Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Besteari

Bai, zu, Easo Plazako lorategietan bizi zarena; banku zuri, distiratsu eta garbitu berrian hilabeteetan kaleetako usain, hauts eta jariakinez lurrindutako zure txupa maiztuarekin etzaten zarena; nola esaten diozu zure buruari? Eskalea, arrotza, etxegabea, eroa, alkoholikoa, pobrea, arriskutsua, zarpaila... Hitz hauek ezagunak egiten al zaizkizu? Nor zara zu? Ba al duzu izenik edo besteek jarritako taila estuko izenondoek ito beharrean bizi zara? Entzuten al dituzu jende arruntak egiten dizkizun komentarioak? Eta entzuten badituzu, demagun, plazaren bestaldeko tabernako terrazan mahai baten eta marianito banaren parean dagoen bikote horrek zuzendu dizkizun mespretxuzko geziak, sentitu al duzu zerbait barruan, zer dakit bada nik, lotsa edo amorrua edo higuina edo jende arruntaren barruak asaldatzen dituen emozio sekretu horietakoren bat?

Geltokiak ez dira gelditzeko tokiak, pasaeran igarotzen ditugun itxaro-aulki urdinak, besterik ez, ez-lekuak, alegia. Eta ez-lekuetan bizi zaretenok, nor zarete? Zer zarete? Jendetzat hartzen al zaituztegu? Zu, esaterako, zarena izan aurretik pertsona arrunta izan al zinen? Noiz galdu zenuen trena? Eta zuk trenik galdu ez bazenuen, trena izan al zen zu galdu zintuena? Aspertu egin al zinen arrunta izateaz? Edo arruntasuna izan zen zu abandonatu zintuena? Eta geltokiko jende bilakatu zinenean, zer sentitu zenuen? Oroitzen al zara zarena bilakatu zinen egun eta une zehatzaz? Gau euritsu bat al zen? Edo lanera berandu abiatu zinen neguko goiz hotzen bat akaso? Behar ez zen norabidean zihoan trenen bat hartu zenuen?

Entzuten al dituzu ingurukoen begiak? Entzuten al dituzu estigmak? Entzuten al dituzu estereotipoak? Sekula egin al diezu ihes, demagun, behatz lodiak galtzerdi gris umel horretatik egiten dizun gisan? Esan al dizute inoiz hizkuntza boterea dela, besteak eta norbere burua izendatzen dituenak boterea daukala? Kezkatzen al zaitu hitzen balioak? Ikusi al duzu koadernoa hartu eta paternalismo eta ezezagutza hutsetik zuri buruz idazten ari den mutil hori? Gustatzen al zaizu jendea begira edukitzea? Sentitu al duzu inoiz zure burua bestearen begiradek ikusezin bilakatua?

Kiosko bat daukazu parean eta, haren atzean, egunkari saltzailea. Ze egunkari irakurtzen duzu? Irakurtzen al duzu prentsarik? Kezkatzen al zaitu, nik zer dakit bada, pentsioen izozteak, edo negutegi efektuak, edo uribismoaren gorakadak? Zerk kezkatzen zaitu? Jende arruntontzat albiste direnak, zer dira zuretzat? Zure lehentasunen zerrendan, zer jarriko zenuke lehendabizi? Zoriontsua al zara? Dirutan neur daitekeen ondasunik ez daukanarentzat, zer da zoriontsu izatea? Ikusi al duzu zure paretik pasatzean pausua azkartu duen gorbatadun hori? Nabaritu al duzu bere izua? Eta izu horrek, eman al dizu botere sentsaziorik? Edo bera izan da zu izutu zaituena? Entzun al duzu krisia bukatzen ari denaren diskurtsorik? Sinesten al duzu bertsio ofizialik? Eta zu “bestea” bazara, zer gara besteok? •