Ion Salgado
Elkarrizketa
Aine Kiely
irlandar euskalduna

«Euskararen sustapena ikaragarria izan da, eta disfrutatu behar duzue lortu duzuena, pasada bat delako»

Duela 23 urte iritsi zen Euskal Herrira Aine Kiely irlandarra. Hasieran portugesa erabiltzen zuen, baina gaur egun irakaslea da eta euskaraz hitz egiten du.

Baso eta zelaietako berdea da Irlanda, Azoreak eta Euskal Herria batzen dituen kolorea. Kolore bizia. Ondo daki hori Ozetan, Agurainetik gertu dagoen herri txikian, bizi den Aine Kiely emakume irlandarrak. «1994an etorri ginen Euskal Herrira. Etorri baino lehen Azoreetan bizi izan ginen. Hara Portotik joan ginen, nire senarrak eta biok elkar ezagutu genuen hiria», azaldu du. Senarra Eibarren bizi izan zen Portugalera joan baino lehen, eta «hona itzuli nahi zuen mendizalea zelako».

Hasiera batean Eibarrera joan ziren bizitzera, baina gero Gasteizera lekualdatu ziren. Berak ere ez du ondo gogoratzen zergatik erabaki zuten Arabako hiriburuan bizitzea. «Uste dut senarrak lortu zuela lan bat Donostian eta nik beste bat Gasteizen, eta pentsatu genuela niretzat errazagoa izango zela Gasteizen bizitzea», azaldu du. Izan ere, Euskal Herrira iritsi zenean, Kielyk ez zekien gazteleraz hitz egiten, are gutxiago euskaraz. «Nire senarrak bazekien gazteleraz hitz egiten, baita euskara pixka bat ere, baina nik ez nekien ezer. Portuges pixka bat bakarrik».

Gasteizera heldu zirenean Gaztelako Ataria kalean ezarri ziren, Javier Ollokiren batera. «Potato musika taldeko kidea zen garai hartan. Duela bi hilabete hil zen», esan du Kielyk penatuta. Bertan egon ziren hiru urte, eta ondoren pisu bat erosi zuten Aiztogile kalean, Alde Zaharrean. Bertan ondo moldatzen ziren, baina beraien semea jaio ondoren berriz etxez aldatzea erabaki zuten. «Nik etxe bat izan nahi nuen, lorategiarekin, Irlandan bezala», nabarmendu du. Hala, Gasteiztik atera eta Ozetan bizitzea erabaki zuten duela hamabi urte.

Uribarriko urtegiaren ondoan dagoen Barrundiako kontzeju txiki bat aukeratu zuten bizitzeko. «Oso gustura nago bertan», dio Kielyk, eta duela 54 urte Cork hiritik gertu kokatutako baserri batean jaio zela ekarri du gogora. «Aita abeltzaina zen eta 11 anai-arreba ginen. Ni nintzen nagusia eta Irlandatik atera nintzen nire bizitza bizitzeko asmoarekin», azaldu du. Eta badirudi bere tokia aurkitu duela Elgeako mendilerroaren oinetan dagoen herrixkan. «Ni gustura nago animalia artean, ohituta nago, eta semeak kuadrilla polita dauka herrian. Aguraineko ikastolan ikasten du, Batxilergoko bigarren mailan. Nire senarra duela bi urte hil zen», kontatu du. Kolpe gogorra izan zen bikotekidearen heriotza, eta haren faltak eragiten dion mina bizirik du oraindik.

Euskara ikastea

Arlo pertsonalean momentu latzak bizi izan ditu Kielyk. Une gogorrak. Baina arlo profesionalean lorpen handiak izan ditu. Euskal Herrira heldu zenean portugesez bakarrik hitz egiten zuen, eta gaur egun ingeles irakaslea da ikastola batean.

Nola ez, umeekin euskaraz hitz egiten du. «Gazteleraz oso ondo moldatzen naiz, baina euskaraz hitz egiterakoan batzuetan urduri jartzen naiz», onartu du. Dena den, egia esan, euskaraz ere primeran moldatzen da. «Hobetu dut, baina oraindik kostatzen zait», azaldu du Aine Kielyk, euskara hutsean egindako elkarrizketa honetan.

Euskara ikasten duela hamar urte hasi zen, Gasteizko itunpeko eskola batean lanean zegoela. «Beraiek eman zidaten euskara ikasteko aukera, liberatu bezala», gogoratu du. Hiru urtez egon zen buru-belarri euskara ikasten. Berak aitortzen duen bezala, asko ikasi zuen, «nahiz eta erreza ez izan». Eta udetan Zornotzako barnetegira joaten zen hizkuntza trebetasuna hobetzeko. Esfortzu handia egin zuen, baina ez zen alferrik izan.

«Azkenean atera nuen bigarren profila eta egin nituen oposizioak». Eta Barrutia ikastolan, Gasteizko Lakua auzoan dagoen ikastola publikoan, atera zuen plaza. «Zorte handia izan nuen», dio ingeleseko eskolak ematen dituen irakasleak. «Ikasleekin euskara eta ingelesa erabiltzen ditu», gaineratu du. Ahal duen guztietan ingelesa erabiltzen du Lehen Hezkuntzako ikasleei irakasteko, «baina errieta egiteko euskara erabiltzen dut!», dio txantxetan.

Klasean erabiltzen duen euskara oso antzekoa da egunero, eta horrek eskolaz kanpoko hizkera behar bezala hobetzen ez dio laguntzen. Horregatik, ahal duenean aprobetxatzen du euskaraz idatzita dauden liburuak eta egunkariak irakurtzeko, baita euskarazko irratiak entzuteko ere. «Beti izaten dut irratia euskaraz jarrita, bai etxean bai autoan», esaten du. Eta bilera batean zerbait ulertzen ez badu, galdetu egiten du. «Moldatzen naiz, ez daukat inolako arazorik galdetzeko edozer ulertzen ez badut».

Semearekin ez du euskaraz hitz egiten. Elkarrekin ingelesez hitz egiten dute, eta etxean telebista ingelesez ikusten dute. Euskal Herriko umeek duten ingeles mailari dagokionez, azken urteetan asko hobetu dela aitortu du. «Umeak gero eta hobeto hitz egiten dute, baina beti hobetu dezakegu».

Kiely Portugalen bizi izan zen, eta bertakoek duten ingelesa maila altua dela dio, ziur aski telebistan ikusten dituzten kanpoko programak jatorrizko bertsioan ematen dituztelako. «Azpitituluak jarri eta audioa ingelesez entzuten dute, eta hori pilo bat nabaritzen da. Nik ez dut esango hemen gauza bera egin behar denik, baina ni saiatzen naiz telebista jatorrizko bertsioan ikusten, erdaraz, euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan izan», gaineratu du.

Irlandan bizi zenean, gaelikoko klaseak ematen zituen Kielyk. Bertako umeek egunero ordu batez ikasten dute gaelikoa. Hizkuntzak hiru dialekto dituela azaldu du: iparraldekoa, mendebaldekoa eta hegoaldekoa. «Mendebaldekoa erabiltzen da normalean irratian», gaineratu du.

Gaelikoaren egoera

Kielyk dioenez, ezin da konparatu gaelikoren eta euskararen egoera. «Hemen egin duzuena ikaragarria da. Beti entzuten dut gauza bera, hobetu nahi duzuela, eta bai, hori izan behar da helburua, baina disfrutatu ere egin behar duzue lortutakoarekin», adierazi du. «Gasteizera duela hogei urte etorri nintzen eta euskara ia entzun ere ez zen egiten. Oso gutxi erabiltzen zen. Gaur egun egoera zeharo ezberdina da». Euskarak izan duen bilakaera «pasada bat» izan dela nabarmendu du. «Asko pozten naiz», gaineratu du.

Euskararen sustapena lorpen «ikaragarria» izan dela uste du, eta gora doan joera hori mantentzea espero du. «Hizkuntza altxor bat da, eta, galtzen bada, Irlandan gertatzen ari den bezala, gauza ugari galtzen dituzu», dio. «Hizkuntzak komunikazioa ahalbidetzen duten erremintak dira, arlo kulturalean garrantzi handia dutenak eta herri bakoitzaren izaera definitzen dutenak». Eta batzuetan, zure herritik kanpo zaudenean, gaeliko edo euskara bezalako hizkuntzek elkarrizketa pribatuak izateko aukera ematen dizute. «Nire kasuan, adibidez, gaelikoa erabiltzen genuen Londresen lagunen artean gure gauzei buruz aritzeko, gure sekretuak kontatzeko», gogoratu du. Eta hizkuntzak bizirik mantentzeko zaindu egin behar direla ohartarazi du: «Oso inportantea da hizkuntzak zaintzea. Nik orain gaelikoaren ezagutza hobetu nahi dut. Gaeliko irakaslea nintzen, eta buruan daukat oraindik, baina egun hitz egiteko orduan kostatu egiten zait. Horregatik udan Irlandara joateko asmoa daukat. Ondo pasatzera eta gaeliko ikastera joango naiz!».

Geroari begira erronka handia ezarri dio bere buruari Kielyk: 60 urte bete aurretik bost hizkuntza menderatu nahi ditu. Ez zaio balio hizkuntzak ezagutzea, berak menderatu egin nahi ditu. «Hori da nire helburua, eta, datorren urtean, semea unibertsitatean hastean, denbora izango dut gaelikoa eta frantsesa ikasteko». Egun menperatzen dituen hizkuntzak ingelesa, gaztelera eta euskara dira.

Irlanda eta Euskal Herria

Euskal Herriari buruz hitz egiterakoan, Irlandarekin antzekotasun asko daudela dio. «Jendea eta paisaiak antzekoak dira, nahiz eta bertan mendiak ez izan hain altuak. Baina jendea irekia da, eta badago zerbait gure artean... Ez dakit nola esan, baina hurbiltasun berezi bat nabaritzen da, baita zintzotasuna ere». Eta badaude ezberdintasunak ere. Kielyren ustez, «Euskal Herrian jendea zuzenagoa da, eta hori onartzea zaila da. Ile-apaindegira joan, eta, ateratzean, ezagun batek lehenago hobeto zeundela esaten dizu!».

Eta jaterako orduan ere ezberdinak gara, baina hori normala da. Zailena, Kielyk dioenez, Irlandara joatean hemen bezain zuzena ez izatea da. «Kontuz ibili behar duzu!».