2018/02/03

Mikel Zubimendi
Argazkiaren eta erretratu margotuaren interesa

Politika botere goserik gabe ahula da oso. Eta boterea, etika politikorik gabe, itsu eta suntsitzailea. Printzipiorik gabeko animalia politikoa basapiztia den bezala, morala besterik ez duen politikaria iruzur hutsa da

Argazki batek piztu du nire interesa asteon: EH Bilduren eta Confebasken arteko bilerarena. Urteetan elkarren aurkako hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi izan ondoren, irribarretsu ikusi ditut. Poztu egin naiz. Hainbeste urte eta gero, horrenbeste min eta ezinekin, desadostasunak desadostasun, solasaldi zibilizatuak izateko komunikazio bidea izatea ez da gutxi. Argazkia ez dela goiz etorri uste dut, eta ez dadila beranduegi izan ere espero dut.

Kaskarrean ibili dut irudia, hausnarrean. Eta hausnarketa horietako batzuk papereratu nahi ditut. Begi ireki eta biluziak ikus dezakeen guztia erakusten du argazki batek. Erretratu margotu batek, ordea, ez du hori guztia erakusten. Baina, sikiera, erakusten du, edo hori egiten saiatzen da behinik behin, begi irekiak ikusi ezin dezakeen zerbait: erretratuan margotutako pertsonaren giza esentzia. Niretzat, politika on batek, argazkiak eta erretratu margotuak elkarrekin ahalik eta antz gehien izatea izan behar du helburu. Eta, hartara, ez ditu berdindu behar printzipio ideologikoak eta interes nazionala. Alegia, egiazkoa den errealitatearen gainetik ezin du jarri printzipio ideologiko propioetatik sortutako irudi sinplista aprioristikoa, ezin du esperientzia superstizioarekin ordezkatu. Hots, politika errealitatera egokitu behar da eta ez errealitatea berrinterpretatu politikara egokitu dadin. Horrela jokatzen du politikari egolatrak, pertzepzioaren eta errealitatearen arteko zuloa handituz, errealitate egoskor eta desatseginaren aurrean “zerbait egin behar da!” lelo, bere maisutasunaren irudia indartzen duelakoan.

Niretzat, politikaren gakoa botere terminoetan ulertutako interesa da. Ekintza politiko orok boterea erakutsi, irabazi, handitu… nahi du. Politika, horrela ulertuta, motibo eta lehentasun ideologikoen inguruko kezka gaindosiaren aurreko txertoa izan daiteke. Historiak erakusten digunez, motibo onak izateak, printzipio asko eta denak garbiak izateak ez duelako ziurtatzen politika ona egitea, ezta etikoki zuzen eta arrakastatsuak diren politikak aurrera eramatea ere. Interesa politikaren oinarria dela antzinako ideia da, denbora eta espazioa gainditzen ditu. Antigoaleko Grezian gobernu printzipioa zen, eta, egun, adibidez, herri serioen kanpo politikaren zutabe nagusia.

Ahaztu gehiegikeria sentimentalak. Ahaztu sortzetiko iragan batekiko nostalgia edo etorkizun perfektu baten irrika. Ahaztu botere politikorik gabeko mundu berri baten utopia. Ahaztu, bertutetsu eta boteretsu izanik ere, gure herria, mundua, gure begi ireki eta biluzien arabera gure irudira berregiteko nahia. Urre-koloreko aroak joan dira eta ez dago ahaleginik, denetan handiena izanda ere, ezta ekintzarik, denetan erradikalena ere, berriz bueltan ekarriko dituenik.

Politika botere goserik gabe ahula da oso. Eta boterea, etika politikorik gabe, itsu eta suntsitzailea. Printzipiorik gabeko animalia politikoa basapiztia den bezala, morala besterik ez duen politikaria iruzur hutsa da. Garbi-garbiak eta oso ideologizatuak diren printzipioak ezin dira formulazio abstraktuan praktikara eraman: denbora eta espazio zehatzen iragazkia pasa behar dute. Zuzentasuna eta arrakasta, EH Bildu eta Confebask, argazkia eta erretratu margotua, biek merezi dutelako gure (nazio) interesa. •