2018/03/10

Laura Mintegi
Nork agintzen du Ertzaintzan?

Xabier Arzalluzek sarri esaten zuen moduan, «Estatua izan nahi baduzu bi gauza behar dituzu ezinbestean: dirua, eta dirua zainduko duen polizia, hau da, Barne Saila eta Ogasun Saila»

Nik esango nuke Luis Maria Retolazaren garaitik, geroko Eusko Gobernuek ez dutela egiatan kontrolatu Ertzaintza. Barne kontseilariek jendaurrean gauza bat esaten bazuten ere, pribatuan aitortzen zuten ez zutela erabateko aginterik polizia autonomikoa mendean hartzeko.

Gaur egungo Ertzaintza 1980an sortu zen, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela, eta Luis Maria Retolaza izendatu zuten kontseilari Barne Sailerako. Ajuriagerraren konfiantzazko gizona zen eta berak jarri zuen Retolaza, ez Garaikoetxeak. Retolazak 11 urtez (1980-1991) izan zuen polizia autonomoaren kontrola, eta, Ogasunarekin batera, Ertzaintza izan zen Eusko Jaurlaritzaren zutabe nagusienetarikoa. Xabier Arzalluzek sarri esaten zuen moduan, «Estatua izan nahi baduzu bi gauza behar dituzu ezinbestean: dirua, eta dirua zainduko duen polizia, hau da, Barne Saila eta Ogasun Saila». Argi mintzo zen 25 urtez PNVren burua izan zen gizona. Datu objektiboa da PNVk behin baino gehiagotan partekatu duela gobernua (bipartitoak eta tripartitoak egin ditu PSE, IU edo EA alderdiekin) eta inoiz ez dituela kideen eskuetan utzi bi sailok: delegatu zezakeen Gizarte Saila, Hezkuntza, Kultura edo Osasuna. Baina Barne Saila eta Ogasun Saila beti egon dira alderdiaren eskuetan.

Jaurlaritzan PSE egon zen hiru urteetan izan ezik, Ertzaintzaren ardura beti izan da PNVren ardurapekoa. Eta, hala ere, ezin esan daiteke kontrolpean eduki duenik.

Luis Maria Retolazaren ostean Juan Mari Atutxak hartu zuen barne kontseilaritza (1991-98), eta, antza, ezin izan zuen ebitatu polizia autonomikoak 311 aldiz torturatzea atxilotuak. Urtebeteko tartearen ostean, non Jose Manuel Martiarena izan zen kontseilaria (1998-99), Javier Balzak hartu zuen kargua hamar urtez (1999-2009). Hemerotekara jotzea baino ez dago ikusteko nolako zailtasunak zituen kontrolatzeko ertzainen jarduna, sarri kexu agertzen baitzen komunikabideetan.

Rodolfo Ares izan da barne kontseilari ez nazionalista bakarra (2009-2012), eta eremu pribatuetan azaltzen zuen Ertzaintzak ez ziola aitortzen autoritaterik. Ares ez zen gai izan jakiteko nork egin zion tiro Iñigo Cabacasi. Ez zuen asmatu korporatibismoari aurre egiten, eta, arduradun politiko nagusia izanik, ikerketa judizialaren eta herri ekimenaren jarduerak erruz oztopatu zituen polizia babesteko epaitegiaren eskaeretatik.

Nazionalistek gobernua berreskuratzearekin batera berriz jarri zuten kontseilari nazionalista Barne Sailean. Estefania Beltran de Heredia (2012-2018) kontseilariari sindikatuak oldartu zaizkio eta, gainera, exijitzen diote atzera bota dezala Parlamentuak hartu zuen erabakia, gomazko pilotak berriz erabili nahi dituztelako. Ertzaintzak agindu behar al du Legebiltzarraren gainetik?

Demokrazian, herritarrek dute burujabetza, herritarrek hautatzen dute Parlamentua eta Parlamentuak agintzen dio gobernuari zer-nolako polizia nahi duen. Hori da eskema, hori da aginte-katea. Ertzainen arabera, ez, antza. Teorian, Ertzaintza «giza taldea da eta bere zeregina da herritar guztien eskubideak eta askatasunak babestea eta euren segurtasuna bermatzea edozein delinkuentzia-motaren aurrean». Praktikan, ordea, delinkuente moduan jokatu zuten herritarren ordezkarien aurrean martxoaren 1ean Legebiltzarrean. Nork agintzen du? •