Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Jadwiga

Hitz egin dizuet nire lagun Valentinaz. Bartzelonan ezagutu genuen elkar eta han jarraitzen du berak ordutik, lasai antzean, «procés»-a den errusiar mendiari jaramon handiegirik egin gabe. Ulerkor-edo, manifestazioak etxetik entzuten ditu –urriaren 3koa izan zen salbuespena–, baina gaiak eragiten dion interes nagusia antropologikoa da. Zerikusirik ez Martxoaren 8arekin, kalean pasa baitzuen eguna orduan.

Bion artean tarteka errepikatzen den hizketagaia da feminismoarena; bera eroso, ni ez horrenbeste, etengabe birkokatzen ari naizen sentsazioz. Maiz ematen diot arrazoia, batzuetan ziurtasun handirik gabeko paternalismo damugarriz bada ere. Beste batzuetan ziurtasun are gutxiagoz egiten diot aurka, edo ez dut ezer esaten, autozentsurak eta bataila galduko dudala jakiteak bat egiten dutenean. Edonola ere, Valentina ez da dardoak aurrezten dituen horietakoa. Lehengoan: «Konturatzen zara aipatzen dizkidazun arkitekto ia guztiak gizonezkoak direla, salbu eta askorik gustatzen ez zaizun Zaha Hadid?». Zer esan ebidentziak biluzten zaituenean?

Gaitz erdi, hala ere, hori bakarrik balitz. Gertatu izan baitzait eraikin bat ikusi, gustatu, eta automatikoki arkitektoari gizon aurpegia jartzea, ondoren konturatzeko emakumea zela eraikina diseinatu zuena. Aurreko batean jada aipatu nuen bidaia hartan gertatu zen, Poloniako Wroclaw hirian, bi eraikin interesgarrirekin. Lehena galeria bidezko sarrera zuten etxebizitzez osatutako blokea zen; etxebizitzak duplexak ziren, eta horrek bi bider interesgarri egiten zuen eraikina, tipologikoki eta fatxadaren konposizio aldetik. Bigarrena dorre multzo bat zen, bertakoek “Manhattan” izenez bataiatua –ez dadila umorerik falta–; espresibitate handiko eraikin dotoreak ziren elementu aurrefabrikatuz eginak izan arren.

Kontua da nik gizon aurpegia jarri niela instintiboki bi eraikinen arkitektoei eta bat ez, bi akats egin nituen tiro batez: ez ziren bi arkitekto, bakarra baizik, eta emakumea gainera: Jadwiga Grabowska-Hawrylak.

Bigarren Mundu Gerra osteko Wroclawko lehen arkitektoa izan zen Grabowska (“Hawryak”, imajinatu duzuen moduan, ezkondu ostean gehitu zitzaion senarraren abizena da). Estatuak bultzatu zuen errealismo sozialistaren aroa amaitu ondorengo fase modernoaren ordezkaria da, eta eragin metabolista eta brutalista nabaria da bere obran. Wroclawn badu eraikin mordoxka bat.

Opari zirikatzailea egin diot Valentinari. Jadwiga Grabowska-Hawrylak arkitektoaren sarrera txiki bat idatzi dut Wikipedian, omenaldi xumearen eta erredentzio-ariketa patetikoaren arteko zerbait. Euskaraz. Ekintza sinpatikoa irudituko zaio, hizkuntza minorizatuak eta estaturik gabeko nazioak “sinpatikoak” iruditzen zaizkion modu paternalista berean, baina barren-barrenean ez du guztiz ulertuko. Pentsatuko du idatz nezakeela ingelesez edo gaztelaniaz, berak italieraz idazten duen modu berean, normalago, jende gehiagorengana iristeko. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, Valentinak ere ongi ezagutzen duelako autozentsurak eta bataila galduko duela jakiteak bat egiten duten toki hori. •