ENEEK

Uliako Lore Baratzak: parke bizi bat, auzolanean eta lurrari eutsiz

Donostiako Ulia auzoan, izen bereko mendiaren magalean, bada lur zati berezi bat. Auzokide eta donostiarrek lantzen duten gunea da, hamaika talderen bilgune den berdegunea, zementuaren erdian bizitza taupaka dagoen lekua.

Bertan, Uliako mintegien parkean, martxan da 2015etik Uliako Lore Baratzak ekimena. Baliabidez eta enkantuz betetako tokia da, altxor ezkutu ugari dauzkana. Datozen lerroetan, bertako kideon eskutik, azken bi urte eta erdian egindako lanaren xehetasun batzuk emango dizkizuegu. Noski, Uliako Lore Baratzetara bertaratzeko gonbita ere luzatzen dizuegu guztioi!

Baserritarrak bezala, hamaika lan eta arlotan aritzen gara Uliako Lore Baratzak egitasmoan. Lur bakar batean bizitza, proiektu eta ilusio ugari lantzen ditugu.

Auzokideek zaindutako parke publikoa

Donostiako Udalaren landare haztegi izateko eraiki zenetik XIX.mendean, Uliako mintegien parkeak beti uztartu ditu ekoizpena eta izaera irekia. Baina 2008an udal mintegiak tokiz aldatu ostean, geldirik, itxita eta ahazturik geratu zen. 2015ean udal lehiaketa bitartez auzotarrek gunearen kudeaketa lortu zutenetik, ordea, bizirik dago berriro.

Geroztik, egunero irekitzen dute parkea auzotarrek, eta euren esku dago 14.400 metro koadroko parkearen mantenua eta kudeaketa. Uliako Lore Baratzak ekimenaren baitan, pixkanaka herritarrak gurea ere baden espazio publikoaren arduraz jabetzen ari gara. Parkeak, plazak, kaleak, ez dira udal eta erakundeen kontua bakarrik. Guk ere, herritar bezala, horiek zaindu eta erabiltzeko eskubidea dugu. Auzolanean egiten dugu hori Ulian, astez aste gehitzen doazen lorezaintza eta baratzezaintza lanekin, hartzen ditugun erabakiekin eta antolatzen ditugun ekimenekin. Hilabetero, gainera, auzolan irekia egiten dugu, parkeko eremu bat bertaratutako jende guztiaren artean txukunduz.

Hiri nekazaritza eta lorezaintza lantzen

Maiz, nekazaritza urrun sumatzen dugu hirietako biztanleok. Plastikoz inguratutako elikagaiak argiz eta publizitatez beteriko supermerkatuetan erosten ditugu askok. Bada, hala ere, isileko iraultza bat, hamaika modutan lurrari gerturatzen gaituena. Kontsumo taldeen, nekazaritza elkarteen edo herri baratzen iraultza deitu geniezaioke. Noski, ekoizpen ekologikoa oinarri hartuta. Hor ere gure aletxoa jartzen gabiltza Uliako Lore Baratzetatik. Izan ere, eraldaketa horretan hiri-nekazaritzak funtsezko garrantzia duela sinetsita gaude. Egunero ikusten dugunez, parkean barazkiak haztea ekarpen handia da haur eta helduen pedagogiarako, baina baita praktikan oinarrituta elikagaiak nola ekoizten diren ulertzeko ere.

Astearte arratsaldero, ekimeneko baratze-taldea elkartzen da, ortuko lanak egin eta eskuak lurretan zikintzeko, eta, aldi berean, pertsona desberdinak ezagutzeko aprobetxatzeko. Baratzea elkarrekin landatzea zein lorezaintza aisialdian eta auzoarentzat egitea ariketa ederra da, ondorio terapeutikoak ere badituena! Baratze-taldean besoak zabalik eta zain topatuko ditu bisitariak!

Herri eragile eta taldeen topagune

Denon artean lantzen dugunaz gain, aitzitik, badugu baratze gehiago ere parkean! Hain zuzen, hogei bat baratze alor eta hiru negutegi ditugu. Horien zaintza, kudeaketa eta gozamena Donostiako hainbat eragileri eskaintzen dizkiegu. Baratzegintza eta lorezaintza taldean egiteak dakarren onuran guztiz sinesten dugu, eta, horregatik, Donostiako askotariko eragileei eskaintzen diegu Uliako instalaziotan ekintzak garatzeko aukera.

Kolektiboan eta elkarlanean, espazioak elkarbanatuz, eragile ugarik egiten dugu bat parkean. Besteak beste, Intxaurrondoko Gazteak, RAISeko etxegabeak, adimen urritasuna duten Goieneche Fundazioko kideak edota English Schooleko haurrak ibiltzen dira erabat onuragarri deritzogun lanotan. Baratzeez gain, gainera, beste hamaika ekimenen topagune ere izan dira negutegi eta zelaiak: film grabaketak, herri kurduaren Newroz jaialdia, modako argazki saioak, Donostiako gazteen topaketak, kontzertuak, Tabakelarako Hirikilabs Udalekuak...

Taupada eragile nekaezin

Donostiako elkarte eta herri mugimenduekin elkarlanean egiten direnez gain, beste hainbat ekimen ere hauspotu ditugu urteotan. Egutegian data finko bilakatu direnen artean daude udazken eta udaberriro egiten diren jaiak edota astero egiten den Hartz-Txiki haur eta familien arte –eta kultura– topagunea. Auzokideek konposta egiteko gunea ere herritar askoren ezinbesteko bilgune bilakatu da dagoeneko.

Esan gabe doa, gainera, auzokide, familia eta hamaika donostiarrek parkeari ematen dioten erabilera bultzatzen dugula, hori baita gunea publikoa, irekia eta bizitzaz betetakoa izatea posible egiten duena. Beraz, erabiltzaile eta proiektuko kideok hamaika kontutan aritzen gara. Horrez guztiaz gain, alabaina, parkea ideia, ekitaldi eta mota guztietako ekimenetarako irekita dago. Zu zeu ere gonbidatuta zaude!

Egitasmoa, arriskuan

Herritar ugariren bilgune izanagatik, Uliako Lore Baratzak arrisku bizian daude, Donostiako Udalak parkea ekoizpenerako erabiltzeari utzi zionetik, zementuz josteko asmoa baitauka. Hain zuzen, bertan etxebizitzak eraikitzea dago aurreikusita. Hasiera batean luxuzko etxeak eraikitzea zen asmoa, eta, egun, berriz, “sozialak” izango omen diren etxebizitzak dituzte ahotan, gazteei bideratutakoak. Milaka etxe huts dituen hirian (baita babes ofizialeko hainbat ere!), orube eraikigarriak izan badituen hirian, bizitzaz betetako gure espazio kutuna zaindu eta gorde nahi ez izatea ulertzeko zaila egiten zaigu. Horregatik, asmo gris horiei aurre egitea ere badu helburu Uliako Lore Baratzak ekimenak.

Bizitza eta lurra zainduz parkea loratzeaz gain, mehatxua ezagutarazten, sinergiak sortzen, sinadurak biltzen, mobilizazioa lantzen aritu gara urteotan, bai eta eraikuntza ahalbidetzen duen udal ebazpenaren aurkako borroka juridikoan ere. Hain zuzen, duela aste gutxi jakin dugu herritarrok epaitegietan egindako ahaleginaren ondorioz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak udal proiektua bertan behera utzi duela. Zalantzarik gabe, ia beti ihesean aritu behar den arrain txikiaren garaipen xume eta behin behinekoa, pozez eta arduraz jaso duguna. Hala, inoiz baino gehiago, lanean jarraitzeko garaia da, naturarekin harremana berreskuratzen, eta, garrantzitsuagoa dena, guztia elkarrekin, guztion artean, eginez.