Xabier Izaga
IKUSMIRA

MARTXOAK 3, MARTXOAK 8: JUSTIZIA ESKE

Martxoak 3 elkarteak Giza Eskubideen Europako Auzitegira eta Nazio Batuen Erakundera joko duela jakinarazi du asteon, espainiar Estatuko «memoria eredu baztertzailea» salatuta. Duela 42 urte gaurko egunez Espainiako Poliziak Gasteizen egin zuen sarraskiaren biktimen eskubideak ahanzturaren zakarrontzian nahi dituen memoria eredu hori frankismoaren eta estatu terrorismoaren biktimak ere baztertzen dituen bera dela gogorarazi du elkarteak. Agerraldi berean, gaur Arabako hiriburuan izango diren omenaldietara eta manifestaziora deitu du, mobilizazio horietan mugimendu feministak izango duen protagonismoa gogorarazita. Arratsaldeko manifestazioaren buruan mugimendu sozial eta sindikaletako emakumeak joango dira, eta eramango duten pankartan ez da mobilizazioetara deitu duten sindikatuen sinadurarik agertuko. Keinu bat. Martxoaren 3a eta Martxoaren 8a lotzeko keinua. Bazterkeria jasaten dutenen, legeek onartu nahi ez duten justiziaren aldeko borrokari eusten diotenen arteko keinua. Xabier Izaga Gonzalez