2018/03/10

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Non ikasten ote dugu?

Aurrekoan galdezka aritu ginen zer ote den eskola. Joseba Sarrionandiak esandakoa berreskuratuz, eskola ikasteko lekua da, batik bat. Hala ere, ikasi, etxean, kalean, mendian, itsasoan, parkean, zinema aretoan eta, beharbada, eskolan egin daitekeela gogorarazi zigun.

Aurrekoan, baina, eskolan ikasteko eta irakasteko moduez eta eskola antolatzeko eraz aritu ginen gehiago. Eskolaren funtzioa definitzerakoan, berriz, ekinbide behinena pertsonen gaitasunak sustatzea eta garatzea bihurtzen ari dela aipatu genuelarik.

Eskolaren antolaketari buruz genion, ordu gehiegi pasa ditugula eskola zeinena den eztabaidatzen. Urteak pasatzen dira eta haserretzen jarraitzen dugu publikoan ala pribatuan edota, gero eta gehiago, sailkapen estu horretatik kanpo non kokatu eskolak.

Oraingoan, ordea, azpimarra ikasteko lekuetan jarri nahiko nuke. Gero eta adostasun zabalagoa dago eskola ez dela ikasteko leku bakarra. Urrunago doa gero eta jende gehiago eta aldarrikatzen ari dira eskolaren gainetik, eta eskolaz kanpo, gehiago eta hobeto ikasten dela.

Niri Iñigok irakatsi zidan non ikasten den, edo behintzat berak non ikasi zuen. Duela urte asko egin genuen topo hezigune batean. Biak ginen hasi berriak eskolan, hark hiru urte zituen orduan eta niri bere hezitzailea izatea egokitu zitzaidan.

Haur Hezkuntzak atonduta dituen programetan matematikako helburu garrantzitsuenetako bat sailkapena menderatzea da. Ikasturtea aurrera zihoan eta Iñigok ez zuen lortzen jartzen nizkion erronkak gainditzea. Horrela, gorriak ziren elementuak berdeekin jartzen zituen. Eskainitako elementuak nahieran kokatzen zituen nire desesperaziorako. Aitortu behar dut hasita geundela pentsatzen arazoren bat izango zuela oinarrizko sailkapen horiek egitea eragozten ziona.

Kontua da udaberrian, baserriaren gaia lantzen ari ginela baliatuz, Iñigorenera antolatu genuela irteera. Iritsi ginenerako han genuen zain, makila eskuan, bere testuinguruan eroso. Amarekin batera ukuilu izugarria erakutsi zigun, alde banatara behiak sartzeko gelaxkak bi lerrotan atonduak zituena. Amak esan zidan iluntzean Iñigo arduratzen zela, aitonarekin batera, larrean ikusi genituen behiak bakoitza bere gelaxkan sartzeaz.

Akabo Iñigok sailkapenerako izan zitzakeen zailtasunerako kezka! Nire begietara berdin-berdinak ziren behiak berak bereizi eta bakoitza bere lekura eramaten baitzuen egunero!

Bertatik-bertara aukera paregabea izan nuen baieztatzeko zenbat ikasten duten gure umeek eskola deitu ditugun eraikin horietatik kanpo: programaziorik eta metodologiarik gabe, intentzionalitate pedagogikoetatik salbu. Izan ere, eskoletako ateetatik kanpo mundu osoa dago, bizitza erreala, eta hor logikaren legeak eta bizilegeak gidatutako didaktikatik inguratzen dira ezagutzak eta garatzen dira gaitasunak.

Zenbat denbora eskaintzen ote diogu eskolaren eta gainerako ikasguneen arteko harremana aberasteari etekina ateratzeko bideak bilatzeari?

Luzaroan zuen buruei eskola zer ote den galdetzea opa dizuet... galdera, aurrekoan genion, iparra non jarri erabaki eta harantz joateko maparik baliotsuena delakoan. •