2018/02/03

Erreportajea
HEZEGUNEEN MUNDUKO EGUNA
Bustiguneak, landare eta hegaztientzako ezinbesteko arnasgune baino askoz gehiago

Ramsarko hitzarmena esaten zaio nazioarteko hezeguneak babesteko asmoz 1971ko otsailaren 2an Irango Ramsar hirian sinatutakoari. Horregatik izendatu zuten, hain juxtu, otsailaren 2a Hezeguneen Nazioarteko Eguna. Mundu mailan ospatzen den eguna Euskal Herriko hainbat tokitan ere hartuko dute aintzat, Urdaibai Bird Centerren kasu. Hezeguneen balioa eta garrantzia aldarrikatzeko baliatuko dute biharko eguna.

Amagoia Mujika Telleria
0203_urdaibaibird

Urdaibai Bird Center hezegune baten inguruko naturaren museo bizia da eta bihar, hilaren 4an, bere ateak zabalduko ditu hezeguneen edertasuna, balioa eta horiek babesteko beharra nabarmentzeko nazioarteko egun horren harira.

Edorta Unamuno biologoak Urdaibai Bird Centerren lan egiten du eta Aranzadiren Eraztuntze Bulegoko eraztuntzaile aditua da. «Ramsar gune bat da Urdaibai, hezegune bat. Otsailaren 2aren bueltan, mundu mailan toki ugaritan hezeguneen garrantzia eta balioa aldarrikatzeko ekintzak antolatzen dira, baita Urdaibain bertan ere».

Baina, zer da hezegune bat? «Hitzak esaten duen bezala, ura dagoen tokia da hezegunea. Erreka inguruak, kostalde inguruko urmaelak, padurak, putzuak... era batean edo bestean ura daukan gune heze bat –ur gozoa edo gazia izan daiteke–. Euskal Herrian ditugun sonatuenen artean dago Urdaibai; itsasadar handi bat, hezegune itzel bat. Txingudiko badia ere aipa daiteke. Barrualdean ere badaude, oso garrantzitsuak gainera. Gasteiz alboan, hiritik oso gertu, Salburua dago adibidez. Nafarroan, Pitillasen badago hezegune eder bat. Horiek dira, akaso, ezagunenak, baina Euskal Herrian barna badaude hezegune txikiagoak, putzuak... guztiak oso garrantzitsuak».

Hezeguneak toki erakargarriak dira hegaztientzat eta, ondorioz, haiek behatzeko aparteko erakusleihoak. «Hezeguneetan era guztietako jatekoa topatu dezakete hegaztiek; arraina batzuetan, era guztietako ornogabeak besteetan, algak... elikagai iturri itzela dira hezeguneak. Horrez gain, babesgune ederrak dira. Finean, urez inguratutako lekuak dira eta hegaztiek sarritan lasaitasuna topatzen dute hezeguneetan, arriskutik kanpo egotea. Jatekoa eta atsedena bilatzen dute, beraz, hezeguneetan», segitu du bere azalpena biologoak.

Hartara, migrazio garaian hezeguneak oso toki garrantzitsuak dira hegaztientzat. «Guk errepidez bidaia luze bat egin behar dugunean, beharrezkoa dugu bidean geratu, zeozer jan eta pixka batean atseden hartzea. Horretarako ditugu errepide bazterreko atseden guneak. Hezeguneak horixe bera dira hegaztientzat, egiten dituzte bidaia izugarri luze horietan, elikatu eta atseden hartzeko tokiak. Oso-oso garrantzitsuak dira».

Garrantzitsuak dira, beraz. Baina, ematen al zaie dagokien garrantzia eta balioa? «Arazoa da hezeguneak baliorik gabeko toki bezala hartuak izan direla urte askoan, nahiz eta diru iturri ere izan badiren; arrantzarako gune primerakoak dira, adibidez. Baina urte askotan hezeguneak nekazaritza landu ezin zen tokiak bezala hartuak izan dira eta denbora luzean joera nagusia honakoa izan da: hezeguneak lehortu eta lur horiek nekazaritzarako berreskuratu. Adibidez, Gasteizko Salburukoa adibide garbia da. Urte luzeetan bertako ura drainatu egin izan da, lurra lehor mantendu eta bertan laboreak landu ahal izateko. Hori hartzen zen aberastasun bezala, ez hezeguneak berak ematen zuena. Toki askotan hezeguneak guztiz desagertzen joan dira», azaldu du biologoak.

Eta orain kontrako bidea egiten saiatzen ari dira. «Hezeguneek onura asko ematen dituzte, eta ez bakarrik hegazti eta landareentzat, baita gizakientzat ere. Munduko Hezeguneen Eguneko aurtengo leloa honako hau da: ‘Hiri etorkizun jasangarriaren aldeko hezeguneak’. Eta argi dago hezeguneek onura dakartela hirietan ere. Esaterako, frogatuta dago hezeguneek uholdeak eusten laguntzen dutela, bertan ura hedatu egiten delako. Bestetik, hezegune batzuk ur gezaren iturri garrantzitsu dira. Uraren kalitatea hobetzen ere laguntzen dute; landaredia zabala izaten da bertan eta guk sortzen dugun zaborra filtratzen laguntzen dute. Aisialdirako aparteko tokia direla ere nabarmendu behar dugu. Hezeguneetara gerturatu eta bertan pilatzen den aberastasuna behatzea gozamen hutsa da. Eta batzuentzat –guretzat kasu– ogibidea ere badira. Onurak asko eta askotarikoak dira eta horiek aldarrikatu egin behar ditugu», bukatu du Edorta Unamunok.

Ateak irekita hamaiketatik bostetara

Urdaibai Bird Centerrek, Hezeguneen Munduko Egunaren harira, ateak zabalduko ditu bihar, igandez, goizeko hamaiketatik arratsaldeko bostak bitartean. Bisita autogidatuak, bertako proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera, hegaztien eraztunketa zientifikoa zuzenean ikusteko gonbita... askotarikoa izango da aukera.

Aparteko sasoia da Urdaibaiko natura museo horretara gerturatzeko, Gautegiz Arteagako hezegunean Europako hegaztien negu-pasa bere momentu gorenean baitago. Udazken bukaeran Europa iparraldeko hotzetik ihesi etorri ziren eta oraindik ere hezegunean jarraitzen duten espezie asko behatu daitezke egunotan. «Eskandinaviako penintsulatik etorritako ahate txistulariak, Wadden itsasotik etorritako mokozabalak, limikoloak iparralde urrunetik eta, zorte on apur batekin, behatzen horren zaila den zezen-txoria. Horrez gain, azken asteotan elano urdina behatzen ari gara hezegune inguruetan. Espezie hori eskualde semidesertikoetan bizi da, horregatik Urdaibai bezalako hezeguneetan behatzea ez da horren erraza», nabarmendu dute.