2018/02/10

Kronika
 
BERTSOLARITZAK «COWBOY» TXAPELA JANTZI DU NEVADAN

Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariak eta Jone Miren Hernandez EHUko irakaslea Elkon (Nevada, AEB) izan dira urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra bitartean, National Cowboy Poetry Gathering kultur topaketaren baitan bertsolaritzaren eta generoaren inguruan hizlari. Topaketak euskal kulturari toki berezia egin dio aurtengoan, eta, besteak beste, bertsolaritzan zein Amerikako olerkigintzan emakumeek izan duten posizio eta eginkizunez mintzatu dira.

Maddi Txintxurreta Agirregabiria
0210_bertso4

Antzina Nevadara bizitzera joandako euskaldunen oinordekoek aiton-amonen –edo birraiton-birramonen– kultura iraunarazi dute gaur arte. Horren adibide dira Ardi Baltza edo Elko Ariñak euskal dantza taldeak

«Basques and Buckaroos: Herding Cultures of Basin, Range and Beyond» (Euskaldunak eta buckaroo-ak: Basin, Range eta Haragoko artzaintza kulturak) izena hartu du aurtengo ekitaldiak. Euskaldunak gonbidatu bereziak izan dira

«Elkon, lehenengo sektorea oso garrantzitsua da. Nekazaritza eta abeltzaintza alde batetik, eta meatzaritza bestetik. Horrek bizirik mantentzen du tokiko ‘cowboy’ kultura»

Jaialdia «arras nekagarria» izan dela aipatu dute antolatzaileek, baina «bizipen ederra». Bertsolariek hamasei saio egin zituzten sei egunetan; eta, jaialdian, orotara, 36 ekitaldi izan dira

Jone Miren Hernandez: «Estrategia ezberdinak erabiliz, emakumeak euren presentzia areagotuz joan dira bertsolaritzan. Horrek gogoeta kritikoa ekarri du, genero sistemak eremu hori ere hartuta zuen seinale»

«Cowboy» hitzak iradoki dezake emakumeak jokoz kanpo daudela «Far West»-eko kulturan. Kontrara, aurtengo jaialdiak erakutsi du aspaldi daudela oholtza gainean emakume artistak. Elkon asko entzuten da «cowgirl» hitza

Maialen Lujanbiok Elkon (Nevada, AEB) bertsotan kantatu du estatubatuarrak eta euskaldunak historiak eta itsasoak batzen gaituztela; ardiak, basoak, dantzak eta «zuen» arbasoek, hala euskarak eta bertsoak. Behinola, euskaldun-saldo batzuek Atlantikoaz haraindi bidaiatu zuten, igitaia besapean, diasporan lur desberdinak lantzeko, sorterrian egiten zuten modu bertsuan. Cowboy txapela jantzi zuten askok eta zapata puntadunak ezproietan sartu. Zaldiak bridak esku bakarrarekin helduz gidatzen ikasi zuten, eta artaldeak hara-hona mugitzen. Ziur bertso batzuk kantatu direla Nevadatik Euskal Herrira so; baina, oraingoan, bertso horien oihartzuna eraman dute Lujanbiok, Artetxek eta Iguaranek Ameriketako Estatu Batuetaraino bueltan.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra National Cowboy Poetry Gathering (Cowboy Poesia Bilkura Nazionala) ekitaldi kulturala ospatu da 34. aldiz Nevadako Elko hirian, The Western Folklife Centerren eskutik.

Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko nekazariak euren sorkuntza artistikoak partekatzeko topagune bezala sortu zen hasiera batean National Cowboy Poetry Gathering, Elko Cowboy Poetry izenarekin. Geroztik, ordura arte ikusezin zegoen komunitate artistiko bat loratu eta garatu zen Ameriketako Estatu Batuetako Far West mitikoan, zeinak askotariko arte adierazpenak barnebiltzen dituen: ipuin kontalariak, poetak, musikariak eta artisauak, besteak beste. Gaur egun, erreferentziazko ekitaldia da cowboy literaturaren arloan, eta herrialde osoan dauka oihartzuna.

“Basques and Buckaroos: Herding Cultures of Basin, Range and Beyond” (Euskaldunak eta buckaroo-ak: Basin, Range eta Haragoko artzaintza kulturak) izena hartu du aurtengo ekitaldiak. Euskaldunak gonbidatu bereziak izan dira, eta euskal kulturarekin lotutako hitzaldi, musika eta sukaldaritzak lekua hartu du Elkon astebetez. Alabaina, bertsolaritzak izan du tarte garrantzitsuena Poetry Gathering bilkuraren baitan. Renoko Euskal Ikerguneak eta Euskal Liburutegiak eraman dute bertsolaritza Elkora, Mintzola Ahozko Lantegiaren laguntzarekin eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.

Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariek; Jone Miren Hernandez eta Joseba Zulaika bertsolaritzan adituek, eta Carolyn Dufurrena eta Amy Hale Auker olerkari amerikarrek “The Role of Women in Basque and American Oral Poetry” (Emakumeen eginkizuna ahozko poesia euskaldun eta amerikarrean) jardunaldian hitza hartu dute.

Poetry Gathering bilkuran bizitakoak

«Elkon, lehenengo sektorea oso garrantzitsua da. Nekazaritza eta abeltzaintza alde batetik, eta meatzaritza bestetik. Horrek bizirik mantentzen du tokiko cowboy kultura. Saio eta eskoletan, adibidez, cowboy kapela eta bota pila bat ikusten dira, baina ez da folklorikoa, kulturak bizirik dirau», azaldu du Xabier Irujo (Caracas, Venezuela, 1967) Renoko Euskal Ikerguneko zuzendariak.

Cowboy kapela artean topo egin dute Elkon euskaldunek, amerikarrek eta euskaldun-amerikarrek, eta kultura konpartitu zein desberdin bat deskubritu eta errotu. «Elkon euskal gizartea oso bizirik dago, eta izugarri garrantzitsua da herriaren eta Nevadako historian. Badakite euskaldunei buruz», esan du Irujok. Antzina Nevadara bizitzera joandako euskaldunen oinordekoek aiton-amonen –edo, zenbait kasutan birraiton-birramonen– kultura iraunarazi dute gaur arte. Horren adierazpide dira, kasurako, herriko Ardi Baltza edo Elko Ariñak euskal dantza taldeak.

“Emakumeen eginkizuna ahozko poesia euskaldun eta amerikarrean” jardunaldiak Elkora eramatearen arduradunetako bat izan da Xabier Irujo. Jaialdia «arras nekagarria» izan dela aipatu du, baina «bizipen ederra». Bertsolariek hamasei saio egin zituzten sei egunetan; eta, jaialdian, orotara, 36 ekitaldi izan dira. «Denetarik egon da: dantzak, kontzertuak, bertsoak. Bertsolariek hamabi saio egin dituzte Elkoko lau eskolatan, bakoitzean hiru; eta, gero, lau saio nagusi herriko areto desberdinetan», esan du Renoko Euskal Ikerguneko zuzendariak.

Aipatu lau saioetatik batek, “Bizkaia, Boise and Beyond” (Bizkaia, Boise eta haratago) izenekoak, 900 ikusle hartu zituen otsailaren 1ean Elkoko auditoriumean. Bertso saioa eskaini zuten Artetxek, Iguaranek eta Lujanbiok Nevadan bizi diren Jesus Goñi eta Martin Goikoetxearekin batera. Entzuleek zuzeneko itzulpena jaso ahal izan zuten bertsolarien atzean kokatutako pantaila batean. Xabier Irujok adierazi du bertsolaritzak itzulpenarekin «galdu» egiten duela, baina, hala ere, saioa «izugarri arrakastatsua» izan zela. Bertsoen ondotik taularatu ziren gehienak euskaldun-amerikarrak izan ziren, eta euskal dantza eta trikiti soinuekin bete zuten aretoa. «Oso bizia eta koloretsua izan zen. Inprobisazioak publikoa izugarri erakarri zuen», esan du Irujok.

Konferentzien helburua bertsolaritzaren eta Amerikako olerkigintzaren baitan emakumeen borroka aztertu eta alderatzea izan da. Bi orduko saioak aurreikusi zituzten hasieran, baina hain interesgarriak izan dira, ezen hiru ordu edo gehiago luzatu baitira. «Saio-osteko debateak oso interesgarriak izan dira, publikoak izugarrizko jakin-mina erakutsi du», azaldu du Irujok.

National Cowboy Poetry Gathering topaketan arrakasta handia izan dute proiektatutako hiru pelikulek ere: “Bertsolari”, “Amerikanuak” eta “Zuretzako”. Hiru aldiz eman dute bakoitza, eta hiruretan aretoak bete dira.

Bertsolariak eta olerkari amerikarrak

Bertso saioak egiteaz gain, bertsolaritza arlo akademikotik ere jorratu dute gonbidatutako hiru bertsolariek eta Joseba Zulaika eta Jone Miren Hernandezek. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Antropologiako irakaslea da Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, 1970), eta bertsolaritza eta generoarekin inguruan argitalpen ugari egin ditu.

Ahotsak bertsolaritzan duen eraginari buruz ere hitz egin du Elkon Herndandezek: “Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean” hitzaldia elkarbanatu du Poetry Gathering bilkurara hurbildutakoekin.

Berbaldian aipatu du, besteak beste, bertsolariaren eta publikoaren arteko lokarri nagusia den ahotsa, nagusiki maskulinitateari «erabat lotuta» egon ohi zela eta dela, harik eta 80ko hamarraldian emakume bertsolariak agertokira igotzen hasi ziren arte: geroztik, Hernandezek dio hainbat haustura gertatu direla eratutako soinu-bidean: «Estrategia ezberdinak erabiliz, emakumeak euren presentzia areagotuz joan dira. Parte hartze horrek gogoeta kritikoa ekarri du, genero sistemak bertsolaritzaren eremua ere hartuta zuen seinale».

Jone Miren Hernandezez gain, Joseba Zulaika Renoko Euskal Ikerguneko irakasleak eta Artetxek, Iguaranek eta Lujanbiok bertsolaritzari eta emakume bertsolariei begira hitza hartu dute, bertsolaritzari buruzko teoria feministari begira. Bestalde, Carolyn Dufurrenak eta Amy Hale Auker poeta euskaldun-amerikarrek Far West-ean bizi eta idazle diren emakumeen ikuspuntua eman dute.

Hizlariok “Emakumeen eginkizuna ahozko poesia euskaldun eta amerikarrean” jardunaldia osatu dute, eta bertsolaritzan eta Far West-eko olerkigintzan emakumeen posizioa alderatu. Jone Miren Hernandezen ustez, emakumezko bertsolari eta olerkariek komunean daukatena ez da hainbeste arte diziplinen nolakotasuna, baizik «genero sistemak» erasan duten modua: «Beraiek lurrari lotutako kultura daukate, eta arrantxoko bizi-estiloari buruz hitz egiten dute: bakardadea, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak... Ama direnei zaintza lanak ere gehitzen zaizkie horri guztiari. Lanok ez zaizkie aitortzen, eta beraiek aipatu dute euren figura oso lotuta dagoela senarrari. Egoera berean hemengo emakume baserritar bat irudika dezakegu».

Cowboy hitzak iradoki dezake emakumeak jokoz kanpo daudela Far West-eko kulturan. Kontrara, aurtengo Poetry Gathering bilkurak erakutsi du aspaldi daudela oholtzan emakume artistak; eta, eurek ere, gizonen legez, idazten eta kantatzen dutela behi zaintzari eta zaldiei buruz. Hernandezek esan du emakume askok bere egiten dutela cowboy hitza, baina Elkon askotan entzun dutela cowgirl adiera.

Giro euskalduna kalean

National Cowboy Poetry Gathering topaketak iraun duen egunetan Elkoko kaleak euskal giroz jantzi dira. «Giro harrigarria sortu da; musikarekin, bertsoekin eta dantzekin. Jende euskaldun asko topatu dugu, eta oso ondo hartu gaituzte denek, euskaldunek zein amerikarrek», esan du Hernandezek.

Hernandezek eta Irujok jardunaldien balorazio positiboa egin dute. Herria «bete-bete» egon dela esan dute, bai Nevadatik eta baita kanpotik –Texas eta Kansasetik kasu– hurbildu da jendea. Dena «primeran» atera dela dio Irujok, eta kontatu du ekitaldiko egitarautik kanpo «bertso-afari inprobisatuak» sortu direla herriko ostatuetan.

Poetry Gathering topaketan hitz egindako edukia udazken aldera argitaratzea espero duten liburu batean jaso asmo dute hurrengo hilabeteetan. Xabier Irujok iragarri du «oso sakona eta mamitsua» izango dela, eta «mezu garrantzitsua» jasoko duela.