Amagoia Mujika Telleria
MINA NEURTU, SAMURTZEKO

Erizaintza teknikek sortzen duten mina neurtu dute, hori arintzeko modua izateko

Bosgarren bizi-konstantea da mina; gorputzeko tenperatura, pultsua, odol-presioa eta arnas maiztasunarekin batera. Hartara, osasun miaketa batean neurtu beharrekoa da. Neurtzen oso zaila da, ordea. EHUko ikertalde bat erizaintzako teknikek sortzen duten mina neurtzen saiatu da, hori arintzeko bideak zabaltzeko.

Zer da mingarriagoa, zain batean kateter bat jartzea ala arteria batetik odola ateratzea? Eta zeinentzat da mingarriagoa bata edota bestea?

Mina bosgarren bizi-konstantetzat hartzen da, gorputzeko tenperaturarekin, pultsuarekin, odol-presioarekin eta arnas maiztasunarekin batera. Hartara, lehenengo osasun miaketa batean neurtu beharreko bizi-konstantea da. Mina, baina, faktore subjektiboa da, eta, ondorioz, neurtzen zaila. Zaila izanagatik, mina neurtzea garrantzitsu jotzen dute osasun langileek eta kezka horretatik sortu zen 2015ean Diasure lantaldea.

«Erizain talde bat gara eta ikertalde bat sortu dugu EHUn, Galdakao-Usansoloko eta Basurtuko ospitaleetan. Konturatuta geunden erizaintzako hainbat teknikatan ezinbestekoa dela mina egitea prozedura hori aurrera eraman ahal izateko. Hartara, teknika horietan gaixoek nabaritzen duten mina neurtu nahi izan dugu, min hori arintzeko bideak aztertzeko», hasi du azalpena Gorka Vallejok. Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernandezekin batera, aipatu ikertaldea gidatzen du Vallejok. Proiektu pilotu bat da eta Osakidetzako beste dozena bat erizainek osatzen dute ikertaldea.

Beren ikerketan minaren pertzepzioa aztertu nahi izan dute, interbentzio sanitario batean erabakiak hartzen laguntzeko eta larrialdi zerbitzuetako erizaintzako teknika nagusien ondorio mingarriak arintzeko.

Mina ezagutu, mina gutxitzeko

Min iatrogenikoa esaten zaio ohiko prozedura medikuek eragiten dutenari, osasun langileen jardunetik sortzen denari alegia. Diasure taldeko ikerlarien ustez, apenas egin diren ikerketa zehatzak min iatrogenikoari buruz. «Maiz, min hori gutxietsi egiten da eta ez zaio garrantzirik ematen. Eta, ondorioz, ez da ezer egiten min hori gutxitzeko edo prebenitzeko».

EHUko ikertaldearen helburua, hain justu, hori da: erizainen jardunak sortzen duen mina neurtu, min horretan eragiten duten faktoreak identifikatu eta min hori samurtzeko bideak zabaldu.

Mina neurtzeko Numeric Pain Rating Scale izeneko eskala erabiltzen da, zerotik hamarrerako eskala. Zero minik eza da eta, hamar, imajina daitekeen minik handiena. Erabakita dago hirutik gorako mina ez litzatekeela onartu behar.

Mina, esan bezala, subjektiboa da. Pertsona bakoitzak modu jakinean bizi du eta neurri propioan. Badira, baina, minaren pertzepzioaren inguruan nahiko zabalduta dauden usteak. «Tradizionalki zabaldu izan da gizonezkoek, pertsona nagusiek, beltzek edota herri txikietatik datozenek mina modu samurragoan daramatela. Uste horiek noraino diren uste eta noraino egia jakiteko modu onena pazienteei galdetzea da eta hori da gure ikerketan egin duguna. Mina pertzepzio pertsonal subjektiboa da eta paziente bakoitzak dituen sentsazio horiek izan behar dute erabaki terapeutikoak hartzeko oinarria», azaldu dute ikerlariek beren lanean.

Ikerketa 2017. urteko lehenengo sei hilabetetan egin zen Galdakao-Usansoloko Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan. Zerbitzu horietako bakoitzak 300.000 biztanle baino gehiagori ematen die osasun-arreta. Ikerketa 18 eta 85 urte bitarteko 820 pazienterekin egin da, %51,8 gizonezkoak eta %48,2, emakumezkoak.

«Zain barneko kateter bat ipintzean edo ziztada arterial bat ematean gaixoek izaten duten mina neurtu dugu batetik, eta, bestetik, min horretan bestelako faktore batzuek eraginik ote duten ikertu dugu; adinak, generoak, min basalak eta herriaren jatorriak min horretan eraginik ote duten ikusteko».

Min basala pazienteak daukan mina da, medikuak edo erizainak erabiltzen dituzten teknikekin zerikusirik ez duena; pazienteak berez daukan mina da eta ospitalera joan izanaren arrazoi nagusia da sarri. «Ikusi izan dugu min basalak ere eragina duela erizainen teknikek eragindako minean. Adibidez, zain barneko kateterra ipintzean, min horren puntuazioak gora egiten du min basala handiagoa denean».

Herriaren jatorriari dagokionez, bi ataletan banatu dituzte ikerketan parte hartu duten pazienteak: 25.000 biztanle edo gehiago dituzten herri handiak eta 25.000 biztanletik beherakoak. Osasun-teknika horiek egiten dituzten erizainen esperientzia ere garrantzitsua izaten denez, bost urtetik gorako eskarmentu profesionala duten erizainek parte hartu dute ikerketan.

Ondorioak

Vallejoren hitzetan, «ikusi dugu mina guztiz subjektiboa dela eta prozedura berak eragin desberdina daukala paziente bakoitzarengan. Eta horretan datza, hain justu, ikerketaren zailtasuna, mina oso subjektiboa delako eta neurtzen oso zaila, nahiz eta mina neurtzeko tresna oso zehatzak erabili».

Ikerketan ondorioztatu dutenez, «minak erlazio zuzena dauka teknikaren zailtasunarekin. Hau da, erizainek prozedura egiten zutenean, bai ziztada arteriala edo zain barneko kateterra ipintzean, hiru zailtasun maila zehaztu zituzten: erraza, moderatua edo zaila. Gure emaitzetan ikusi dugunez, zailtasun hori moderatua edo zaila denean, gaixoek min gehiago nabaritzen dute. Zain barneko ziztaden kasuan, min basalak eragin zuzena du minaren pertzepzioarekin. Eta ziztada arterialari dagokionez, arteria humeralean arteria erradialean baino mingarriagoa izaten da».

Zabalduta dauden uste batzuen kontra, ikerketak garbi utzi du ez dutela inolako eraginik adinak, orratzaren kalibreak, herriaren jatorriak eta generoak.

Osasun arloko langileek minez inguratuta lan egiten dute. «Ezinbestekoa edota beharrezkoa den teknika bat egin behar dugunean eta gaixoak mina daukala ikusten dugunean, ez gaude eroso lan egiteko orduan, baina jakin badakigu beharrezkoa dela teknika hori erabiltzea. Horregatik saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten gaixoak ahalik eta min gutxien izateko. Baina jakin badakigu teknika batzuek, teknologiak aldatzen ez baldin badira, etorkizun txarra dutela. Azken finean, odola ateratzeko beharrezkoa da orratz bat eta ziztada bat egitea».

Badago, beraz, kezka eta hobetzeko gogoa osasun prozedurek pazientearengan eragiten duten minaren inguruan. «Azken batean helburua teknikak hobetzea da, teknologiarekin aurreratzea eta orain mingarriak diren teknika horiek aurrerantzean hain mingarriak ez izatea», nabarmendu du Vallejok.

Ikertzailearen ustez, etorkizunean mina samurtzeko neurriak gero eta ohikoagoak izango dira; «ekografo eta ultrasoinuen erabilpena zaina edo arteriaren kokapen zehatza zein den jakiteko –ziztada arrakastatsuagoa izaten da–; odol lagin kantitate gutxiago behar izatea emaitza fidagarriak lortzeko; anestesikoen erabilpena; krioterapia edo krioanalgesia erabiltzea [hotza/izotza] ziztada eman aurretik... eta asmatzear dauden etorkizuneko aurrerapenak», bukatu du.