Iker Barandiaran

Bide bazterrean

Gogoan daukat aspaldi Polonia zeharkatzen egin nuen bidaia batean autobideko bide bazterretan sarritan jende asko ikusten nuela bide izkinatan autoei so; asko adineko pertsonak ziren eta baita emakumeak ere. Ez zuten ezer saltzeko bistan eta zutik zeuden guztiak, zerbaiten zain. Autobideko puntu batzuetan, erdi-erdian zebra bideak zeuden, baina semafororik ez. Haien helburua bidea gurutzatzea zen, baina, halabeharrez, itxaron beharra zuten. Halako baldintzetan ez zen erraza autobidea noiz gurutzatu erabakitzea. Erantzukizun handiz jokatuz gero, ez zuten inoiz pausoa emango, eta, ondorioz, ezingo zuten helburua inoiz erdietsi. Hala, adore handia behar zuten pauso hori emateko, eta, batez ere, beharrezkoa zuten jomuga zein zuten oso argi izatea.

Gurera etorrita, semaforoz, biribilgunez, zebrabidez eta ustez zibismoz jositako gure herrietako kaleetan behin baino gehiagotan topo egin dut adineko hainbat pertsonarekin, zeintzuek nik autoa erabat gelditu arren, keinuz nik bidean aurrera egiteko eskatzen didaten. Horren ondorioz sortzen dena keinu elkarrizketa hutsala (edo ez) izan ohi da: ni adinekoari pasatzeko eskatuz, geldi nagoela gogoraraziz; eta berak ezetz, errepidea autorik gabe dagoenean gurutzatuko duela adieraziz. Erabat harrituta uzten nau joera horrek.

Pazientzia oso estimuan daukadan bertutea da, eta presa eza gaur egun oso preziatua izan beharko genukeen altxortzat dut inongo zalantzarik gabe. Egia da seguruenik bi horietatik asko dutela gure artean kaleetako errepide bazterrean zain egoten diren adindun horiek, baina ni behintzat ernegatu egiten naiz pixka bat zebra bidea parean dutela beraiek nahi dutenean gurutzatzeko duten eskubidea gauzatu nahi izaten ez dutelako. Presadunak ei gara gu? Zer da presa? Hala bada, presadunok lehentasuna izan behar dugu? Zergatik? Zer da lehentasuna?

Gure gizartean pertsona nagusiak nola baztertzen ditugun sakon aztertzeko moduko kontua da eta hein handi batean erantzukizuna besteona bada ere, hasi dira behingoz pauso irmoak ematen. Eta egon ziur, haiek tematzen badira, ez ditugula, nahi izan arren, iritziz erraz aldaraziko.

Berez edo ustez pertsona adindun horiek pasa dituzte akzio nagusiko beraien urteak, garaiak. Orain lasai eta beraien gustura bizitzea tokatzen ei zaie. Eguneroko buruhausteetatik at egoten saiatzen direla esan ahal genezake. Eta antza arrazoi osoz esan ahal lezakete orain beste batzuek borrokatzeko garaia dela.

Bada, azken hilabeteotan jendetza biltzen hasi da gure arteko hiriburu eta herrietako kaleetan. Beraiek (zentzu guztietan esanda) irabazi zituzten pentsioak eta lorpenak galbidean doaz eta orain borrokatu beharko genukeenok ez dugu ezertxo egiten. Berriro ere beraiek irten behar izan dute kalera, irmo dagokiena defendatzera eta eskubideak aldarrikatzera; inork ez die emango aurretik lortutakoa, eta horretaz ohartu dira.

Iraganean herritarron mesedetan aritu zirenak eta inoiz kalera irten ez zirenak batzea lortu dute; gero eta gehiago dira. Gauza antzekoa gertatu zen pasa den Martxoaren 8an. Bidea zeharkatu eta gauzak aldatu bitartean kale erdian eustea erabaki dute bai pentsionistek eta baita emakumeek ere. Errepidearen albo bietan gertatzen zenari so zeuden bai batzuk eta bai besteak, eta jada ez dira egungoari, etorriko denari, presazkoari eta urgentziazkoa edo lehentasunezkoa dela esaten dietenari arretaz begira zain geldituko. •