Isidro Esnaola

Nola geldiarazi Txinaren «botere zorrotza»?

Aste honetan Britainia Handiko lehen ministroak, Teresa May-k, Txinara hiru eguneko bidaia egin du. Uharteetako 50 enpresa handiren ordezkariekin batera joan da Asiara. Horrelako ordezkaritzak agerian uzten du bisitak duen garrantzi ekonomikoa. Gainera, lehenengo adostasunak gai ekonomikoen inguruan lortu dira: Pekinek bere merkatua irekiko die Britainia Handiko zenbait produkturi eta Londresek «Zetaren bide» berria babestuko du. Bidaiak eta gaiek erakusten dute Brexitaren ondorengo agertokirako prestatzen ari dela Britainia Handia.

Hala ere, bien arteko harremanak ez dira bidaiak erakutsi bezain onak. Mundu anglosaxoian Txinaren indartzeari arduraz begiratzen zaio. Gero eta ozenagoak dira balizko arriskuez ohartarazten duten ahotsak. Gainera, Sobietar Batasunaz ez bezala, Txina munduko ekonomiaren parte garrantzitsu bat dela nabarmentzen dute.

Ahots horietako bat “The Economist” itzal handiko aldizkaria da. Abenduko ale batean, Txinaren «botere zorrotzaren» aurrean zer egin behar zen iradokitzen zuen artikulu bat plazaratu zuen. Botere zorrotzaren kontzeptua Ameriketako Estatu Batuetako think tank batek asmatu zuen. Bere esangura «botere leuna» kontzeptuarekin kontrajartzen da. Azken honen esanahia kultura eta balioen erakargarritasuna herri edo estatu baten posizioa indartzeko baliatzea da; lehenengoa, aldiz, erregimen autoritarioek atzerriko iritzi publikoa hersteko eta manipulatzeko politika moduan definitu dute. Britainia Handiko aldizkariak Txinaren esku-sartze hori frogatzeko hainbat gertakari aipatzen ditu; esate baterako, Australian senatari baten botoa erosi izana. Beste estatu batzuetan, hala nola, Britainia Handian, Kanadan edo Zeelanda Berrian, Txinarekiko beldurra handitzen ari dela aditzera ematen du. Horren aurrean batera aritzeko deia zabaltzen du artikuluak. Txinaren aurkako histerian erori gabe egitea ere aholkatzen du aldizkariak. Horretarako, hiru bitarteko aipatzen ditu: kontrainteligentzia, legea eta komunikabide independenteak; eta estrategia bat: Mendebaldeko balioak erabiltzea Txinaren alde ilunak bistan uzteko.

Mobilizatzeko deia nondik datorren eta nori zuzenduta dagoen ikusita, mundu anglosaxoian besteengandik aldentzeko mugimendu indartsu bat dagoela ondoriozta daiteke. Era berean, mundu mailako bloke bat osatu nahi dutela dirudi, munduko konfigurazio berriari aurrea hartuz. Hauspoa Txinaren indartzeak eman dio. Plaka tektonikoen mugimendua bezala, higadura ez da antzematen ondorioak begi-bistakoak diren arte; aldaketak dagoeneko gure aurrean ditugu. Zentzu horretan, beharbada Brexita ez da kasualitatea izan.

Ikuspuntu horretatik Donald Trumpek erabili duen leloak, America first, beste esangura bat hartzen du. AEBek munduko sistema kontrolatzeko aukera baztertu dute, baina horrek ez du esan nahi mundutik isolatuko direnik, bere baitan itxiko direnik. Nolabait esateko, AEBek beste «defentsa lerro» bat eraiki nahi dutela ematen du. Eta lerro hori estatu anglosaxoiekin osatuko dutela: Britainia Handia, Australia eta Zeelanda Berriarekin. Beharbada, etorkizunean beste estatu batzuk gehituko dira. AEBen lidergoa esparru txikiago batean zabalduko da, baina era berean, homogeneoagoa, trinkoagoa eta zuzentzeko errazagoa. Txinaren indartzea nazioarteko konfigurazio berria bultzatzen ari da. •