2018/03/10

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Lurralde mina

Solastalgia: planetari eragiten diogun harrapakaritzak sortzen duen etsialdiari deritzo. Solacium (“erosotasuna”) eta algia (“mina”) hitz konposaketan errotutako kontzeptua, kausa baten efektuari lotuz, nostalgiarekin erlazionatzen gaituen hitza. Erosotasuna edo bizitza kalitatea hobetzea gizarte garatuaren zeregina dela aitortuko dugun arren, bidean zer galtzen eta puskatzen den gutxi balioztatzen dela ere onartuko dugu. Erosotasunaren eta ondorioen ekuazioan, berdintasuneko bi elementurekin osatua izan beharrean (=), ekuazio desoreka bat dugu (>), lurralde mina ekartzen duena ondorio. Zenbatek pairatzen dugun zenbatzea gatza da –kuantifikatzeko zailtasunak ez du larritasuna leuntzen–. Gorputzean eragiten digun efektua zehaztea gatza da –identifikatzeko zailtasunak ez du irreal egiten–. Baliteke gizarte modernoak bizi duen eta denboraz nabariago egingo den eta hedatuko den gaitz bat izatea, nork daki.

Lurralde minak, baina, ekologiarekin bezainbesteko harremana du osasunarekin. Gaur egungo Mendebaldeko gizarteko indibiduoek osasun ona izateko ardura dutela baiezta daiteke, “eko” zigiluak azken urteetan gure supermerkatuetako jaki-produktuetan izan duen arrakasta ikusirik. Produktu horiek “onak” dira gure osasunerako eta fede ariketa bat egiten dugu erosketa hautu bakoitzean –nondik datozen, garaikoak ote diren eta paketatzea egokia ote den beste maila batean uzten dugu, hori bai–. Gorputza zaintzeko modu horrek argi adierazten digu zelan ulertzen dugun osasuna: atal batean kontzentratzen dugu ardura, osotasunean eragingo dugun sinismenean. Lurralde minak adierazten du lurraldearen gaineko erabakiek osasunean eragina dutela; digestio aparatua soilik ez, gorputz osoa zeharkatzen duten ondorioak (minak) eragiten dizkigutelako.

Lurraldeak estresa eragiten dit Arantzazuko meategiaren aferaz irakurtzen dudanean, Jaizkibeletik paseoan noala superportuaren ideia gogora ekartzean, A-8 autobidetik abiadura handiko trenak eragindako sarraskiak ikusten ditudanean, uholdegarritasun handiko eremu batean Txomin Enea auzo berria eraikitzeko garabiak ikusten ditudanean, Donostiako zentroan eraikin historiko baten hezurduran hotel berri baten iragarkia irakurtzean, GuraSOS elkarteak erraustegiaren tragediaren berri ematen digunean...

Lurralde minaz hitz egitea planetaren minaz berba egin beharrean, hitz hautu kontzientea da. «Planeta» hitzak urrutiko gai batekin konektatzen gaituelako. «Lurralde» hitzak, berriz, gurera ekartzen gaitu, tokiko ekintza esparrura. Erantzuleago sentituko gara lurralde minaz hitz egiterakoan: “lurralde” hitzak ekintzari lotzen gaituelako, nostalgiatik politikarako saltoa eginaraziz. Izan ere, mina indar eraikitzailea izan daitekeela guztiz sinesten dut •