2018/03/10

Ezkion Ama Birjina ikusi zutenekoa

1931ko ekainaren bukaeran, Andres eta Antonia Bereziartua neba-arrebek Ezkioko zelai batean Ama Birjina agertu zitzaiela iragarri zuten. Uztailaren 9an, ia 10.000 erromes gerturatu ziren bertara, 50 autobus eta 1.000 autotik gora, ilara ikaragarriak osatuz. Hurrengo igandean 30.000 lagun joan zirela esan zuten egunkariek eta hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako herri hori milaka eta milaka erromesek bete zutela, milioi bat urte bukaera arte. Bereziartua neba-arrebek ez ezik, beste ehun lagun inguruk ere esan zuten Ama Birjina eta santuak ikusi zituztela. Agerraldi haiek dokumentatzeko asmoz, argazkilari ugari gerturatu ziren; haien artean Raymond de Rigne, Pascual Marin nafarra, Santanderko Jose Martinez eta Terrassako Jose Sicat. Donostiako Photo Carte etxeko Aurelio Cabezon ere izan zen Ezkion, erromesaldiaren argazkiak egiten, eta esan zuen berak ere bi aldiz ikusi zuela Ama Birjina.

Ezkioko gertaera haien garai berean Lekunberriko lagun batzuek deabrua ikusi zutela esan zuten. Ezkioko erromesaldiak negozio handia zirela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak bi pezetako zerga bat ezarri zuen hara zihoazen autoentzat. Madrilgo prentsak ere Ezkioko agerraldien berri ematen zuen, errepublikanoen aurkako alderdietatik sortutako erromesaldiez hitz eginez.

Irudian, Ataungo erromes bat ageri da, Josefa Lasa. Argazkia Jose Martinezek egin zuen eta oraintxe CDIS Santanderko Irudiaren Dokumentazio Zentroak antolatutako erakusketa batean dago ikusgai, «José Antonio Torcida, ‘En éxtasis. Fotografías de las apariciones de Ezquioga (1931-1932)’» izenburupean. Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai.