2018/02/03

Erreportajea
TET-EKO ERASOALDIA, 50 URTE AMESGAIZTOAREN HASIERATIK
AEBetako Armadak lehen aldiz jarri behar izan zuen defentsiban Vietnamen

Duela 50 urte Tet-eko erasoaldiak lehendabiziko aldiz jarri zuen defentsiban AEBetako Armada Vietnamen, telebista kameren aurrean estatubatuarren ahulezia erakutsiz. Ipar Vietnamek eta Viet Cong gerrillak galera handiak izan zituzten, baina garaipenerako lehen urratsa eman zuten. AEBetan, aldiz, gerraren aurkako mugimendua indartu zuen.

Pablo Ruiz de Aretxabaleta
0203_vietnam

Duela 50 urte, 1968ko urtarrilaren 30ean, Ipar Vietnamgo indar komunistek eta Viet Cong gerrillako kideek ezusteko erasoaldi orokorra hasi zuten herrialdearen hegoaldean. Galera izugarriak izan zituzten, baina gerraren norabidea behin betiko aldatzea lortu zuten. “Tet-eko erasoaldia” izenarekin bataiatu zuten ofentsiba, ilargi-urte berria (Tet) hurrengo egunean bertan hasten baitzen.

Gutxienez 58.000 hildako izan zituzten Ipar Vietnamgo borrokalariek, baina hasiera batean ehun herri baino gehiago bereganatzea lortu zuten. Erasoa dozenaka mila soldaduk baimena zuten egun batean egin izanak funtsezko abantaila taktikoa eman zien. Halaber, erasoak bestelako ondorio izugarri garrantzitsu bat izan zuen: AEBetako herritarren artean Vietnametik alde egitearen aldeko jarrera sustatu zuen. Ez da harritzekoa, Vietnamgo Gerra luzean hildako gehien 1968 hartan izan baitzituzten AEBek. Gerra psikologikoan ere garaipen handia izan zen: lehen aldiz AEBetako indarrak defentsiban jartzera behartuta izan ziren.

Ipar Vietnamgo indarrek, ordura arte, landa inguruetan soilik egiten zituzten ekintzak. Aldiz, Tet-eko erasoaldian lehen aldiz eraso orokor bat egin zuten, hiriak helburu hartuta. Nola lortu zuten borrokalariek etsaiaren marrak igarotzea? Askok zibilez jantzita, emakumez mozorrotuta edo Hego Vietnamgo Armadako uniformeak soinean. Armak elikagaiz betetako itsasontzi eta kamioietan ezkutatu zituzten. Mugimenduak antzemanagatik, borrokalari vietnamdarren gogoa eta ahalmena gutxietsi zituzten estatubatuarrek.

Emakumeak, funtsezkoak

Indar komunistek hegoaldean zabaldutako espioi-sarearen funtsezko laguntza ere bazuten, batez ere, emakumeek osatutakoa. Hue hiriko kale saltzaileek, esaterako, Hego Vietnamgo tropen informazioa ematen zieten. Horrela egin zuen Nguyen Thi Hoak. Bere lana lagun, Perfumeen Ibaia unitate sekretuan sartu zen, emakume nerabeek soilik osatutakoa. «Nire burua, nire aberria eta emakumeak askatu nahi nituen. Iraultzarekin bat egitea, beste biderik ez zegoen», gogoratu du Hoak.

Garaian 17 urte baino ez zituen Hoak. Familiarekin ere ez zuen hitz egiten zituen misioei buruz. Perfumeen Ibaiko emakumeak espioi, gidari, sukaldari, mezulari, erizainak ziren. Baina gerra Huera iritsi eta Ipar Vietnamgo indarrek hiriaren kontrola lortzen ez zutela ikustean, dena aldatu zen. Borrokara bidali zuten. Hoak harro hartu zituen granadak eta AK-47 fusila. «Emakumeen laguntzarik gabe, ez genukeen inolaz ere 26 egunez eustea lortuko», nabarmendu du Cao Huy Hung Hueko Iraultzaren Museoko zuzendariak. Izan ere, Vietnam erdialdeko Hue antzinako hiriburu inperialak pairatu zituen erasoaldiko borroka odoltsu eta luzeenak. Otsailaren 24ra arte luzatu ziren, eta hiria ia erabat suntsituta geratu zen.

Egungo Vietnam batuan, Tet-eko erasoaldia garaipen handi bezala ospatzen da. Errealitatean, baina, erasoaldia porrot militarra izan zen eta oraindik ere beste bost urte beharko zituzten indar komunistek gerra irabazteko. Urtarrilaren 31n, Ipar Vietnamgo indarrek ia etsaien posizio guztiei egin zieten eraso aldi berean. Herrialdeko 44 probintzia hiriburuetatik 33ri egin zieten eraso, baita beste 64 herriri ere. Borrokak Saigon erdiraino bertaraino eramatea lortu zuten. Han, herritarrak Tet-eko ospakizunetan murgilduta zirela, borrokalari komunistak petardo soinuen artean abiatu ziren ezarritako bilguneetara, bertan armak banatu eta komandoak antolatzeko.

Gauerdian komandoak objektiboetarantz abiatu ziren: irratia, polizia-etxeak, Independentziaren Jauregia... eta baita AEBetako enbaxada bera ere! Petardo soinuak arma soinu bilakatu ziren. Eta, lau egunez, Saigonek gerra ezagutu zuen lehen aldiz. Aurretik askok erasoaldiaren berri izan arren, inork ez zuen hitz egin. Baina, aldi berean, asko izan ziren ere komunistek espero zuten matxinada masiboan zuzenean parte ez hartzea nahiago izan zutenak.

Urtarrilean hasi ostean, Tet-eko erasoaldiak beste bi oldarraldi izan zituen maiatzean eta abuztuan. AEBetan kolpe handia izan zen telebistaz heriotza eta odola zuzenean ikustea. Garaipena urruntzen ari zen, eta, horrenbeste urteren ondoren, hildako soldaduak gero eta gehiago zirela ikusten zuten estatubatuarrek. Ondorioz, gerraren aurkako mobilizazioek gora egin zuten.

Ipar Vietnamgo Armadak eta Viet Cong gerrillak ere prezio altua ordaindu zuten erasoaldiagatik. Eta ez soilik 50.000 hildako baino gehiago izan zituztelako. Aurretik kontrolatzen zuten lurraldearen zati bat galdu zuten, eta hegoaldeko militante klandestinoak “erre” zituzten, nabarmenki ahulduz. Baina porrota garaipen bihurtuko zen luzera. Kostu handia ordainduta, hori bai. Izan ere, AEBetan egoera guztiz aldatuagatik, Washingtonek oraindik urteak beharko zituen negoziatzen hasteko.

Lur azpian jaio eta bizi bonba erauntsitik ihes egiteko

Ho Thi Giu 1968ko urtarrilaren 1ean jaio zen eta bere lehen hilabeteak tunel batean igaro zituen, etengabeko bonba erauntsi baten pean. Hilabete bat baino ez zuen komunistek, ezustean, AEBetako eta Hego Vietnamgo armaden aurkako Tet-eko erasoaldiari hasiera eman ziotenean. Quan Tri probintziako Vinh Moc herriko tuneletan jaio zen, Ipar eta Hego Vietnam banatzen zituen mugatik gertu. «Tunelean egindako zulo batean jaio nintzen», azaldu du Ho Thi Giuk gunea berriro bisitatzerakoan. Nagusiek jasaten zuten hotza eta hezetasuna sarri aipatu dizkiote gerora. «Amak kontatu zidan oso gogorra zela, dena falta zelako, janaria eta bestelako premiazko gauzak», adibidez, askotan urez betetzen ziren tuneletan ibiltzeko botak. Bonba erauntsia gelditzean, ama arrantza egitera irteten zen, familiari jateko zeozer eramateko. Ho Thi Giu jada bi urte beteta irten zen tuneletik.

1967ko apiriletik 1968ko abendura Vinh Moc herriko 250 biztanleek parte hartu zuten tunela eraikitzeko lanetan, askotariko tresnak erabiliz, baita eskuak ere. 600 pertsona bizi ziren bertan, lur azpian 20 metrora. Gauez soilik irteten ziren. 17 haur jaio ziren baldintza sinesgaitz horietan.