Nekane Zinkunegi Barandiaran

Planto, mugiarazteko

Emakumeek protagonismo berezia izango dute gaur Gasteizen, duela 42 urteko gertakarien bueltako ekitaldietan. Sindikatuek aurten ez dute pankarta sinatuko, emakumeak egongo dira arratsaldeko manifestazioaren buruan, baita ekitaldiaren gidaritzan ere. Aurtengo Emakumeon Nazioarteko Egunerako egin den greba feministaren deialdiak giroa zentzu onean kutsatu duen seinale izan daiteke.

Ez da efemeridearekin lotutako berrikuntza bakarra. Duela 42 urte Zaramagan Poliziak egindako sarraskiaren memoria mantentzeaz gain, orduko protestetako emakumeen memoria berreskuratzen baitihardu Zuriñe Rodriguezek Martxoak 3 elkartearekin batera. Etxekoen aholkuen aurka, langile batzarretan parte hartu zuten andreen memoria. Ikastorduei muzin egin eta mobilizazioetara joan ziren neska gazteena. Poliziak bortizki zauritutako gorputzak artatu zituzten erizainena.

Guztien memoria delako garrantzitsua, guztiak izan zirelako duela 42 urte garrantzitsuak, eta guztiok garelako gaur egun eta gerorako ere garrantzitsuak. Horregatik ere badatorkigu datorren ostegunean planto egiteko deia. Soldata prekarioak ditugunoi. Militantzian eta parte hartze politikoan erreferente izateko boteretu arren, lan erreproduktiboak motxilan izaten jarraitzen dugunoi. Familiako adinekoen zaintza, gizonezkoen soziedadeetako garbiketarekin eta baserriko lanekin kontziliatu behar dituztenei. Denoi dagokigu planto egitea, gure protagonismoak titularretara eramateko bezain berezia izateari utz diezaion. •