Juantxo EGAÑA

Amarako padurak, Donostiako zabalgunea baino lehen

1863an Donostiako harresiko lehen harria kendu zuten, hura eraisten hasteko. Gipuzkoako hiriburuak 14.500 biztanle zituen orduan. Urte hartan Antonio Cortazar arkitektoak Donostiako hegoaldeko zabalgunea garatzeko lehiaketa publikoa irabazi zuen. Zabalgune hura gaur egun Bulebar izenaz ezaguna den zumardia eraikiz hasi zen. 1864an, trena Donostiara iristearekin batera, Amara Berrin burdinazko zubia eraiki zuten. Mende bukaera arte, hiriak zabaltzen jarraitu zuen, alde batetik Amara aldera eta bestetik Gros auzorantz. Zabalguneak Amarako paduretan topatu zituen zailtasunak zirela-eta, Donostiako Udalak Urumea ibaiaren ibilgua aldatzea erabaki zuen. Desbideraketa hura 1926an bukatu zuen. Artikulua ilustratzen duen argazkia, XIX. mendearen azken herenean egina, egile ezezagunekoa da eta jatorrizko irudian seinalatzen diren datuak besterik ez daude: “Amarako paduretako arrantzaleak”. Erabiltzen zuten metodoa bitxia da; izan ere, haien tresnen artean laiaz eutsitako zurezko bi listoi ageri dira.