Xabier Izaga Gonzalez
LEGEA VS EUSKAL IZENDEGIA

Euskaltzaindia, malgutasun eske Justizia Ministerio espainiarrari

Duela zenbait hamarkada, Estatu espainolaren legediak bere baitan hartu zuen euskara; hala ere, sarritan, talka egiten dute lege horiek eta euskal hiztunen eskubideek, esate baterako, hizkuntza erromanikoen araberako irizpideak euskarari aplikatzen dizkiotenean. Malgutasuna eskatu du Euskaltzaindiak izendegiari dagokionez.

Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainari Estatu espainoleko Itzulpen Onenaren Saria eman zioten 2016an, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Ordu batzuk geroago, Kultura Ministerioak esan zion itzulpenak ez zituela Ministerioak berak jarritako oinarri-arauak betetzen eta saria emateko erabakia balio gabe utzi zuela. Gertaera hura zela eta, Euskaltzaindiak sariketaren arauak aldatzeko proposamena egin zion ministro espainiarrari, eta hala egin zuen Ministerioak. Hartara, aurrerantzean gaztelaniatik Estatuko beste edozein hizkuntza ofizialetara eta alderantziz egindako itzulpenek saria irabazteko aukera izango zuten.

Asteon, Espainiako Justizia Ministerioari egiteko asmo duen beste eskaera baten berri jakinarazi du Euskaltzaindiak: euskal izendegiarekin «malguago» joka dezala eskatuko du. Euskaltzaindia erakunde aholku emaile ofiziala da, baina legediaren arabera jokatu behar du izendegiari dagokionez. Andres Urrutia euskaltzain buruak azaldu du Akademiaren asmoa: «Euskaltzaindiak Espainiako Ministerioari azaldu nahi dio euskararen ezaugarri propioak kontuan hartu behar direla izendegian genero bereizteari dagokionez: bestela, hizkuntza erromanikoetatik datozen irizpideak aplikatuko genizkioke euskarari, eta horrek ez du inolako logikarik».

Erredakzio berria

Eskatutako «malgutasun» horretaz galdetu diogu Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko Komunikazio arduradunari. Hark dioenez, Baraiazarrarekin gertatutakoa eta izendegiari dagokiona ez dira kontu berdinak, eta zalantza handiak ditu Erregistroko buruek sexu bereiztearen aldeko jarrera ote duten.

2011n Erregistro Zibileko erredakzioa aldatu zuten, baina arazoa besterik da, erredakzio berria ez baita indarrean egongo ekainaren 30a arte, eta indarrean balego ere, ez luke kontu hori erabat argituko, Erregistroko langileek arazo bera izaten segituko omen dute eta. Oraingo testuak dio debekatutako izenen artean «los que hagan confusa la identificación y los que induzcan en su conjunto a error en cuanto al sexo» daudela (identifikazioa nahaspilatu eta sexuaz denaz bezainbatean oro har okertzera eragiten dutenak); uztailetik aurreragokoak –«baldin eta ezartzen bada»–, berriz, «...los que hagan confusa la identificación», identifikazioa nahaspilatzen dutenak, alegia.

Genero bereizteari dagokion aldaketa egitea da eskaera. Euskara eta gaztelania oso desberdinak dira horri dagokionez; hortaz, ez daki noraino dauden prest «lege berean, edo langa berean sartu eta Erregistroko jendearen eskuetan uzten den aldaketa horretarako».

Adibide bat jarri digu: «Zu markinarra zara, udaletxera zoaz, izen bat nahi duzulako, berdin neskarena zein mutilarena; esate baterako, ‘Maren’, eta Erregistrokoak ez daki; beraz, begiratu egiten du, izendegia hartu eta izena mutilarena dela ikusten du. Orduan zuk neska bati jarri nahi diozula esaten diozu, berak Euskaltzaindiak, aholku emaile ofizialak, mutilarena dela dio eta zuk, aztoratuta, beste herri batera joan behar duzu, beste errolda bat egin, eta horrela herririk herri, harik eta Erregistroko norbaitek onartu arte. Hori tortura galanta da gurasoentzat».

«Batzuek egurra ematen digute Euskaltzaindiaren errua dela esanda», dio Mendizabalek, baina ez omen da horrela. «Euskaltzaindiari, erakunde ofizial bati –‘erret akademia bati’, dio irribarrez– intsumisioa eskatzen ari zaizkio, eta hori ezin du egin. Beste kontu bat litzateke legedia malgututa, izendegian paragrafo bat eranstea halako izenak neska zein mutilentzat erabil daitezkeela edo erabiltzen direla dioena», baina, horretarako, aurreneko pausoa Erregistroak eman behar omen du.

Halaber, sare sozialetan Akademiari egindako kritikak agertu ohi direla dio, baina «hona ez da gutun bat ere iritsi». Onartzen du, beharbada, ez dituztela gauzak lar ondo egin; esate baterako, errebisatu zuten azken izendegia 2001ekoa dela dio. Nolanahi ere, erakundeak ez omen die ezikusia egiten gizartearen aldaketei, eta ahal duen neurrian «lanari ekin eta XXI. mendera salto egin» nahi du, eta horretan ari omen da.