2018/03/03

Juantxo Egaña
Frankismoaren eta Elizaren menpe, Gasteizko lantegi batean

XX. mendearen hasierak emakumeen eskubideen aldeko borroka ekarri zuen berekin. Mugimendu feministen sorrera urteak izan ziren.1933an emakumeek botoa emateko eskubidea gauzatu ahal izan zuten lehenengoz espainiar Estatuan. Erregimen frankista eta haren zapalkuntza iritsi zirenean atzerakada nabarmena gertatu zen, eta Eliza Katolikoak hartarako lagundu zuen. Portaera eta janzkera arau berriak jarri zituzten indarrean. Hezkuntzari dagokionez, 1941etik aurrera emakumeentzat propio sortutako irakasgai bat zegoen, besteak beste etxeko lanak, sukaldaritza eta jantzigintza nozioak biltzen zituena. 40ko hamarkadaren hasierako urteetan emakumeak lan mundura sartzen hasi ziren, osasungintzan, eskoletan, saltokietan eta beste lan esparru batzuetan, etxeko lanak ahaztu gabe, ordea. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1945ean egina da, Gasteizko Adriano VI.aren kalean zegoen Calviño ehun-lantegian. Egilea Alberto Schommer Koch da, Gasteizera bizitzera etorritako argazkilari alemana. Schommerren funtsak Arabako Lurralde Historikoko Artxiboan daude gaur egun.