Mikel Zubimendi

«Evviva a Nazione, Evviva Corsica, Campate felici!»

William Shakespearek «Nafarroak mundua harritu behar du egunen batean» esan zuen bezala, Jean-Jacques Rousseauk Korsikarekiko susmo bera adierazi zuen XVIII. mendean, “Kontratu soziala” bere obra ederrean «Europa harrituko du egunen batean» idatziz. Mediterraneoko uharteak zuen legegintza ahalmenak inspiratu zuen, askatasuna eskuratu eta defendatzeko bere kuraia eta konstantziak. Pasquale Paolik gidatutako iraultzen garaia zen, Korsikara burujabetza popularraren eraginkortasunean oinarritutako nazio independente instituzionalizatua ekarri zuten haiena. Paoli izan zen okupante genoarrak kanporatu zituen capu generalea, korsikarren legegilea, Ilustrazioaren handietan handienetarikoa, munduko iraultzaile asko, bereziki AEBetan, inspiratu zituena.

Paoli sustraia da, abertzaleentzat iturri agorrezina, nazioaren imajinazio kolektibo baten katalizatzailea. Dagoen tokian dagoela, ziur pozez beterik ikusi dituela bere ondorengoek lortutako garaipen harrigarriak. Ziur, Gilles Simeoni eta Jean-Guy Talamoni buruzagi abertzaleez harro dagoela, egindako bideaz harro eta egiteke dagoena urratzeko gogotsu.

Korsika herri harro zoragarria da, erresistentea. Herri kantaria da, poetaz lepo beterikoa, konkistatzaile genoar, arabiar eta aragoiarrek aberasturiko antigoaleko hizkuntza baten jabea. Marabilla bat da, lurrari, ur-lasterrei eta urtaroen zikloari loturiko nekazari eta artzainen zibilizazio baten oinordekoa.

Bi mende pasatxotik frantziar posesio koloniala da Korsika. Jakobinoak dira frantsesak, sinistun integristak bezalakoak, ezin diote beren fedeari uko egin, ez dituzte beste hizkuntza eta nazio batzuk toleratzen beren Errepublikan, eta denetarako prest daude heretikoak borrokatzeko. Parisko eliteen ustez, Frantzia humanitatearen itsasargia da, eta korsikarren nazio izateko borondatea, ezin onartuzkoa da, iseka bat. Jakobinoak ezin dira konbentzitu, garaituak izan behar dira. Eta, hori, ezinezkoa da Korsikako herriaren atxikimendu sakon bat eskuratu gabe.

Anatemak eta estereotipo faltsuak egotzi zaizkie. Lapur banda direla, kriminalitatearekin loturikoa, arrazistak. Ia bost hamarkadetan Korsikaren lur, hizkuntza eta maila guztietako emantzipazioaren aldeko borroka izugarri asimetrikoa klandestinitatean garatu da. Egia da, halaber, talde klandestinoen artean izan direla kanibalismo adierazpenak, ekintzaile askoren bizitzak galtzearekin batera, abertzaletasunaren beste diskurtso eta eskaintzak eklipsatu zituztenak.

Metropolitik asistentzialismoa eta klan sistema klientelarrak elikatu dituzte. Mamuak eta beldurrak xaxatu, fronte errepublikano antiabertzaleak entseatu dituzte, baina porrot egin dute. Indar abertzaleak banatuta ezina eta elkarrekin etekina zutela barneraturik, heldutasun politiko handi bat erakutsiz, denentzako nazio bat eraikitzea xede, inoiz ez bezalako garaipena eskuratu dute. Handia, oso handia, kolosala benetan. Hirugarren aldiz bi urtean, jakobinismoa hautetsontzietan garaitua izan da Korsikan. Forma askotariko borroka luzeak baldintza historikoak sortu ditu. Emantzipazioaren bidea irekia da. Lerro zuzena, a strada diritta, hartu besterik ez dago. •