ENEEK

EHKOlektiboa, urratsez urrats agroekologiarantz

Agroekologiak elikadura-sistema iraunkorra garatzea du helburu nagusi. Tokikotasunetik eta ekoizpen eredu ekologikotik abiatuta, baserritarren eta herritarren artean bidezko hartu-emanak bermatzea da bere xedea. Alegia, nekazariek beraien nekeari (hau da: lurraren eta ingurumenaren zaintza, paisaiaren kudeaketa, elikagai osasuntsuen ekoizpena...) dagokion saria jasotzea; eta herritarrak ordaintzen duenari dagokion kalitatea eta onurak eskuratzea. Finean, mundu osoko bazterrak kutsatu, jendartea gaixotu, gatazka sozial larriak sortu eta elikaduraren inguruan espekulazioa bultzatu duen nekazaritza globalizatu-industrialari aurre egiten dio agroekologiak, alternatiba argia eta iraunkorra eskainiz.

Agroekologiaren aldeko taldeak mundu osoan zehar ugarituz doaz etengabe. Ekimen horietako bat dugu EHKOlektiboa, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nekazari ekologikoak batzeaz gain, herritar soilak ere batzen dituen elkartea.

Zazpi Euskal Herriak bat eginda

Iragan otsailaren 17an bere XI. Topaketak ospatu zituen EHKOk Uztaritzen (Lapurdi). Lurralde guztietatik bertaratu ziren 62 norbanako, euskara hutsean kolektiboak 2017an zehar izandako ibilbideaz jarduteko (apur batzuek gaztelerara edota frantsesera bat-bateko itzulpena behar izan bazuten ere), eta 2018rako erronkak finkatzeko. Hala, lapurteraz adierazi zen norbanakoek zertxobait gehiago eman beharko lioketela kolektiboari, EHKOren garapena azkartuko bada; bizkaieraz adierazi zen kide berriak batzeko beharra, kolektiboaren autonomia hobetu aldera. Gipuzkeraz ozenki entzun ahal izan zen lantalde sektorialetan egiten diren topaketak oso garrantzitsuak eta motibagarriak direla. Herritar-kontsumitzaile gehiago kolektibora batzearen garrantzia aho batez aipatu zuten bi kidek, nafarreraz eta Arabako euskaraz. Bukaeran, xibereraz adierazi zen tankera honetako bilkurak sarriago egitearen beharra. Euskal Herriaren aniztasuna elikadura osasuntsua, anitza eta burujabea aldarrikatzen duen kolektibo batean bilduta.

Euskal Herrian ekoizpen agroekologikoak nolakoa izan beharko lukeen definitzeko sortu zuten EHKOlektiboa baserritar ekologiko euskaldunek, 2009an. Bidean, nekazaritza ekologikoaren alde lan egiten duten elkarteak ere batu dira (Iparraldeko Biharko Lurraren Elkartea, Gipuzkoako Biolur, Bizkaiko Lurreko, Arabako Bionekazaritza), baita gure lurraldean nekazaritza ekologikoaren kontrola eta sustapena egiteko ardura duten kontseiluak ere (Euskal Autonomia Erkidegoko ENEEK eta Nafarroako NNPEK-CPAEN). Hala, ia 10 urteko lanaren ondotik, ezarrita daude ekoizpen-mota bakoitzarentzat bete beharreko baldintza agroekologikoak. Garatuta dago baldintza horiek betetzen dituzten etxaldeen identifikatzailea ere. Identifikatzaile hori ziurtapen ekologikoa duen edozein etxaldek eska dezake. EHKOko bost kidez osatutako komisiok ebazten du agroekologiaren baldintzak betetzen diren, eta, ondorioz, etxaldeak EHKOlektiboaren identifikatzaile merezi duen ala ez. Herritarrek herritarrei emandako bermea, parte hartzailea eta gardena.

Momentuz, 61 etxaldek osatzen dute EHKO etxalde sarea. 2018rako zenbaki hori handitzea da erronka, baita baserritarren arteko harremanetan eta elkarlanean sakontzea eta herritar gehiago batzea ere. Agroekologia ez baitute baserritarrek bakarrik eraikitzen, gizarte osoak baizik.

Informazio gehiago: www.ehkolektiboa.org.