Oihane Larretxea de la Granja
Elkarrizketa
JOSE DIAZ
NATURAREN MAITALEA

«Bakardadea jendetzaren artean oharkabean pasatzea da, ez konpainia eza»

Teknologiari, argindarrari eta ur beroariuko egin eta 100 egun txabola batean eman ditu, Asturiasen. Natura bidelagun,dokumental batean bildu du bizipena.

Juan Carlos RUIZ | FOKU
Juan Carlos RUIZ | FOKU

Asturiasen badute altxor bat, bertatik mugitu ezin dena, lurrari josita dago, ezin da ostu, ezta maileguan hartu ere. Kasik ez dago Redes Parke Naturala Jose Diazek bezain ondo ezagutzen duenik. Begiak itxi ditzake eta ibiltzen jarri, badaki non dabilen. Bertako haize ufadak, animalien urratsak eta soinuak aski ezagunak zaizkio, zuhaitzak eta loreak, txoriak, hodeiek noiz ekarriko duten euria eta eguzkia noiz aterako den behe-lainoaren artetik… Maite du, biziki maite, paradisu hori.

Duela hamabost bat urtez geroztik txabola bat du bertan. Mundu ero honetatik ihes egiteko leku aproposagorik ez da egongo. Zaila parekorik topatzea. Eta erronka jarri zion bere buruari: txabola horretan 100 egun igarotzeko gai izango ote zen, isolaturik; alegia, beste gizakiekin harremanik izan gabe, soilik natura eta bera. Ez argirik, ez ur berorik, ezta mugikorrik ere –azken hori erraza zitzaion, ez baitauka–. Soilik bideo kamera batzuk eta drone bat esperientzia filmatzeko. Bada, esperientzia hori biltzen duen “100 días de soledad” dokumentala iragan ostiralean estreinatu zen zinema aretoetan, iaz Jackson Hole natura zinemaldian finalera heldu ondoren, Wanda Films ekoiztetxearen eskutik.

Dokumentalak natura bere handitasun osoan erakusten du eta, neurri batean, gizakiaren txikitasuna agerian utzi. «Filmaketa garaia ez zen kasualitatez aukeratu: irailetik abendura. Natura oso eskuzabala da uda amaieratik neguaren hasierara bitartean; zuhaitzak, paisaia egunero aldatzen dira, kolore batzuk erantzi eta beste batzuk jantziz».

Natura bera erabili du hausnarketa egiteko. «Ez naiz nor inori hausnarketak eskatzeko, baina balio izan badu gure bizimoduaren inguruan apur batez pentsatzeko, ase naiz. Sakelakoekin, adibidez, oso kritikoa naiz, batik bat egiten den erabileraz. Behin entzun nuen, eta hala da: urrun daudenak gerturatzen dizkizu, baina gertu daudenak urrutiratzen dizkizu. Etxe berean egon daitezke hiruzpalau telefono, eta bakoitza bere kasa aritzea».

Bakartasunaz ere hausnartzen da, ezinbestean. Eta, zentzu batean, Diaz ez zen bakarrik egon. Gizakirik gabe egon zen, hori izango litzateke zuzenagoa. «Ez nintzen bakarrik egon. Jendearekin ez egotea, suposatzen da hori dela bakardadea, baina ez nuen halakorik sentitu. Animaliak daude, natura bera bidelagun da, haizeak espazioa betetzen du… Edozein hiritan bai, bertan bai izan dut bakardade sentimendua. Duela egun batzuk Madrilen izan nintzen, eta Gran Via gurutzatzen bakarrik sentitu nintzen. Jendetzaren artean oharkabean pasatzea da niretzat bakardadea, ez konpainia eza. Errealitate paraleloak bizi ditugu, oso indibidualizatuak. Beldurtuta nauka horrek».

Ezinbestekoa dena baino ez

100 egun. Hiru hilabete pasatxo. Hori zen markatu zuen epea. Txabola erabat ustu zuen eta «bakar-bakarrik erabat ezinbestekoa» zena utzi. Laban bat, sardexka eta koilara. Eltzea eta bizpahiru tresna. Buruan jartzeko linterna txiki bat, arropa aproposa, mendiko bota pare bat eta manta batzuk. Sua egiteko egurra aizkoraz moztu zuen. Hala egin behar zuen derrigor txabola bero mantendu nahi bazuen. «Hogei liburu eraman nituen, irakurtzen denbora mordoa emango nuela uste nuelako, alegia, lagunduko zidala literaturak. Ez nuen bakarra ireki!», aitortu dio GAUR8ri.

Elikatzeko leka zaku bat baino ez zuen eraman, eta proteinadun lata pare bat. Egonaldia hasi aurretik baratze bat prestatu zuen txabolaren alboan: patatak, aza eta beste barazki batzuei esker elikatu zen. Oiloak ere erosi zituen, eta oilategia eraiki zuen. «Basoak eman zidan gainontzekoa: intxaurrak, urrak, sagarrak, gaztainak… Natura oso eskuzabala da, eta denborak aurrera egiten zuen neurrian orduan eta gutxiago behar nuen kanpoaldetik. Babarrunak prestatzen nituenean, potoetan gorde eta errekan gordetzen nituen; hori zen hozkailua. Egun batzuez gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko babarrunak baino ez nituen jaten». Ingurugiroan ia inpakturik ez duen bizimodua: 100 egunen ondoren, zabor poltsa txiki bat baino ez zuen sortu…

Etxera bueltatu zenean «garbiketa» egin zuela aitortu du. Txabolak 25 metro koadroko azalera du, familiarekin bizi den etxeak 250ekoa… «Konturatzen zara espazio gehienak ez dituzula erabili ere egiten. Eta espazio horietan badaudela altzariak erabiltzen ez dituzun gauzez zeharo beteak… Lagun batek eman zidan aholku bikaina jarraitzen dut: erabiltzen ez duzun guztia sartu kaxetan, itxi eta ez idatzi kanpoan zer dagoen barruan, bai, ordea, data, eta bi urte pasatakoan ireki ez duzun kaxa bakoitza eman, oparitu. Bi urtetan erabili ez dena, faltan bota ez dena, ez da garrantzitsua».

Faltan bota? Ezertxo ere ez

Esperientzia jaso ahal izateko baliatu zuen teknologia bakarra izan ziren bost kamera eta drone bat. 400 ordu ditu grabatuta. Emaitza 93 minutuko dokumentala izanik, ulertzekoa da zein zaila izan den zer sartu eta zer kanpoan utzi erabakitzea.

Grabatzen zuen guztia entregatu egiten zuen, astelehenero, hiru semeetako batekin hitzartutako puntuan. Baina ez zuten inoiz topo egiten. Batek materiala uzten zuen leku batean, besteak disko gogor berriak jaso, hutsik, edukiz betetzeko. Hain zuzen ere, familiaz banatzea izan zen zailena, gainontzean onartu du ez zuela inor ezta ezer ere faltan bota. «Egunero zortzi eta hamar ordu arteko txangoak egiten nituen, ikusten nuena grabatuz, inguruaz gozatuz, hausnartuz... Idatzi ere asko idatzi nuen. Oilategia atondu eta garbitu, Atila zaldiari jaten eman, jasotako irudiak errepasatu merezi zuten edo ez egiaztatzeko...». Harrigarria dirudi, baina ondorengo baieztapen hau egiten du, zalantza izpirik gabe: «Gauza asko soberan izan ditut, baina, ez, ordea, denbora». Nolabait, mezu bat helarazi nahi du. «Erakutsi nahi dut beste modu batera bizitzea posible dela, modu arinagoan, gauza gutxiagorekin, eta zoriontsu izaten jarraitu. Eta jakin bizitzaren erritmoa norberak markatu dezakeela eta ez alderantziz, maiz bizitzaren egunerokoak garamatzalako gu. Lana astelehenetik ostiralera egin; %90ean gustuko ez duzuna egiteko, gainera. Larunbatean neke-neke eginda eta igandean urduri astelehena datorrelako. 100 egunak amaitu eta hirira jaitsi nintzenean, adi-adi begiratzen nituen kaleak eta jendea, eta aurpegi itzaliak ikusten nituen. Begirada galduak».

Pixkanaka hedatzen ari da sare sozialak alde batera utzi edo teknologia berriak neurrian erabiltzearen joera. Akaso ohartu gara, Diazek dioen moduan, erritmo basatiaz. «Ez dago kontrolik. Mugikorrekin kritiko naiz: begietara begiratuz mantentzen diren solasaldiak maite ditut. Nire anaia Tino hil zenean, erabaki nuen kaltegarria zen eta saihestu nezakeen ezer ez egitea. Ikusi nuen nola egin zuen borroka nire anaiak bizirik mantentzeko, eta, hala ere, azkenean, joan egin zitzaigun. Horrek pentsarazi egin zidan. Neu ere beste edonor bezala joan egingo naiz mundu honetatik, baina bizirik nagoen bitartean bidea bera ederra izatea nahi dut. Ezarritako biderik ez dut nahi».

Esperientziaren irakaspenak

Barrualdean biraka zituen burutazio asko Diazek kamerarekin konpartitu zituen, ozen: hausnarketak, bakarrizketak, txantxak… Beste aldean inor balego bezala berriketan aritzen zen batzuetan; horregatik, dokumentalak ikuslearen konplizitatea lortzen du eta irri bat edo beste ere lapurtuko dio zineman. Tino anaiarekin ere asko «hitz egin» zuen. «Esperientziari esker errazago komunikatu zara zure anaiarekin?», jakin nahi dugu. «Bizitzan, egoera batzuetan, zaila suertatzen da barruan duzuna kanpora ateratzea. Gauza bat duzu eskuartean, gero beste bat, lanak, betebeharrak… Kasu honetan, ia hilabete igarota zenean, nire barrenean jarioa gertatzen hasi zen, ni neu nire buruarekin ere harrituta gelditu nintzen. Ez naiz idazten trebea, baina egunerokoa idatzi nuen. Gerora irakurri dut eta ez naiz bertan errekonozitzen, zerbait jaio zen han, zerbait sortu zen nire barrenean».

«Zerbait ikasi al duzu zure buruaz?». Beste kuriositate bat sortu zaigu. «Ez nintzen inoiz hamar egunetik gora egona naturan, bakarrik, jendartetik aldenduta, beraz, ezbairik gabe, erronka handia zen. Harritu baino gehiago, nire iritzietan eta pentsaeretan berretsi naiz», nabarmendu du. Lehenengo hilabetetik aurrera bere buruan lehenago ikusten ez zituen inperfekzioak ikusten hasi zen Diaz. «Hobetzeko gauzak dituzula ohartzen zara, baina, aldi berean, egin dituzun gauza onak baloratzen dituzu…».

Ez zuen beldurrik pasa, nahiz eta onartu egoera ez hain samurrak ere bizi izan zituela. Elurra, hotza, euria etengabe, haize bortitza, iluntasuna arratsaldeko seietan… baina eguzkia ere ikusi zuen, zilak koloreko behe lainoa, udazkenak erabiltzen dituen hamaika koloreak, okreak, berdeak, horiak, gorriak… abenduan zuritu zuen arte. Beldur bakarra ondo ez filmatzea zen. «Nahikoa kalitate zuten irudiak hartzeko gai izango ote nintzen, horixe nuen kezka. 100 egunak bakardadean beteko nituela banekien, baina ondo dokumentatu nezakeen?». Emaitzak erantzuten du galdera. Pablo Diaz semeak jarri dio soinu banda dokumentalari, bereziki lan honetarako sortua, sentsibilitate handiz konposatu du musika. «Banekien oso egoera bereziak emango zizkidala naturak. Urteak dira argazkiak egiten ditudala mendian, basoetan, baina inoiz, sekula, irudi batek ez du errealitatea gainditu. Zoragarriak dira argazkiak, bai, baina gure begiekin ikusten duguna, zuzenean, beti da ederragoa. Eta bideoarekin nire esperientzia hutsaren hurrengoa zen».

Joera hori da gorroto duena. Ez du maite “gorroto” hitza, baina kasu honetan erabili egiten du, asmo osoz, aitortu duenez. «Gaur egun erabat gaixorik gaude guztia kamerarekin jaso beharrarekin. Eta akaso ez duzu ez irudi onik hartuko ez uneaz gozatuko. Bizi garen lekuan hondartza ederra dugu. Jendea badator autoz, argazkiak egiten ditu eta alde egiten du, paisaia estimatu gabe. Eta guztia non zauden, edo zer egiten edo jaten ari zaren gainontzekoei erakustearren. Besteek ikusiko ez balute balioa izango ez balu bezala! Niretzat oso tristea da hori».

Gelditzeko gonbita da “100 días de soledad”. Erritmoa jaitsi, solastatu, begietara begiratu eta inporta duena apreziatu. Natura maitatu eta zaindu, berak bueltatuko digu behar dugun guztia… eta gehiago. Sentsibilitateari kantua da dokumentala, bizitzari berari. «Bihotzarekin egin dugu, modu umilean, natura eta bizitzari buruzko mezua helarazteko. Ni neu dokumentala egiten hunkitu naiz; inor hunkitzen bada, horrekin konformatzen naiz». Diazek dio «oso zoriontsu» izan zela egiten ari zela, eta, gainera, ohartzen zela sentimendu hartaz. Ikusleak ere sentituko da halako zerbait.