Amagoia Mujika Telleria
MUSIKA ETA TEKNOLOGIA

Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko metodo bana

Sorkuntza prozesuaren atzean zer dagoen deskubritu nahian abiatu zuen Izaro Goienetxea EHUko ikertzaileak bidea. Abiapuntu hartu zuen, gainera, Joanito Dorronsorok jositako bertso-doinutegi oparoa. Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko metodo bana jarri du mahaiaren gainean Lezoko ikertzaileak.

Juan Carlos RUIZ | FOKU
Juan Carlos RUIZ | FOKU

Abesti bat sortzen denean ez dira bakarrik notak bata bestearen atzean jartzen. Sorkuntzak baditu hamaika zirrikitu. Hartara, sorkuntza prozesuan ematen direnak aurkitu nahian abiatu zuen bere ikerketa Izaro Goienetxeak. Eta bere abiapuntua bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpusa izan zen, Joanito Dorronsorok jositako bertso-doinutegi oparoa hain justu. Hori oinarri, musika automatikoki sortzeko eta musika automatikoki sailkatzeko metodo bana garatu du EHUko ikertzaileak. «Sorkuntza automatikoko proiektu europar batean hasi zen dena. Musika sorkuntzaren eta sormen automatikoaren inguruko proiektu batean hain zuzen. Justu proiektu horrekin hasi ginenean irratian entzun nuen Joanito Dorronsorok bildutako bertso-doinutegiaren berri. Horrelako corpusak eta doinutegiak lortzea oso zaila da, batzen dituztenek normalean beretzat gordetzen dituztelako. Hartara, aukera paregabea zen gure ikerketarako. Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin harremanetan jarri nintzen, sarean eskura jarrita daukaten materiala ikusten aritu nintzen eta oso-oso corpus aproposa iruditu zitzaidan guk egin nahi genuen ikerketa abiatzeko», agertu du Goienetxeak.

Sormen automatikoa aipatu du ikertzaileak. «Hori da, hain justu, proiektuaren asmoa; sormenaren atzean zer dagoen ulertzen saiatzea. Prozesu hori simulatzen saiatzen gara, sormen hori nola ematen den ulertzen saiatzen gara. Esaterako, abesti bat egiten duzunean, zer sortu behar duzu? Ez dituzu bakarrik notak jarri behar bata bestearen segidan... zer gehiago egiten da? Hori deskubritu nahian abiatu nintzen bertso-doinutegitik».

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldearen baitan aritu da Goienetxea ikerketa jardunean. Hasieran musika automatikoki sortzeko pista bila abiatu bazen ere, bidean topatutako emaitzek musika automatikoki sailkatzeko moduak ikertzera eraman dute. Azkenean, ikerketaren emaitzek bi metodo jarri dituzte mahai gainean: bat musika automatikoki sortzeko, eta, bestea, musika automatikoki sailkatzeko. “Plos One” zientzia-aldizkari sonatuak eman du ikerketaren berri.

Musika eta teknologia

Musika eta teknologia batu ditu Goienetxeak bere ikerketan. «Harreman hori naturala da. Badaude alor horretan aritzen diren taldeak eta badaude, era berean, matematika eta musika erlazionatuta nola dauden ikertzen dabiltzanak. Badakigu harreman bat badagoela eta alor horretan lan dezente egin dira. Musika automatikoki sortzeko ere joko mordoa egon da, informatika baino askoz lehenagokoak. Horregatik uste dut harreman nahiko naturala dela musikaren eta teknologiaren artekoa». Ikertzailearentzat ere bide oso naturala da musika eta teknologia lotzen dituena. «Asko maite dut musika eta informatikaria naiz. Niretzat ikerketa hau sekulako mauka izan da».

Ikerketak, gainera, emaitza interesgarriak eman ditu. «Guk analisi bat egiten dugu eta hipotesi batetik abiatzen gara: musika sortzeko garaian melodia horrek egitura bat izan behar du. Errepikapenak eta erlazionatuta dauden segmentuen egitura bat egon behar dira. Eta bertso melodiak errepikapenez beteta daude. Beraz, alde horretatik bertso-doinutegia oso aproposa zen gure hipotesi hori frogatzeko. Guretzat melodia mota oso egokia zen ikerketarako».

Eta hipotesia norabide zuzenean zihoala frogatu du ikerketak. «Bertso melodiak eta folklorea, oro har, errepikapenez josita daude. Badago teoria bat esaten duena guk musika ulertzeko errepikapena behar dugula. Alegia, abesti bat entzuten ari garenean beharrezkoa dugula lehendik entzundako zatiak edo antzekoak berriro entzutea diskurtsoa bere osotasunean ulertu ahal izateko».

Musika automatikoki sortzeko metodoa eredu gramatikal edo estatistikoetan oinarrituta garatu da. «Kontuan hartu beharko litzateke melodien koherentzia, erraz ulertzeko moduko melodiak sortu ahal izateko. Ziur egon beharko genuke melodia berrien barnean zenbait segmentu errepikatu egiten direla, bai nota mailan bai beste melodia maila abstraktuago batzuetan ere», nabarmendu du ikertzaileak.

Musika automatikoki sortzeko metodoak bide ugari zabal ditzakeela uste du, gainera. «Aplikazio desberdinak izan ditzake metodo horrek. Adibidez, musika tresna birtualak sortzen lagundu dezake. Musikoterapian, adibidez, tresna mordo bat erabiltzen da, baina jende guztiak ezin ditu tresna horiek erabili, bai zailak direlako bai pertsona batzuek muga fisikoak edo psikikoak dituztelako, adibidez. Pertsona bakoitzaren beharretara egokitzeko moduko musika tresna birtualak sortzeko aukera ematen dute musika automatikoki sortzeko metodoek. Bideo-jokoetarako ere oso baliagarriak izan daitezke. Bideo-jokoak egiten dituen jende asko dago, eta, behin eginda, bideo-jokoek musika behar dute. Ez dago edonoren eskura konposatzaile batengana joatea eta musika bat enkargatzea. Hor ere aplikazioa izan dezake metodo horrek. Eta gehiago ere badaude».

Musika automatikoki sortzeko metodoak, beraz, erabilpen desberdinak eta interesgarriak izango dituela uste du Goienetxeak. «Baina ez du, inondik inora, sormena ordezkatuko. Sormenaren atzean zer dagoen ulertzen saia gaitezke, baina makina batek ez du sekula sortzaile bat ordezkatuko. Makina bat irits daiteke konpositore jakin batek dituen ezaugarriak ulertzera eta horiek imitatu ditzake. Baina imitazio bat izango da. Ez dut uste makina bat sorkuntzaren magia hori harrapatzera irits daitekeenik».

Musika sailkatzeko metodoa

Musika sailkatzeko metodo bat ere garatu du ikertzaileak. «Gero eta musika gehiago daukagu Interneten eskura, eta gai garrantzitsua bihurtzen ari da musikaren sailkapen automatikoak egiteko aukera izatea, musika-bilduma handiak antolatu ahal izateko», esan du Goienetxeak. «Adibidez, melodia bat entzun eta metodoak, analisi bat egin ondoren, zein konpositorerena den esan dezake». Hori da sailkapen automatikoaren ideia. Haren bidez, «melodia bat analizatzen dugu, eta zeren antzekoa den esaten dugu, alegia, zer generotan sailka dezakegun».

Orain, sorkuntza eta klasifikazioa hobetzen ari da Lezoko ikertzailea. «Nire tesiko zuzendariak esaten duen bezala, tesiak ez dira bukatzen, utzi egiten dira». Hiru urte daramatza buru-belarri lanean eta gustura dago emaitzarekin. «Inoiz ez da espero duzuna gertatzen, egunero aldatzen da bidea. Batzuetan beste batzuetan baino hobeto kudeatzen da frustrazioa, baina beti aurrera jarraitu beharra dago».