2018/02/24

Erreportajea
JOAN-ETORRIKO ELKARTASUNA
Askapenako brigadak, Euskal Herria helburu duten esperientzia politikoak

Paternalismotik, turismo politikotik eta garapenerako kooperaziotik urrun dauden brigadak aurkeztu ditu Askapenak. Urtero bezala, Euskal Herriko askapen borroka elikatzen dutela nabarmendu du erakunde internazionalistak. Europa, Latinoamerika eta Ekialde Hurbila dira aurtengo helmugak.

Pablo Ruiz de Aretxabaleta
Askapenabretainia

Hainbeste hedatu diren kooperazio proiektuekin zerikusi gutxi dute Askapenak antolatutako brigadek. Zentzu politiko nabarmen eta ezinbestekoa dute brigada horiek. Hala azpimarratzen du Askapenak berak. Ez da ere «turismo politikoa». Nazioarteko elkartasuneko euskal erakundeak argi dio: «Ez goaz turismo politikoa egitera, ezta karitatez lagundu edo irakaspen iraultzaileak ematera ere».

Horregatik, beste herriak “laguntzeko” asmoa dutenek ez dute Askapenako brigadetan aurkituko beren bidaiak. «Urte luzez pilatutako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik; jarrera paternalistak bultzatu eta besteen borrokak erakusleiho huts izatea dakarte, eta helmugako herrientzat ez dute inolako onurarik», azaldu dute brigadetako arduradunek.

«Elkartasunak politikoa behar du izan eta bi norabideetakoa, joan-etorrikoa alegia», nabarmentzen du Askapenak. Izan ere, munduko hainbat tokitatik pasatu dira milaka pertsona 30 urte baino gehiagoko bidean, «Euskal Herria dugula helburu ahaztu gabe». Hala, Euskal Herriko borroken berri ere zabaldu dute Askapenako brigadistek: «Gure hastapenetatik, brigadak tresnarik garrantzitsuenetarikoak izan dira gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta gure borrokak irakaspen horiez elikatzeko. Horrela egin dute ehunka euskal brigadistek, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabalduz. Horregatik diogu diogu ‘internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen’ ari garela».

Aipatutakoaren erakusle, brigaden lanaren zati handi bat bidaietatik itzultzean hasten da, Euskal Herrian bertan. «Herrien borroken elkar ezagutza bultzatzeko brigadak dira gureak, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elika ditzaten», azaltzen du Askapenak. Izan ere, «Euskal Herria dugu helburu. Internazionalismoak gure herriaren askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean».

Hiru eremu geografiko

Askapenak antolatutako lehen brigadek Latinoamerika zuten helmuga nagusi eta bertako askapen prozesuekin ereindako lotura estuari gaur egun arte eutsi dio erakunde internazionalistak. Baina Askapenako brigadak berehala iritsi ziren munduko beste tokietara ere, eta, egun, erakundeak garrantzi berezia ematen die Europan bertan garatzen diren mugimenduei, «gure subiranotasuna Europar Batasunak kentzen baitigu». Horrela hurbildu dira azken urteotan espainiar Estatuan eta Estatu frantsesean sortutako borroketara, edo Italian eta Grezian izandakoetara.

Gaur egun, Askapenaren esanetan, langileen etorkizuna «hiru eremu geografikotan dago jokoan, bertan jokatzen baita munduko hegemonia: Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europa». Eremuotan «herri langileen etorkizuna dago jokoan», eta, guztietan «borroka zinez interesgarriak» daudela ikusirik, hiru eremuotara helduko dira aurtengo euskal brigadistak.

Latinoamerikaren kasuan, hainbat herritan boterera iritsitako mugimendu ezkertiarren lana suntsitzen saiatzeko ahalegin indartsua dago eta horrek brigaden jarduera bera ere aldatuko du. «Inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun Latinoamerikak, eta herri langileen erresistentzia borrokak zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu», azaldu du Askapenak. «Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu besteak beste», gaineratu du.

Ekialde Hurbileko brigadetan, bestalde, honako hauek izango dira ardatz nagusiak: inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak eta okupazio militarra. Okupazio militarrak dakarren ondorio nagusia ere oso gertutik ezagutuko dute: milaka eta milaka errefuxiatu izatea.

Azkenik, Europan, «periferiako herriek bizi duten egoera landuko dugu, ezkerreko mugimenduen errealitateak eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesuak ere ezagutuz», azpimarratu du erakunde internazionalistak.

Kuba, Palestina, Italia...

Iazko brigadetan ere antzeko ildoak jorratu zituen Askapenak. Kuban, adibidez, bertako erronka ekonomikoak edo Casa de las Americas kultur elkartearen lana aztertu zuten. Mexikoko brigadak gizarte zibileko eta EZLNko kideek antolaturiko jaialdi batean parte hartu zuen, eta Chiapaseko emakumeen borroka oso gertutik jarraitu zuen.

Uruguain brigadistak benetan hunkitu ziren El Filtroko martxaren antolaketan parte hartuz. Elkartasun handia jaso zuten, 23 urte atzera euskal errefuxiatu politikoek jaso zuten bezala. “Resumen Latinoamericano” aldizkariko kideak izan zituzten gidari brigadistek Argentinan, kontrainformazioari eta inperialismoaren diskurtsoari aurre egiteko lan garrantzitsuan.

Venezuelan, brigadistek 23 de Enero Caracaseko auzo herritarra bisitatu zuten. Hala, prozesu iraultzailearen aldeko biztanleen eguneroko bizitza bertatik bertara ezagutu zuten.

Bolivian, prozesu eraldatzailearen nondik norakoak eta sozialismo instituzionalaren berri jaso zuten brigadistek. Eta, Brasilen, lurraren aldeko borrokaren historiaren ondarean sakondu zuten.

Kontinentez aldatuz, Palestinan lehen brigada feminista osatu zuen iaz Askapenak. Begirada horrekin ezagutu zuten Nabluseko herri mugimendua edota Hebronen palestinarrek bizi duten apartheid egoera. Libanon, errefuxiatu kanpamentuetako egoeraren berri izan zuten, bereziki, emakume errefuxiatuena. Libanok Israelen mehatxupean bizi duen egoera ere ezagutu zuten.

Europan, azkenik, Italiako herri mugimendua ezagutu zuten brigadistek, abiadura handiko trenaren aurkako borrokaren, etxe huts publikoen okupazioaren edo ekintzaileek bizi duten errepresioa gogorraren berri izanez. Bretainian, mugimen independentistaz gain, ZADetik Nanteseko aireportuaren proiektuaren aurkako mugimendua ezagutu zuten, hain zuzen, hamarkada luzetako borrokaren ostean behin betiko garaipena lortu baino hilabete eskas lehenago.

Orain, aurtengo brigadak aurkezteko, apirilera arte ari dira Askapenako kideak informazioa zabaltzen Euskal Herrian barna. Izena emateko, brigadak@askapena.eus helbidea jarri dute.

Askapenak garrantzi berezia ematen die egun Europan bertan garatzen diren mugimenduei, «gure subiranotasuna Europar Batasunak kentzen baitigu»

«Herrien borroken elkar ezagutza bultzatzeko brigadak dira gureak, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elika ditzaten»