2018/03/03

Joxean Agirre
Gazte-hotelak

Arkitektura ikasketak bukatzen ari den ilobari pare bat aldiz esana nion proiekturako aurkitu niola gai polit bat: hutsik geratu diren komentuak nola egokitu gazteentzako gelak egiteko, lan merkatuan pixka bat egonkortu arte ez dutelako pisu bat alokatzeko eta gutxiago erosteko ahalmenik. Nahiko dute 20 metro koadroko bizitoki bat, esaten nion, eta kontatzen nion gaztetan nola Parisen seigarren solairuetako chambre-etan bizi izan ginen eta gehienek leihotik zerua bakarrik ikusten zuten, guretik Auteuilgo zaldi lasterketak ikusten baziren ere, luxu bat. Gaiaz orrialde batzuk idatzita ere banituela gogoratzen nion, baina ez zidan kasurik egiten.

Orain egun batzuk “Urola Kostako Hitza”-n irakurri nuen jaioterrian, Azpeitian, Udalarena den Esklabetako komentuan gazteentzako 45 apartamentu txiki egin behar dituztela gazteei bost urteko alokairuan emateko. Ez dira gela soilak, bakoitzak 40 metro koadro izango baititu (3,5 milioiko inbertsioa da orotara), baina funtsean ideia bera da.

Ilobari saldu nahi nion nire proiektuan komentuaren zati bat gazteek hartzen dute eta beste zati bat zaharrentzako pisu babestuek. Nire fantasia edo utopia horretan espazio komunak dituzte. Nork daki, egunen batean Esklabetan gazte-hotelaren ondoan zaharrentzako pisu babestuak egingo balituzte, neure burua irudika dezaket bertan. 45 gazteren artean egongo da bakarren bat literatura gogoko duena eta astean pare bat aldiz elkartuko ginateke garagardo bana edanez berriketan egiteko eta berak bere azken diskoak utziko lizkidake zaharren aldean zarata pixka bat jartzeko. •