Pablo Ruiz de Aretxabaleta
«GOOD BYE, KAMERUN»

Errepresioak independentziaren aldeko borroka indartu du eskualde anglofonoan

Kamerungo eskualde anglofonoak agur esan nahi dio Kameruni, urte luzez jasandako bazterketarekin guztiz nekatuta. Jaundeko Gobernuak errepresioarekin erantzun dio Ambazonia izeneko estatuaren aldarrikapen sinbolikoari. Baina indarkeriak independentziaren aldeko aldarria are gehiago suspertzea baino ez du lortu.

Bereizketa irtenbide bakarra da!». Argi du Nickek, Kamerungo eskualde anglofonoko biztanleak. Bera bezala, azken hilabeteetan gero eta gehiago dira independentziaren alde agertzen direnak orain artean federalistak gehiengoa ziren eskualdean. Jaundeko agintariek errepresio bortitzarekin erantzun diote bertako krisiari eta horrek Kamerun utzi eta estatu berri bat –Ambazonia izenekoa– sortzeko gogoa suspertu egin du.

Afrikako beste leku askok bezala, Kamerungo mendebaldeko eskualde honek ere kolonizazioaren ondoren kanpoko indarrek ezarritako mugen ondorioak pairatzen ditu. Duela urtebete krisi soziopolitiko larrian murgildu zen eskualde anglofonoa, eta, orain arte federalismoa aldarrikatzen zutenen artean, gero eta independentziaren aldeko militante gehiago daude.

Kamerungo 23 milioi biztanleetatik %20 baino ez dira anglofonoak eta oso presentzia txikia dute herrialdeko instituzio eta komunikabideetan. Duela urtebetetik hona, pairatzen duten bazterketaren kontrako mobilizazioak izugarri ugaritu dira.

Gobernuak ez du onartzen ez federalismoa ezta independentzia ere, eta errepresiorekin erantzun du. Indarkeria gora doa. Nickek dionez, «dagoeneko ez da posible Kamerungo alde frankofonoarekin adiskidetzea. Norbaitekin arazoak dituzu eta berak hil egiten zaitu. Zer egingo duzu ba berekin?», galdetu du, joan den urriaren 1ean egindako manifestazioa gogoan.

Egun horretan Ambazoniak independentzia aldarrikatu zuen sinbolikoki, 1961ko urriaren 1ean britainiarren esku egondako Kamerungo lurraldearen hegoaldeak frantziarren mende egondako zatiarekin bat egin zuela gogoan. Bada, Sisiku Ayuk Tabe, egungo mugimendu independentistako buruak, sare sozialetan zabaldu zuen urriaren 1eko independentzia aldarrikapena eta bera Ambazoniako presidente bezala aurkeztu zen.

Tiroka erantzun

Ayukekin bat eginez, independentistak manifestazioak egiten saiatu ziren gune anglofonoetan. Baina Kamerungo segurtasun indarrek benetako balak erabili zituzten manifestarien kontra Bamenda, Ndop, Kumbo eta Kumba hirietan. Indar armatuek 17 hildako eragin zituzten, Gobernuak hamar baino aitortu ez arren. Urritik, gainera, egoerak okerrera egin du. Erbestean dauden buru independentistak «autodefentsa» aldarrikatzetik borrokarako deiak egitera igaro dira eta gutxienez 16 polizia eta militar hil dituzte talde armatuek urritik hona.

Krisia duela urtebete inguru piztu zen. Irailean 50.000 pertsona kalera atera ziren independentziaren alde. Etxerako agindua, lau pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeen debekua eta herrien arteko mugimenduak galaraztea izan zen agintarien erantzuna. Ordutik, atxiloketa masiboak ia egunero gertatu dira eta aktibista anglofono eta kazetari ugari kartzelatu ditu Jaundeko Gobernuak. Erantzun gisa, iaz urte osoan zehar mobilizazio eta grebak antolatu zituzten independentistek, eta eskolak ia egunero itxita izan ziren.

Gatazkan Nigeriak ere esku hartu du, mugimendu independentistako hamar buru atxilotuz, tartean Sisiku Ayuk Tabe bera, Ambazoniako “presidentea”. Abokatuek legez kanpoko atxiloketak direla salatu dute.

Kamerun osoa bezala, Ambazonia kolonia britainiar eta frantsesen artean kokatutako Alemaniako kolonia izan zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Londresen esku geratu zen, 1960ra arte. Hamabost urteko gerraren ostean, Kamerunek 1960an lortu zuen independentzia. Mendebaldean oharkabean igarotako gerra izan zen, Frantziak eraso bortitzak egin arren, Aljeriako gatazkak estali zituelako.

Independentziarekin, lurralde anglofonoko iparraldeak Nigerian geratzea erabaki zuen. Ambazonia, berriz, Kamerungo parte izatera igaro zen 1961ean, erreferendum baten ondoren. Hainbat urtez estatu federal bat osatu zuten alde frankofonoak eta anglofonoak, baina, 1972an, deuseztatuta geratu zen eta Kamerun estatu bakar batu gisa eratu zen.

Ambazoniaren aldeko ekintzaileek estatu bat kudeatzeko baliabideak dituztela diote, eta petrolioa, landaketak, elektrizitatea sortzeko ahalmena eta Limbeko portua aipatzen dituzte horren froga gisa. Denbora luzean, gainera, protesta egin dute petrolioren irabazien banaketa desorekatua dela-eta. Petrolioa kudeatzen duen Sonara enpresa publikoak Limben du egoitza, baina inoiz ez du izan zuzendari anglofonorik. Eta bertako arduradun gehienak ere frankofonoak dira. Baso-ustiaketatik ateratako irabazien zati bat Limben geratzen da, baina petrolioren irabaziak Jaundera doaz zuzen-zuzenean.

«Bidegabekeria da nagusi. Asko galdu dugu orain atzera egiteko», salatu du Nickek. Denda baten jabe den Johnek ere ez du ikusten atzera egiteko aukerarik. «Bereizketa nahiago dut. Kexaka eta negarrez ari den haur bat jo egiten baduzu, are gehiago asaldatuko da. Bada, gure seme asko hil dituzte», esan du. Bere ustez, «anglofonoek ez dute ordezkapenik instituzioetan eta administrazioan. Ez dugu entzunak izateko eskubiderik».

Azpigarapenak eragindako arazoak Kamerungo beste lurraldeetan ere izaten dira, baina Ambazoniako kasua berezia da. «Errepideak txikituta daude. Aberatsek hegazkinak erabiltzen dituzte eta guk lokatzetan ibiltzeko ordaintzen ditugu zergak!», esan du Johnek. Bamendan errepideak zuloz beteta daude: Babadjou azken hiri frankofonotik Bamendara doan errepidea txikituta dago, konpontzeko lehen lanak duela gutxi hasi badira ere.

Samanthak ere ezin du bazterketa gehiago jasan. «Azterketa ofizialetan baztertuta gaude. Onartutako guztiak Jaoundetik datoz!», salatu du. Bere ustez herri bat banatzea ez da erraza, «aita batek ez diolako semeari erraz alde egiten uzten», baina itzulera-gabeko puntu batera iritsi dira, haserrea handiegia baita: «Etxetik alde egin behar dugu, agur esan gabe».