Iñaki Soto

Fartsanteen jokoaz eta zinismoaren arriskuez

Gezurra funtzionala da gure jendartean. Ospe txarra du, baina, ia gauza guztiak bezala, onuragarria ere izan daiteke tamainan erabiltzen bada. Adibidez, gezur batek norbait mintzea ekidin dezake. Gezur txiki baten eta min handi baten arteko talka dilema moral bat da, ez soilik ikuspuntu utilitarista batetik, baita bertuteen eta gradualismoaren etika batetik ere, alegia, printzipialista ez den etika batetik. Gezur txikia hobestera eraman gaitzakeen dilema da. Edo ez.

Hori esanda, zorrozkeriaren eta puritanismoaren aurkako txertoa jarrita, gezurra balio soziopolitiko gisa finkatzearen tentazioaren aurka idatzi nahi dut gaur. Hain zuzen ere, botereen bultzadaz gure artean joera hori indartzen ari delako. Nire ustez, uneotan gure kultura politikoan gezurra, faltsukeria eta zinismoa gailentzen baldin badira, agian gure egunerokotasuna erraztuko da, baina gure bulkada askatzaileak eta nortasun komunitarioak kalte itzela jasango dute. Nortasun komunitario hori idealizatzeko asmorik gabe diot, ez baikaude suziriak botatzeko.

Jendarte guztiek dute harreman gatazkatsua egiarekin. Jakina, gizarteak entitate konplexuak dira eta ez da konplexutasun hori murriztea komeni. Hori esanda, komunitateek eta nazioek beren borroka historikoen emaitzen, nazioarteko kokapenaren eta testuinguruen ondorioz, kultura politikoak garatzen dituzte historian zehar. Beste era batera esanda, politikaren bidez, komunitateek balioekin harremantzeko erak garatzen dituzte, baita gauzak egiteko erak ere. Kultura politikoetan egiak eta egiek funtzio bat jokatzen dute, derrigor. Harreman horiek ez dira ez itxiak ezta finkoak ere, bai aztergarriak ordea, egiazkoak.

Erredukzionismorako asmorik gabe, alegia, faktore ugarietatik bat gehiago dela pentsatuz, kataluniarrek egiarekin eta gezurrarekin duten harremanak beren prozesua baldintzatu duela esango nuke. Espainiarrentzat egia legea da, sakratua eta aldi berean zartailua bezain malgua. Euskaldunontzat, errudunari botatzeko harria da. Kataluniarrentzat? «Depende». Horrek, aldi berean, leialtasunak lausotzen ditu, baita herra ere. Ez gaizki ulertu. Arrotza zaidan arren, ezaugarri antropologiko hori baloratzen ikasi dut, mundu garaikidean duen balio politikoagatik, batez ere. Besteak beste, horrek ahalbidetu die honaino heltzea. Agian, baita hemendik aurrera egitea oztopatu ere.

Inork gutxik jarriko du zalantzan Euskal Herriko historia garaikidearen lehendabiziko bira tragediak markatua egon denik. Marx jarraituz, bigarren itzulia fartsa izan ez dadin borroka egin beharko dugu. Ondorioz, gezurraren aurka borrokatzera behartuta gaude, fartsanteen kontra, zinismoaren kontra. 90eko hamarkadara itzuli nahi gaituzte, etengabe. «Demokratak eta biolentoak». Bi bide daude joera horri aurre egiteko, nire ustez. Lehenik eta behin, marko ustelak aldatu behar dira, ordezkatu. Ez da batere erraza. Beste alde batetik, konfrontatu egin behar da. Desmozorrotzearen estrategian, ordea, ez dut sinisten: ez da ez dutela ulertzen, ez daude ados edo ez zaie komeni. Auzia boterea da, ez soilik arrazoia. Akaso gure betiko egiek ez dute honezkero balio, politikoki zaharkituta daude. Beraien gezurrak, ordea, berdin daude zaharkituta. Ez da kristautasuna besarkatzeko unea. Egia berriak etika iraultzailean eta humanismoan topatuko ditugula uste dut. •