2018/03/10

Kronika
 
FAMILIA OSOA MUNDUAN BARNA

Hiriart familia osoa 2013ko agorrilean abiatu zen Ezpeletatik, urtebete geroago Laosera ailegatzeko. Karabana txiki bat atoian zeraman furgoneta batean Europa eta Asia elkarrekin zeharkatu zituzten gurasoek eta 3, 6, 9, 10, 14 eta 16 urteko sei seme-alabek, ostean etxera hegazkinez bueltatzeko.

Idoia Eraso
0310_hiriart8

Dena aldatzen da: klima, erlijioa, kartak, jendea… Baina ez dugu aldaketa bati buruz pentsatzen, eta niretzat hori izan da handiena: denboraren nozioa», azaldu du Oiert Hiriartek, familia guztia hartuta Europa eta Asia zeharkatu zituen ezpeletarrak. «Ez duzu kasik mugarik buruan, behar dira hemengo kezkak eta bestelako gauzak alde batera utzi. Pixkanaka lehentasunak aldatzen joaten dira eta bizitzeko behar diren gauzak bilakatzen dira lehentasun, eta, horrekin batera, baduzu denbora zaren tokian izateko».

Oinarrian hori zen bidaiatzeko irizpidea, denbora hartzea, nahi zena egiteko: «Pentsatzen genuen nora joango ginen hurrengo astean, baina unean uneko nahien arabera gelditzen ginen, nahi genuen tokian, egun bat edo aste bat gehiago. Hautu posible asko dira, bereziki furgonetaz bazoaz ez dago dena antolatua, eta horrek libertatea eta konfiantza ematen dizkizu». Baina askatasun horretaz gozatzeko, lehenagotik herri bakoitzeko egoera aztertu behar da, eta antolakuntzaren parte handi bat egina izatearen garrantzia azpimarratu du: «Bidaiaren ibilbide orokorra bagenuen, bisak ere bagenituen, hori herrialde batzuetan lehenagotik egin behar baita».

Urte osoa pasatu zuten bidean, Ezpeletatik Belgikara lagun batzuk bisitatzera joan ondoren. «Kroazia zoragarria da. Eskalada egin genuen. Eslovenian, lehen bidaian ezagutu genituen esloveniar batzuk topatu genituen eta beraien etxera joan eta mendian ibili ginen. Bosnian, soilik Sarajevo ikusi genuen, baina ohartu ginen gerraren ondorioak oraindik hor direla. Toki anitzetan baziren oraindik metraileta zuloak. Montenegro eta Albania biziki gutxi ikusi genituen, eta Mazedonia pixka bat».

Grezian Atenas bisitatu ondoren, Turkiara joan ziren: «Anitz maitatu dugu, bereziki Kapadozia. Herri trogloditak zoragarriak dira, lur azpiko hiri bat ikusi genuen, Derinkuyu. Anin ere izan ginen, Armeniako mugan; Zetaren Bideko etapa garrantzitsua izan zen iraganean».

Iranera joan ziren ondoren, eta, gehien gustatu zaien herrietako bat bada ere, bertako gizartean dauden debekuen kontzientzia hartu dute. «Badira libertate gehiago gure herrietan beste askotan baino, horretaz konturatu gara. Emakumeen tokiari buruz ere ikasi dugu. Emazteak eta alaba helduenak Iranen, esaterako, zapia eraman behar zuten buruan». Debekuak debeku, «harreman ederrenak eta handienak» Iranen egin zituzten: «Jendea biziki gizatiarra da, bagenekien joan aitzin, jende guztiek hori erraten baitute. Zortzi ginen eta zortzi gau eta afari egin genituen irandarren etxeetan, kasik hiru egunetik bat, eta kasik egunero errefusatzen genuen gonbidapenen bat. Nahi izanez gero, egunero norbaiten etxean egin genezakeen lo».

 

Bidaiari osotasunean begiratuta, Iran, Nepal eta Laos izan dira «gehien maitatu» dituzten herriak. «Gero ez genekien Pakistan zeharkatu ahalko genuen; debekatua zen frantses pasaportedunontzat. Alemanek ahal zuten, baina guk ezin izan genuen egin, horregatik beste plan batzuk genituen buruan. Iranetik Dubaira joan ginen».

Hori izan zen justuki, gutxien gustatu zitzaien herria, nahiz eta ez den damutzen bertan egon izanaz. «Zinez erokeria da zure aitzinean. Edozein gai hartu, puntara eraman ero bat bezala, eta hori da Dubai. Aberastasuna erokeria arte, handitasuna erokeria arte, baita zozokeria eta injustizia handia ere. Baduzu eski estazio bat basamortuaren erdian, eta, aldi berean, badira langileak Nepal, Bangladesh eta horrelako herrietatik heldu eta hilean 90 euro irabazten dituztenak, 300 gehienez. Pentsa, enpresek pasaporteak konfiskatzen dizkiete». Horrelako egoerak ikusita haurrek «mina eta injustizia» sentitu zituztela nabarmendu du: «Triste ziren gure haurrak».

Handik itsasontziz Indiara joan ziren: «Laburra izan zen egonaldia, baina asko maitatu genuen. India beste mundu bat da, oso aldakorra. Biziki pobrea iruditu zaigu. Benetan gauza harrigarriak ikusi genituen. Haurrak zeharo harrituta ziren, baina esplikatzen genien horrela zutela usaia, ez zutela besterik ezagutu, eta ez zirela baitezpada triste edo ilun, horrela zela».

Nepal amestutako herrialdea zen beraientzat, Hiriart familia oso mendizalea baita. Amatxi joan zitzaien bisitan hilabetez, eta txikienak berarekin utzita Himalaian zehar ibili ziren besteak. «Hamabi eguneko trekkinga egin genuen Annapurnaren balkoian, eta gero oinarrizko kanpalekura ere igo ginen, 4.200 metrotara». Gero bi handiekin 5.400 metrotara ere igo ziren: «Zaila izan zen, baina plazerarendako egin genuen, mendizaleak garelako».

Bertan beste alderdi bat ezagutzeko parada ere izan zuten: «Badugu lagun belgikar bat berriki nepaldar batekin ezkondu dena. Nepaldarrez mintzo da eta bere familiaren etxean egon ginen. Hamabi egun pasa genituen herri galdu batean, Erdi Aroko baldintzetan bizitzen: lurzorua lurrezkoa zen, gelaren altuera 1,5 metrokoa, dena egur suarekin egiten zuten... Gelan jaten genuen, ez zen tximiniarik, dena beltza zen, eta ahuntzak lo ziren gure ondoan. Uraren xerka joan behar ginen hamabi minutu beheiti, hogei minutu goiti. Hor ikusi genuen Nepal pobrea, jendearen errealitatea. Gero Katmandu ikusi genuen, bere alde on eta txarrekin».

Helburua ekialdera joatea zen, Thailandia, Laos eta Kanbodiara. Laos anitz gustatu zaie: «Jendea oso goxoa da eta toki oso ederrak badira. Ez da biziki garatua Thailandiarekin konparatzen baduzu. Bideak doi-doi eginak dira, beharbada hori maitatu dugu, bizitasuna, jende gutxi eta oihan salbaiak».

Thailandian frantses familia baten etxean gelditu ziren: «Bat kazetaria zen, eta erran zidan estatu kolpe bat izan zela Bangkoken ginen bitartean. Gu ez ginen konturatu. Hango estatu kolpeak ezberdinak dira; arrunt kultura ezberdina da, eta irudiz azken hamarkadetan hamar bat izan dira». Bangkoken hainbat egunez geratu ziren, alaba handienak selektibitate azterketa egiteko.

Alderi zailena, ikasketak

Bidaiako alderdirik zailena zein izan den galdetuta, seme-alaben ikasketak izan da erantzuna: «Ororen buru bidaiaren puntu ezkorrena izan da, kudeatzeko zailena, pisuena eta aspergarriena». Hiru haur txikien kasuan irakasleekin adostu zuten ikas materiala, «baina biziki zaila zen gogoa piztea eta hertsapenak ematea». Bi handiak lizeoan ziren, eta ikasketak jarrai zitzaten CNED Urrutiko Hezkuntzarako Zentro Nazionala baliatzea deliberatu zuten, hau da, Estatu frantsesak eskaintzen duen lizeo birtuala: «Programa oso artoski segitzen dute eta oso maila gora da. Anitz lan eskatzen du».

Horrek hainbat muga ezarri zizkien eta toki batzuetan ikasteko bakarrik gelditzen ziren. Gainera, nagusienak bazuen baxoa egiteko ikasturtearen bukaeran, eta, azterketa Bangkoken egitea deliberatu zutenez, ekainaren erdialderako bertan egon behar zuten.

Ikasketak izan ziren ere garraiobidea hautatzeko arrazoietako bat. Furgoneta bat, aitak berak apaindua: «Nik egin nuen, sinplea baina ekipatua, nahiz eta urik ez izan. Eta karabana txiki bat, bigarren espazio bat nahi genuelako, hatsa hartzeko eta lanak antolatzeko;haurrentzako ikasketak antolatu beharra genuelako».

Bidaiaren alderdi onena, berriz, «urte oso bat joatea gogoa duzun zerbait egitera eta familian izatea. Batzuetan zaila da, noski, baina biziki azkarra da, loturak azkartzen dira, eta egiazki gure artean bizi izan gara, gure seme-alabekin». Hala ere, denbora guztian elkarrekin izateak egoera neketsuak ere ekarri zituen: «Lehen bi hilabeteak aski zailak izan ziren harreman mailan. Gatazkak izan eta kasik itzuli ginen; ez da pentsatu behar sinplea denik. Baina hortik goiti biziki goxoki pasatu da».

Haurrak eta musika

Horrelako bidaia batean hautatzen den garraiobidearen garrantzia azpimarratu du Hiriartek. Beren bidaiatzeko era “kanpina” bezala definitu du. Azken finean, nahi zuten tokian gelditzen baitziren, baina dutxatu edo arropa garbitzeko lekuak topatu behar zituztela kontuan izanik betiere. «Furgonetarekin jendea ez duzu oinez zoazenean bezain hurbil, baina baduzu libertate gehiago. Karabana izatea zinez erosoagoa da haurrekin. Dutxak, hori bai, atzeman behar dira urte oso batez; jendearen etxeetan, komuna publikoetan, ostatuetan… denean izan gara».

Hurrengo bidaia baterako, beharbada, beste ibilgailu bat hautatuko luketela aipatu du aitak: «Bidaiatzeko mila molde badira, ez da molde onik edo txarrik. Denetarik ikusi dugu, Iranen skatez bidaiatzen ari zen laguna kasu. Badira mila molde bidaiatzeko».

Bidaian eragin handia izan duen beste zerbait familia osoaren presentzia izan da: «Haurrekin zeharo ezberdina da, irekitze bat dira. Toki batera heltzen zarelarik, haurrak baldin badituzu, jendea oraindik gehiago etortzen da. Eta baduzularik ile horia duen hiru urteko haur bat, gehiago oraindik! Iranen jendea haurraren ilea hunkitzera etortzen zen, irringarria zen!». Bidaian zehar atentzioa ematen zutela onartu du, Turkian, esaterako, turista japoniarrek argazkiak beraiei ateratzen zizkietela bota du irribarretsu.

Ateak irekitzeko baliatu duten beste tresnetako bat musika izan da. Izan ere, Oierrek eta alaba helduenak trikitia eta panderoa jotzen dituzte, eta, beste haurretako batek, tronpeta: «Hirurok elkarrekin euskal aireak jotzen genituen. Herri guztietan aritu gara jotzen, etxeetan, ostatuetan… Horrela zerbait partekatzen genuen gure kulturatik, hitzetatik at. Musika euskalduna entzuten zuten, eta euskaraz kantatzen genuen. Ttipiak ere kantatzera heldu ziren gurekin».

Hurrengo bidaia buruan

Bidaia duela lau urte bukatu bazuten ere, hain da erakargarria egun oraindik aurkezpenak egiten segitzen dutela. Interneten ere ezagut daiteke, “Les Sauvages en Voyage 2” izenarekin. Izan ere, bigarren bidaia izan zuten deskubritu berri duguna. Lehenengoan, 2012ko agorriletik 2013ko urtarrilera, Europako itzulia egin zuten furgonetan, eta horrek emandako gogotik sortu zen Eurasia zeharkatzeko proiektua.

Gerora ere beste bidai bat egitea ez dago baztertuta. «Emazteak joan nahi du berriz, bihar ahal bazen joanen zen. Pentsatzen ari gara beste bat egitea. Baina kalkulatu behar dugu haurrekin, berriz lizeora heldu dira erdikoak eta urte zailak dira. Horregatik noiz egin ari gara pentsatzen» azaldu du. «Handiak libre dira gurekin etorri edo ez». Bi handienak jada haien bidaiak egiten ari dira bere aldetik, bigarrena lagun batekin ari da motxilarekin auto-stopez bidaiatzen Turkian zehar.

Kontinente berri bat deskubritu nahiko lukete hurrengo bidaian: «Izatekotan nahi genituzke Amerikak ikusi. Kanadatik eta hegoalderaino jautsi, goitik behera». Kontinenteak kontinente eta bideak bide, «bidaia espazioan eta denboran zehar da, baina bereziki barne bidaia da», nabarmendu du.

Bere esperientziatik mezu bat nabarmendu du: «Beti posible da, oztopoak, bereziki joan aitzin, gure buruan dira. Dena gainditzen ahal da, sei haur baditugu, ezinezkoa zen, baina egin dugu. Dirua da beti oztopo handienetariko bat, baina posible da merke bidaiatzea. Gure bidaia hemengo bizia baino aise merkeagoa zen».