2018/01/13

Erreportajea
GEORGE WEAH
«Mister George»: Futbolaren Olinpotik etorritako presidentea
Mikel Zubimendi Berastegi
Pd08_weahbi

George Oppong Weah amamak hazitako ghettoko umea da. Liberiako hiriburu den Monroviako Gibraltar txabola auzoan jaioa, eskolatik porru egin eta sosa batzuk irabazteko arto-krispetak enkantean salduz egin zuen aurrera haurtzaroan. Kru etnikoa da sortzez, hau da, «jatorrizko liberiarra», eta ez AEBetatik askatutako esklaboen ondorengo diren congo-a. Kasta baxuenetarikoa da kru-ek osatutakoa, etnikoki oso arrakala sakonak dituen herrian.

Monroviako hautsez beteriko kaleetan egin zen futbol jokalari, trapuzko baloiei ostikadak ematen. Kamerunen jokatzen zebilela, 22 urterekin, Arsene Wengerrek Monako talderako fitxatu zuen; bost urtez jokatu zuen bertan, Paris Saint-Germainek fitxatu zuen arte. Bertatik, Milanera joan zen, eta, Italiatik, Ingalaterrara, Chelsean eta Manchester Cityn jokatzeko. Bere kirol ibilbide benetan handiari Arabiar Emirerri Batuetako Al-Jazira taldean eman zion akabera.

Jokalari bikaina izan zen Weah, Afrikan inoiz izan den handiena. FIFAk Afrikako, Europako eta munduko jokalari onena izendatu zuen 1995. urtean; urte bat geroago Urrezko Baloia eskuratu zuen. Driblin, esprint eta jaurtiketa bikainak zituen, baita buruz errematatzeko ahalmen ikaragarriak ere. Europan gol gehien sartu eta partida gehien jolastu dituen futbolari profesional afrikarra da.

Aldaketak jarraitutasunari irabazi

Kronikek diotenez, Weah handiak bere golik onena sartu berri du. Gol politikoa izan da, hirugarreneko saiakeran bere herrialdeko presidentetza lortuz. Aldaketa eta jarraipenaren arteko aukeraketa bat bezala aurkeztua izan den lehian, botoen %61,5ekin irabazi zion botoen %38,5 eskuratu zituen Joseph Boakairi, orain artean presidenteorde zenari. Garaipena, baina, ez da polemikarik gabe etorri. Izan ere, Weah berak presidenteordetzat gerra jauntxo izandako Charles Taylor presidente ohiaren emazte izandako Jewel Howard Taylor hautatu izanak zeresan handia eman du. Hautu surrealista dirudi kanpainan zehar bere senar ohiaren «agenda politikoa berriz ere mahai gainean jarri» behar dela esan zuen Jewel Taylorren alde egin izana, baina Taylortarrei leial diren eskualde eta bozkalekuetan boto pila eskuratzea lortu du gutxienez makiavelikoa kontsidera daitekeen jokaldia eginez.

Orain arte botere aldaketa baketsurik ezagutu ez duen Liberiak, bertako futbol izarra Ellen Johnson Sirleafen eskutik boterea hartzen ikusiko du. Mum Ellen bezala ezagutua den Sirleaf, Harvardeko graduatua da, Nazio Batuen eta Mundu Bankuaren enplegatu ohia, eta Afrikako historiako lehen emakume presidentea. Hamabi urtez karguan egon eta gero, Konstituzioak hala aginduta, bere postua utzi dio ghettoko kru etniako mutikoari, futbolaren Olinpoko izarrari. Honek, baina, Sirleafek ez bezala, ez ditu nazioarteko kontaktu sareak, Liberiari ia bost mila milio dolarreko zorra barkatu ziotenak edo 2013ko Ebola izurrite izugarriaren aurka egiteko 3.000 soldadu bidali zizkiotenak –Barack Obamak berak tartean–.

Sirleaferi, hori bai, Liberia gerratik kanpo mantentzea lortu izana aitortu behar zaio. Ia hamabost urte iraun eta milioi laurden hildako eragin zuen gerra zibil odoltsuaren ondoren, nolabaiteko bake hauskor bati eutsi izana. Baina bistan da ustelkeriak, langabezia izugarriak eta osasun sistema eskasak haren gobernua gaztigatu dutela.

Askatutako esklaboak segregazio iturri

1989 eta 2003 arteko gerra zibil odoltsuaren amaieratik hamalau urte pasatu direnean, arazoak handiak eta desafioak are handiagoak dira Weah presidentearentzat. Monroviako biztanleen %7k soilik dauka argindarra, ur hornidura eskasia larria da, langabezia itzela, hiru herritarretik bi egunean 1,7 euro baino gutxiagorekin bizi dira. Diamanteak, burdina, kautxua eta palmondo olioa bezalako baliabideak izan arren, kodiziak, botere-goseak eta despotismoak Liberia Afrikako herrialde pobreenetarikoa izatera eraman dute.

Afrikako mendebaldean kokatutako lau milioi eta erdi pasatxoko herrialdea, independentzia aldarrikatu zuen kontinenteko lehena izan zen 1847. urtean. Esklabo beltz askatuek sorturiko munduko bi herrialdeetako bat da Liberia. Bestea, Sierra Leona da. Aurrena AEBetatik etorritako esklaboek sortu zuten, eta, bigarrena, Karibeko esklaboek. Bizitzaren ironiak zer diren! Askatutako esklaboek (congo) jatorrizko etniakoak (kru) azpiratuz ezarri zuten beren segregazio sistema partikularra. Orduz geroztik, herrialdeko elite eginda, botere egiturak kontrolatu dituzte.

Bestalde, badirudi hautetsontziek kalaxnikov fusilen lekua hartu dutela Liberiako politikagintzan. Badirudi dagoeneko hauteskundeen emaitzen inguruko liskarrak epaitegietan konpontzen direla ea ez elkarri tiroka. Gaur-gaurkoz, herrialdea ez dagoela jauntxo eta milizien legearen aurrean belaunikatuta dirudi. Charles Taylor gerra jauntxo eta presidente ohia egun gerra krimenengatik Britainia Handiko espetxe batean preso dago, handik hari politiko asko mugitzen dituela esaten den arren eta bere emazte ohia Weah beraren bigarrengoa den arren. Eta ez da ahaztu behar Taylorren aurreko bi presidenteak tiroz hil zituztela.

«No Weah, no Peace»

Liberian idolatratu egiten dute Weah, Mister George bezala ezagutzen dutena. Bere jarraitzaileek, ghettoko jendea eta gazteak batez ere, presidente izateko jaioa dela uste dute, bere patua hori dela, eta adoratu egiten dute horregatik, agian gehiegi. Berarengan esperantza oso handiak jarri dituzte, beren eguneroko esperientzia berberak bizitakoa delako, ghettoko umea delako, eta establishment-aren aurkako mezua dakarrelako.

Weah handiak beren egunerokoa ezagutzen duela uste du ghettoko jende baztertuak, beren esperientzia eta sufrikarioa haragitan bizi izan dituenak ezin diela traizio egin. Haren jarraitzaileak ospakizunetan aritu dira egunotan Monrovian, zoriontasunaren eztanda frenetiko betean, danborrak joaz, “No Weah, no peace” aldarri, furgonetetan hiriburua zeharkatzen.

Ez da falta, halaber, Mister George handiari prestakuntza falta egotzi dionik. Esperientzia politikoa falta duela. Eskolagabea, heziketarik gabeko soldadu xehea dela, baloiaren alde eskola utzi zuen kale zakur hutsa. Kezkaz begiratzen dute Weah heroiaren presidentetza berria, futbolaren Olinpoko izar bat izatea ez dela nazio bat gidatzeko kredentzial nahikoa sinetsita.

Weah ez da beste lider liberiar batzuk bezalakoa. Bere aurreko Samuel Doe eta Charles Taylorrekin alderatuz gero, ez da kalaxnikova eskutan ibilitakoa, milizia armaturik ez du gidatu.

Liberiak hainbeste krisi eta gerra odoltsu eta suntsitzaile pasatu ditu, ezen presidente berriak ezin duen herria, beste behin ere, anabasa eta kaosean erortzen utzi. Ekonomia hondamendi egoeran dagoela hartu du herrialdea, eta kautxu eta burdin esportazioen prezioen gainbeherak ondorio latzak izan ditu (Liberiako ekonomiaren bi oinarri nagusiak dira).

Nola hala eutsi dio hamabost urtez gerraosteko bake hauskorrari Liberiak, baina hori lortu duen presidentearekin, Mum Ellem Sirleafekin, lanak, irakaskuntzak, landa garapenak, osasun sistemak eta kanpo inbertsioek behera egin dute. Liberiako azpiegituren egoera, halaber, negargarria da. Horri guztiari egin beharko dio aurre Weahk. Eta hartara, futbolaren negozioan irabazitako diruarekin, bere kontu korronteetatik ateratako sosekin, filantropia poxi bat egitea ez zaio nahikoa izango.

Eta batez ere, presidente karguan bere aurrekoek izandako joerak ekiditen asmatu beharko du, bai ala bai: palazioen grandeur-ean ez erortzen, errege baten pare bizitzeko tentazioa alboratzen, botere egarria eta gehiegikeriarekiko gustua uxatzen.

Mikel Zubimendi Berastegi

IBILBIDEA 1966an jaio zen Monrovian, Liberiako hiriburuan. 1995. urtean Afrikako, Europako eta Munduko futbol jokalari onenaren saria jaso zuen. Kru etniako kidea da, hau da, jatorrizko liberiarra eta ez «congo»-a edo AEBetatik heldutako esklabo askatuen ondorengoa, luzaroan herrialdeko boterea monopolizatu dutenak. Bi aldiz porrot egin ostean, hirugarrenean hautatu dute presidente.