2018/01/13

Xabier Izaga
Bai, baina...

«Zergatik dago han?». «Hitz egiten duzue horretaz?». «Eta...?». «Eta...?». Zer nahi duzu esatea umeak heldu batek nekez erantzun lezakeen horretaz?

Asteari zeharka, baina asteko egun bati, gaurkoari, hain justu, artez eta adi begira. Eta gaur Bilbon gaude, ez denok, baina bai asko, herri baten, jendarte baten edo gizabanako kolektibitate baten agerpen sendoa. Aurten motxiladun umeak nabarmendu ditu Sare plataformak, baina aurten ez daude atzo baino okerrago, eta bihar –eta batez ere datorren asteburuan nabarituko dute– berdintsu segituko dute. Asteon, ordea, sikiera telebistan agertu dira. Egingo nuke nahiago luketela agertu gabe. Agertu beharrik ez izan. Halako batean agertu dira telebistan, eta hunkigarria izan zen, egun batez besterik ez bada ere. Piztutako arreta sumatuta, ETBren bigarren katean ere eman lezakete saioa, azpitituluak jarrita. Iradokizun bat baino ez da.

PPri ez zaio ondo iruditu, ordea –ezta PSEko gazteei ere–. Bada PPkoak Euskal Telebistan ez luketela agertu behar uste duenik, eta uste hori sendo argudiatzen duenik. Gauzak zer diren, eskubide urraketa nabarmen bat justifikatzen dutenek «terrorismoaren deslegitimaziorik eza» ikusi dute ume horien gaineko saioan, baina ez dute ikusi nahi izan eurei egindako keinua.

Bai, saio ona izan zen, baina... nik ere saioak egin zuenaren antzera egingo dut, formari dagokionez eta hedabide publikoa izan gabe. Saio ona, harik eta... «zergatik dago zure aita kartzelan?» galdera agertu zen arte. Izan ere, gai horrek, behin eta berriz esan zutenez, beste atal oso bat mereziko luke, bat eta beste ehun, baina ez umeak solaskide direla. Behar beste atal mereziko luke gaiak, baldin haren gaineko zenbait iritzik ez balekarte berekin sumario baten irekiera. Europako eskuin muturrak baino defenditzen ez duen egoeraren gordina agertzeak ez luke inor mindu behar; ezta, horrenbestez, ezer «orekatzeko» premiarik agertu behar ere. Ezin izan baitzuten saihestu, edo ez zuten nahi izan, presoen erantzukizuna nabarmentzea. Egindako delituagatik epaile batek ezarritako zigorra lekutan betetzen ari direnek beren seme-alaben egoera onartezinaren erantzukizuna dutela iradoki baino gehiago egin zuten eta. «Zergatik dago han?». «Hitz egiten duzue horretaz?». «Eta...?». «Eta...?». Zer nahi duzu esatea umeak heldu batek nekez erantzun lezakeen horretaz? Zergatik daude han zehar? Non? Han zehar... oporretan? Litekeen erantzun bat: bidezko uste zutenaren alde, eta zuten gehiena galduta, hartu zuten konpromisoagatik. Hori entzun nahi zenuten haur horien ahotik, edo akaso terrorista doilorrak direla eta lotsatu egiten direla beren gurasoez?

Nik uste dut harro daudela, eta hala behar duela izan. Ez ETAkoak, independentistak edo sozialistak izateagatik, beren maitasun osoa ahal duten moduan, modu desesperatuan, erakusten dieten gurasoak direlako baizik.

EAJk eta beste batzuek zergatik ez duten Bilbora deitu, beraiek jakingo dute, baina ez da egia ezker abertzalearen ekitaldia dela. Bilbora etortzea ez da ezker abertzalearekin bat etortzea, ezta preso politikoen ideologiarekin ere. Guztien eskubide guztiak eskatzen dituen herri baten adierazpide nabarmena baino ez. Beste batzuek zigorgabeei eskatzen ez dietena eskatzen diete presoei. Hala ere, gaur Bilbon alderdi horietako jarraitzaile ez gutxi izango dira. Ongi etorri denak. Bide batez, herri proiektu batean sinisten badugu, proiektu horrek desberdinen artekoa izan behar duela argi izan behar genuke, eta eskubideen defentsa denon topagunea balitz, ez litzateke abiapuntu makala. •