2018/03/10

Koldo Sagasti
Elefante bat korridorean

Martxoaren 29an Tel Aviveko Maccabi saski baloi talde israeldarra izango dugu Gasteizen, Baskoniarekiko norgehiagokan. Azken hamarkadan, ohikoa egin zaigu Estatu sionistako delegazioaren presentzia hirian, etxeko korridorean elefante bat bezain ohikoa. Israelgo kirol enbaxadorea apartheid erregimenarekin eta armada hebrearraren gerra-krimenekin lotzen duten zantzuak ugariak eta ezagunak dira, elefantearen eta pakidermoen arteko harremana bezain agerikoa.

Maccabiarrek behin baino gehiagotan hartu dute parte Armada israeldarraren sarraskiak zuritzeko kanpaina mediatikoetan. 2009an gudaroste sionistak Gazako zerrendako populazio zibilaren gainean “Berun Urtua” izeneko eraso militarra egiten zuen artean, taldeko izar entzutetsuenek bisita egin zieten soldadu erasotzaileei, 1.420 hildako eragin zituen operazio militarrari sostengu publikoa emateko. 2014an, “Babes Hesia” izeneko operazio militarraren ondoren, Maccabik lagunarteko partida jokatu zuen AEBetako Cleveland Cavaliers taldearekin, erasoaldian 2.202 palestinar erail zituen armada omendu eta Armadako Lagunen Elkartearentzako dirua biltzeko. Maccabi Israelen krimenekin lotzen dituzten ebidentziak ukaezinak dira, eta Gasteizera datozenean eragiten duten salbuespenezko egoera nabarmena, baina zenbaitek jarraituko du saihesten kirola eta politika nahastea... etxeko korridorean elefante bat ez balego bezala. •