2018/03/10

Mirari Martiarena
Nezesidadea

Umetako nire oroitzapenak oso umoretsuak dira. Familiako tabernan, txiste, pasadizo eta xelebrekeria asko entzuten ziren. Hiruzpalau urte nitueneko kontuak dira. Ez ditut gogoratzen esaten zituztenak, baina nire gorputzeko zelulek giro umoretsu hori oroitzen dute.

Umorea beti oso presente egon da nire bizitzan; barre eta algara asko egindakoa naiz eta oraindik ere hala egiten dut. Ez dakit umorez bizitzea erabaki kontziente edo inkontzientea den. Baina argi dut egoera zailenetan aurrera egiteko bidelagun ezin hobea dela. Horrek ez du esan nahi egunero umore on berarekin jaikitzen naizenik eta edozein gairi buruz txiste txarrak egiten ditudanik.

Nire irakasle izandakoak harrituta daude, eskolan hitzik egiten ez zuen neskato lotsatia jende aurreko jardunean ikusita. Zer eta bakarrizketak egiten! Bai, ni ere harrituta nago. Ez da bat-batean bururatuko gauza, nire buruarekin eta bereziki gorputzarekin egindako lanketaren ondorioetako bat da. Emanaldi baten aurretik izaten ditudan urduritasunek hitzik gabe uzten naute eta «ze nezesidade?» galdera datorkit behin eta berriz burura. Idoiak beti erantzuten dit: «Izango da zerbait!».

Oraindik ez dakit zer den zerbait hori, dakidana da gozatu egiten dudala Idoia Torregarairen ondoan. Emanaldiak prestatzen, herrietarako bidean, emanaldian eta etxera bueltan. Nire burua bakean ez uzteko eta ahalduntzen jarraitzeko tresna da umorea. •