Mikel Zubimendi Berastegi
DONTZEILAREN GOLA

Inken momiei esker izango da Munduko Txapelketan Paolo Guerrero Peruko izarra

Errusiako Munduko Futbol Txapelketa ekainean hasiko da. Bertan izango da Peruko selekzioko aurrelari eta izar Paolo Guerrero, FIFAren dopin azterketa batean koka landarearen hostoen benzoylecgonina metabolikoarekin positibo eman arren. Gakoa Llulllaillacoko Haurrek, duela bost mende inkek sakrifikatutako hiru haurren momiek, Guerreroren abokatuei emandako argudioak izan dira.

Istorio honen protagonistak Dontzeila goitizena eman zioten Llulllaillacoko Haurra eta Paolo Guerrero dira. Lehena duela bost mende pasatxo bizi izandako 15 urteko neskatxa zen; bigarrena, Peruko futbol selekzioko egungo kapitain eta goleatzailea. Eta biak lotzen dituen hari harrigarria benzoylecgonina da, koka landareen hostoetako alkalino aktiboa, kokaren metabolismoaren deribatu kimikoa.

Guerrero Brasilgo Flamengo taldean jokatzen duen futbol izarra da. Aurrelari indartsua, segur aski Perun gehien maitatzen dutena, berari esker iritsi baita herrialdeko selekzioa aurten Errusian jokatuko den Munduko Futbol Txapelketara, 1982tik lortu gabeko balentria lortuta.

Iazko abenduan, baina, FIFAk Guerrerok dopin arauak hautsi zituela aurreratu zuen, kokainaren, Andeetako koka landarearen, metabolismoaren deribatu kimikoa den benzoylecgoninarekin positibo emategatik. Urte bateko zigorra jaso zuen, aurtengo Munduko Futbol Txapelketa galduz. Guerrero txapelketatik kanpo uztea tragedia bat izan zen Perun, lurrikara bat.

Peruko futbol izarrak, bere defentsan, koka hostoak te kikara batean baino ez zituela hartu adierazi zuen, bere herrialdean aski ohikoa dena. Guerreroren erreklamazio horrek, baina, bere abokatuentzat zeru bat zabaldu zuen, defentsa estrategia antolatzeko oso erabilgarria eta interesgarria izan zitekeen argia. Izan ere, abokatuek FIFAren epaitegiaren aurrean goi mailakoak eta oso zaharrak ziren lekukoak aurkezteko aukera izan zuten, ziurrenik zuzenbidearen historian inoiz izandako lekuko bitxienak: Llullaillacoko Haurrak. Argentinako 6.739 metroko sumendi izoztuan topatu zituzten hiru momiok, inkek bost mende lehenago bertan utzitakoak erritual baten baitan.

«Capac cocha» errituala

Guerreroren defentsa estrategia irudimen handikoa izan zen, aurrekaririk gabea. Llullaillacoko Haurrak capac cocha izeneko erritual bateko objektu izan ziren. Urte bat baino gehiagoz une horretarako prestatu ondoren, Andeetako tontorretara eramaten zituzten haurrok enperadoreen izendapenak, heriotzak edo natura hondamendiak gertatzean. Europako mendizaleek lau mende geroago “lehen aldiz” igotako gailurrotara igotzen zituztenean, bertan hil edo izozten uzten zituzten, kosmosaren betiereko mezulari gisa.

Llullaillacoko Haurrek 6 eta 15 urte artean zituzten hil zirenean, 1500. urtearen inguruan. Argentinako eta AEBetako arkeologo talde batek aurkitu zituen 1999an, ia-ia Llullaillacoko sumendiaren tontorrean. Munduan hobekien kontserbatutako kolonaurreko gorpuzkiak dira. Momifikatutako hiru haurretan zaharrena, Dontzeila bezala ezaguna, gorputz jarrera deigarrian aurkitu zuten; badirudi uzkurtuta, goxo-goxo lo geratu zela.

Paolo Guerreroren abokatuei gehien interesatzen zitzaiena Llullaillacoko Haurrek jan eta edan zutena zen. Beren gorputzen tomografia konputerizatua erabiliz eta beren ileetan aurkitutako karbono eta nitrogeno isotopoen analisiak eginda, beren azken momentuak berreraikitzea lortu zuten arkeologoek. Eta bide batez, konkistatzaile espainiarren kronika eta bibliografietan capac coch errituaren inguruan eraikitako errelatoa, hots, sakrifizio basati eta beldurgarria zela, zalantzan jarri zuten.

Ingalaterrako Bradfordeko Unibertsitateko irakasle Andrew Wilsonek demostratu zuenez, Dontzeilak azken urtean bere dieta aldatu zuen, patatetan oinarritutako batetik animalia eta landare proteinetan, artoarena bereziki, aberatsa zen batera pasatuz. Hil baino aste gutxi batzuk lehenago chicha –artotik ateratako edari alkoholikoa, inken erritualetan oso erabilia– asko edan zuela frogatu zuen. Eta Wilsonek bere hipotesia ere jarri zuen mahai gainean: mendiko izaki izoztu eta arnasgabe bihurtu baino lehen, ziurrenik, Dontzeila eta bere bi lagunak sedatzeko chicha erabili zuten.

Benzoylecgonina «positiboa»

Guerreroren defentsarako, baina, denetan inportanteena, Dontzeila momiak berak ere benzoylecgonina substantzian “positibo” eman zuela izan zen. Bistan da 15 urteko neskatxa momifikatuak ez zuela kokaina esnifatu, kokaina, alkaloide bezala, XIX. mendean isolatu baitzen. Azterketen emaitzak erakutsi zuenez, capac cocha erritualetarako prestakuntza, Andeetako landare sakratua den kokaren erabileran oinarrituta zegoen. Koka hostoei ateak zabaltzen zizkion erritoak, besteak beste, bizigarri moduan, nekearen, gosearen, egarriaren, minaren eta altuerako gaitzaren sintomak arintzeko ahalmenagatik.

FIFAren epaitegiaren aurrean Paolo Guerreroren abokatuek Llullaillacoko Haurrei egindako azterketak aurkeztu zituztenean, benzoylecgonina metabolikoa gorputz batean mendeetan manten daitekeela frogatu zuten. Edo beste hitz batzuetan esanda: Guerrero zigortzeko FIFAk egindako dopin kontrolek bakar-bakarrik frogatzen zuten bere bizitzako uneren batean, segur aski oso aspaldian, Dontzeilak bost mende lehenago egin bezala, koka hostoak hartu zituela. Alegia, Guerrerok, murtxikatuta edo te infusioan, egun kriminalizatuta dagoen antzinako landare sakratuaren hostoa hartu zuela. Nahiz eta kriminalizatutako praktika izan, Hego Amerikan milioika lagunen ohiko praktika dena.

Sakrifizioaren ironia

Azkenean, Dontzeilaren ilean aurkitutako benzoylecgoninari esker, FIFAk Peruko futbol selekzioaren izarrari zigorra sei hilabetera jaitsi eta Munduko Txapelketan izatea baimendu dio. Dontzeila momia inkari esker, eta Guerreroren abokatuek epaiketan momiak erabiltzeak kasuari eman dion sonari esker, Peru eta Paolo Guerrerorentzat amaiera zoriontsua izan du istorioak. Futbol izar horrek baditu arrazoiak, bai, mundiala eta gero, edo lehenago, Argentinako Saltako museoan dauden hiru momiei bisita egiteko eta bere taldekideekin batera, berak ordainduta noski, Dontzeilaren osasunaren alde chicha trago eder batzuk botatzeko.

Istorioak badu ironia. Inkek egin bezala, gizakien sakrifizioak gertakizun bereziak ospatzeko, oparotasuna eta osasuna ziurtatzeko, bekatuak barkatzeko… ohikoak izan dira. Eta momiak, gurtzako objektu, erritualetako protagonista. Beste aldare eta mota batekoak badira ere, erlijio berri den heinean, ez al ditu futbolak ere giza sakrifizioak eskatzen?