2018/01/27

Pello Otxandiano
«Winter is coming!»

Jarraitu dezakegu PNV handi-handi irudikatzen, ulertu gabe Euskaraldia, Eusko Ikaskuntzaren kongresua, Gure Esku Dago zein beste edozein prozesu sozial garaian garaiko indar harremanen ondorio direla

Gaur Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen aldeko beste mobilizazio handi bat iragarri du ekainaren 10erako. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren hitzarmena osatu asmo dute, herri honek zergatik eta zertarako erabaki behar duen jasoko lukeena, eta ekainaren 10ean bertan aurkeztuko litzatekeena, oker ez banabil. Ez litzateke ideia txarra baldin eta PNVk autogobernu ponentzian egin asmo duen iruzurra zuritzeko operazio perfektua ez balitz. Inozo halakoak! Jende xaloa Gure Esku Dagoko hau, borondate onekoak gehienak –bakarren batzuez ez gehiegi fio!–, baina inozo hutsak. PNVrentzat muletilla aparta dira; autogobernu ponentzian PSEren eskutik erabakitzeko eskubideari uko egin ondoren kalean erabakitzeko eskubidearen alde eskutik helduta agertuz bere burua birlegitimatzeko aukera paregabea eskainiko diote.

Gabonetako atseden egunetan GARAk Iñaki Dorronsorori egindako elkarrizketa irakurri nuen. Euskal Herriaren berpizkundeaz mintzo zen, Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko kongresuak mugarri bat izan nahi duela zioen. Hitz politak. Itxuraz abertzale zintzoa ematen du Iñaki Dorronsoro honek. Baina batek daki, Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde bateko presidente izatera iritsi bada izango du ezkutuko alderen bat! Azken finean, zalantza gutxi dut nik behintzat, 100. urteurreneko kongresu hau ezin hobeto datorkio PNVri bere burua zuritzeko, edo modako hitzak erabiliz, hegemonia eskuratzeko. Herri honetako indar sozialak lokartzeko saio oparoen ondoren, udazkenean, baietz, zergatik ez, herri honek berpizkunde bat behar duela esango digu era hanpatsuan.

Euskaraldia ere bolo-bolo dabil azken asteetan. PNVk euskalgintzan inoiz izan ez duen hegemonia eskuratzeko helburu ezkutua duen ekimen erraldoia. Hau ere bai. Ez digute, ordea, guri ziririk sartuko, nahiz eta euskalgintzako gizarte erakunde guzti-guztiak eta milaka euskaltzale operazio honen subjektu legitimatzaile bihurtu dituzten. Ez, jende arrunta ez da konturatzen baina guk badakigu zer dagoen honen guztiaren atzean.

Izan ere, urte hau PNVren urtea izango da –hau ere bai!–. Eta hemen ez da erabakitzeko eskubiderik izango, ez eta herrigintza aro berri baten aldeko arnas berriturik, ezta euskalduntze fase berri baterako aktibazio sozialik ere. Winter is coming!

Jarraitu dezakegu PNV handi-handi irudikatzen, ulertu gabe Euskaraldia, Eusko Ikaskuntzaren kongresua, Gure Esku Dago zein beste edozein prozesu sozial garaian garaiko indar harremanen ondorio direla, interes eta faktore asko eta ezberdinen kristalizazioa direla, eta ez daudela aldez aurretik determinatuta. Baina egon ziur, horretan tematzea, nik hemen egin dudan eran, dela hain justu hegemoniari uko egiteko biderik zuzenena. Lidergo intelektual eta morala –horrela definitu zuen hegemonia Gramscik– ez da zure arerioaren ustezko estrategiak agerraraziz irabazten.

Bide batez, ez dirudi dekantazio independentistarako estrategia onena oinaztarren eta ganboatarren enegarren edizio korrejitu bat planteatzea denik, are gutxiago herri imajinario berri bat iradokitzen duten egitasmo sozialez ari garelarik.

PNVrekin obsesionatuta bizi gabe, eta modu erreaktiboan jardun gabe, ezker independentismoak hobe luke euskal jendarteari bere eskaintza politikoa argituko balio. Euskal jendartearen gehiengo zabalekin konektatuko duten diskurtso eta proposamenik gabe alperrik ditu desobedientziarako deiak. •