distentsio giroaren adierazle da argazkia.

Zeren hemen orain sikiera politikaz hitz egin daiteke. Katalunian ez bezala. Argi eta garbi utzi zuen Idoia Mendiak urtea bukatzear zela: Kataluniak duela hogei urteko Euskal Herria ematen du gaur egun, ezin da politikari buruz lasai hitz egin. Are gutxiago, galtzen atera dena zu zarenean eta egoerari aurre egiteko argudiorik ez daukazunean. Horrelakoetan, hobe da egunean botatako euri litro kubikoei begira egon, beste ezertan denbora galdu baino. Ondo ikasia dugu hori hemen. Bestela bizi gara, urtean behin, erregeek pinu azpian utziko dizkiguten oparien peskizan. •