2018/02/10

Iñaki Soto
Burokrazia, bizi-ereduak eta «leninismo libertarioa»

Autonomia bi norabideetakoa da edo ez da ezer. Ezin dut erabakiak hartzeko autonomia eskatu eta nire erabakiak besteentzat lotesleak direla pentsatu. Hori, ziur asko, nagusikeria da

Gaur Sortu alderdiak “Herrigintza” dinamika abiatuko du bere militanteentzako jardunaldi batekin. Raul Zelik da gaurko gonbidatua, “La izquierda abertzale acertó” liburuaren harira. Liburu probokatzailea da, benetan emankorra, probokazio horrek gogoeta kritikoa eragiteko gaitasuna duen heinean.

Besteak beste, ezkerreko ikuspuntu batetik mugimendu horren kultura politikoa iraultzeko beharraren ondorio gisa uler daiteke dinamika hau. Iraultzaileak izateko norberak iraultzaile jokatu behar du, ez soilik parametro indibidualetan, baita komunitarioetan ere.

Egunkari bateko zuzendari bati dagokion agnostizismo politikoaren ondorioz, ez naiz ez alderdi honen ez bestelakoen kide. Jakina, beraiek erabaki behar dute, autonomia osoz, nola ekingo dioten iraultza horri. Adi, ordea: autonomia bi norabideetakoa da edo ez da ezer. Ezin dut erabakiak hartzeko autonomia eskatu eta nire erabakiak besteentzat lotesleak direla pentsatu. Hori, ziur asko, nagusikeria da.

Testuinguru honetan, lagun alemaniarraren liburuari beste buelta bat eman ondoren, ezkerraren iraganeko ajeei eta etorkizuneko joerei buruz zenbait gogoeta berri piztu zaizkit. Liburuan ez dira bere horretan azaltzen, iradokizunak besterik ez dira, baina pertinenteak direla uste dut.

Lehendabiziko gogoetak burokraziarekin du zerikusia. Burokrazia ortzimuga askatzaileen limitatzaile izugarria iruditzen zait. Sistema guztiek dute burokraziarako joera, jakina. Besteak beste, ezagutu dugun sistema sozialisten dekadentziaren arrazoietako bat burokraziaren garapen basatia izan zela uste dut. Goitik behera gauzak, baita gauza guztiak ere, nola izan behar duten erabakitzeko joera instituzional horrek indar askatzaileak inhibitzeko gaitasun itzela du. Bide batez, burokrazia txiki askok burokrazia itzela sor dezaketela ezin da ahaztu.

Ezker alternatiboaren alternatiba bizi-eredu askatzaileen ideia da. Marxismo-aurreko jatorria du eta behetik gorako joera. Norbanakoaren eredu iraultzailetik hasita, denek berdin jokatuko balute mundua askatuko litzatekeela sinisten du. Idealismo nartzisista bat dago atzean, gainera: nik ulertzen dut, besteek ez; besteek nik egiten dudana egingo balute… Ikuspuntu horrek komunitarismoz janzten den indibidualismo mesianikoa du oinarrian, nire ustez. Moralkeriarako duen joera ere azpimarra daiteke, egiturez baino gehiago jendearen bizitzaz arduratzen baita. Bere zentzu politikoa, ordea, ahula da oso. Etengabeko iraultza troskistaren irakurketa makurra dago hemen.

Zeliken liburua berrirakurriz, ezker abertzaleak ideologikoki egin duen ekarpen handienetako bat «leninismo libertarioa» dela uste dut. Leninista da, egiturez eta funtsaz arduratzeaz gain, ikuspuntu taktiko-estrategikoaren irakurketa politikoa egiten duelako. Boterea nahi du, eraldatzailea izango den botere politikoa. Libertarioa da, bere barruan asmo emantzipatzailea nagusi delako. Baita benetan komunitarista delako ere, kooperatibista eta zentzu horretan sozialista, indibiduoaren eta komunitatearen arteko lotura berezia sortzen duelako.

Mugimendu politiko hau ezin da, inondik inora, ildo honetara erreduzitu. Nire ustez, iraultza kultural baterako lehen urratsak, herria egiteko baldintza beharrezko baina ez nahikoak, pluralismoaren onarpena eta diskrepantziaren kudeaketa dira. Alegia, ideien konpetentzia gehi agenden aliantzak… eta demokrazia oinarri. •