Pablo Ruiz de Aretxabaleta
HONDAMENDIA ATE JOKA

Biodibertsitatearen suntsipena gelditzeko urratsak, aztergai

IPBES erakundeko gailurrak, Lurreko biodibertsitatea krisi larrian dela baieztatu ondoren, milaka ikerketen datu eta ondorioak bildu ditu estatuei argiki eskaintzeko. Halaber, espezieen seigarren suntsipen masiboa galarazteko, oraingoan gizakiak eragindakoa, hartu beharreko neurri garrantzitsuenak jaso ditu emandako gomendioetan.

Duela bi aste Lurreko azken iparreko errinozero zuri arra hil zen. Bakarrik bi eme geratzen dira egun, eta horiek dira espezieak irauteko –modu artifizialean– itxaropen bakarra. Ez da kasu bakarra. Suntsipen masibo berri bat hasi da Lurrean, gizakiaren eraginez. Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) egindako txosten batek dioenez, klima aldaketak espezie guztien laurdenaren eta erdiaren artean jarriko ditu arriskuan 2080. urtera bitartean. Eta hori munduko 33 ingurutan gertatzen ari dela dio erakundeak, tartean biodibertsitatean aberatsenak direnak. Lurrak dagoeneko bost espezie suntsipen masibo jasan ditu. Oraingoa dinosauroak desagertu zirenetik lehenengoa izango da, eta, besteak ez bezala, Antropozeno deitu den garaiaren ondorioa izango da, hau da, gizakiaren jardunak sortu duen garai geologikoaren ondorioa.

Berandu bada ere, egoerari buelta emateko ahalegin batzuk piztu dira. Joan den astean, Kolonbian 128 estatutako adituak elkartu ziren Planetaren egoera aztertzeko, bereziki faunarena, florarena eta lurrena. Bertan, egungo joera aldatzeko irtenbideak exijitu zituzten. «Zientziak argi eta garbi egiaztatu du: biodibertsitatea krisia larrian dago mundu mailan», adierazi zuen Marco Lambertini WWFko zuzendariak bilera hasi baino lehen.

Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak (IPBES) prestatu ditu bilerako txostenak. Biodibertsitatearen egoerari buruzko ezagutza zientifiko guztiak bildu, joerak aztertu, garapena aurreikusi eta gobernuei hartu behar diren neurriak aholkatzea da, hain zuzen ere, IPBESen lana. Azken txostenak egiteko, mundua bost ataletan banatu dute: Amerika, Afrika, Asia-Pazifikoa eta Europa-Erdialdeko Asia.

Lehen azterketa duela bi urte argitaratu zuten IPBESeko adituek. Erleak mehatxatzen dituzten arriskuei buruzkoa da. Planeta osoko lurren egoerari buruzko bosgarren azterketan, berriz, munduko lurren egoera aztertu dute. Kutsaduraren, deforestazioaren, meategien edota nekazaritza jardueraren ondorioz mundu guztiko lurrak gero eta andeatuago daudela ondorioztatu dute.

Ia 600 ikertzailek hiru urtez lan egin dute boluntario moduan argitaratutako bost azterketak prestatzeko. Adituek ez dute ikerketa berririk egin: 10.000 argitalpen zientifikotan agertutako datuak bildu, laburtu eta aztertzera mugatu dira ikerlariak. Ateratako ondorioek Lur osoaren egoera islatzen dute, Antartikakoa eta ozeanoetakoa salbu. Behin lan mardula eginda, zientzialariek 30 orrialdetan laburbildu dute, IPBESeko partaide diren estatuetako buruei emateko. Helburu argia izan dute: agintariei biodibertsitate nola babes dezaketen jakinaraztea.

Kolonbiako bilerako 750 ordezkariek ateak itxirik eztabaidatu zituzten ondorioak ezagutarazi baino lehen. Hala, hitzez hitz negoziatu zuten ezagutzera emandako edukia. «Milaka lagunek egindako lanaren fruitua da», nabarmendu zuen Anne Larigaudiere IPBESeko idazkariak. Medellinen «eztabaida asko» sortuko zirela aurreratua zuen jada bilera hasi baino lehen. «Baliteke estatu batzuk ados ez agertzea biodibertsitatearen inguruan egindako analisiarekin». Horra hor ohartarazpena.

Garraioari, hezkuntzari edo nekazaritzari buruz emandako gomendioak hori baino ez dira izango, gomendio, eta, beraz, estatuak ez daude neurriak ezartzera behartuta. «Behar bezala jarduteko iradokizunak besterik ez dira», onartu zuen Larigaudierek. «Biodibertsitatearen galera gelditzeko erabakiak hartzen lagunduko dutela espero dugu», gaineratu zuen Tom Brooks UICN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuneko (UICN) zuzendari zientifikoak.

Ikerketa zientifikoak herri askotan egiteko ahalmena handia bada ere egun, lanon emaitzak ez dira ostean erabakiak hartzen dituztenengana iristen. Muga izugarria dago hor. Adituek egindako ehunka ikerketa, txosten eta analisi argitaratzen dira urtero zientzia aldizkari espezializatuetan. Horietan oinarriturik, zientzialarien arteko eztabaida sortzen da, baina ezagutza hori zientzia komunitatearen barruan geratzen da. Sarri zientziaren arloan lan egiten dutenek ez dute politikariekin eta instituzioetako arduradunekin elkarrizketa zuzenik bilatzen, dituzten ideiak eta proposamenak helarazteko. Hain zuzen ere, IPBESeko gailurrean datu, ondorio eta proposamen horiek guztiak bildu eta nabarmendu dituzte, politikariei argi eta garbi eskaintzeko. Biodibertsitatearen hondamendia galarazteko neurri garrantzitsuenen berri lehen eskutik jaso dute politikariek.

Gero, jakina, Estatu bakoitzak erabakitzen du ikerlariek esaten dutena onartu ala ez. Eta hor, noski, bestelako interesak sartzen dira. Baina, gutxienez, jada ezin dute ezjakintasuna argudio gisa erabili politikariek.

Robert Watson IPBESeko presidenteak ohartarazi bezala, bileran jorratutako gaiek eta gomendatutako neurriek ingurugiroaren eta datozen belaunaldien «etorkizuna» baldintzatuko dute. «Biodibertsitateak ekarpen baliotsua egiten dio jendeari, zoritxarrez, naturaren hondamenak gizakien ongizatea kaltetuko du belaunaldi askotarako», uste du Watsonek. Zentzu horretan, «kutsadura, gehiegizko ustiapena, espezie inbaditzaileen zabalkundea eta klimaren aldaketa denok nahi dugun etorkizun jasangarria izateko ahalmena ahultzen ari dira», zientzialariaren arabera.

Lurrak bizi duen egoera aztertzeko «IPBESek nahitaezko papera» jokatu duela uste du Watsonek. Horregatik, gobernuei, sektore pribatuari eta gizarte zibilari elkarlana eskatu die, «itxaropena izateko». Erabakiak «ebidentzietan oinarrituta» hartu behar direla ere nabarmendu du, hau da, Medellingo bileratik atera diren ebidentzietan.

Datu oso kezkagarriak

Zenbakiak mundu osoan dira kezkagarriak. Duela mende batetik hona, ornodun espezi bi desagertu dira urtero. Anfibioen %41 eta ugaztunen %25 desagertzeko arriskuan daude. Koralezko arrezifeen erdia desagertu egin dira azken 30 urteotan. 1970tik monitorizatutako 3.706 arrain, hegazti, ugaztun, anfibio eta narrasti espezieen kasuan, euren populazioak %60 murriztu dira.

UICNren zerrenda gorrian 91.523 espezie daude dagoeneko. Pentsa, iaz zerrenda eguneratu zutenean, 25.821 espezie sailkatu zituzten desagertzeko arriskuan bezala. Horietatik, 5.583 arrisku bizian daude, 8.455 arriskuan eta 11.783 kalteberak dira.

Animalia handienetan are nabarmenagoa da arriskua. Hala, Afrikako elefanteen kopurua 111.000 ale inguruan jaitsi zen 2006 eta 2016 artean. Egun, soilik 415.000 Afrikako elefante geratzen direla uste dute adituek. Baina horren ikusgarriak ez diren beste animalia batzuk ere egoera berean daude. Izan ere, espezie asko gizakiak ezagutu baino lehen desager daitezke. Izan ere, Planetan 8,7 milioi espezie daudela uste da, eta lurreko %85 eta itsasoko %91 oraindik ere aurkitzeko omen daude.

Kolonbiatik heldutako abisua baino lehen beste asko ere izan dira. Rio de Janeiroko Lurreko Gailurrean bultzatutako Biodibertsitatearen Hitzarmenari buruzko hitzaldi batean, hogei puntuko programa bat egin zen 2010ean Japonian, hamar urteko epean biodibertsitatearen galera gelditzeko. “Aichiko Helburuak” izena jaso zuen programak. Besteak beste, habitaten galera erdira jaistea, lurrean zein uretan kontserbaziorako esparruak zabaltzea, mehatxutako espezien suntsipena aurreikustea eta kaltetutako ekosistemen gutxienez %15 berreskuratzea jarri ziren helburutzat.

IPBES, 2012tik lanean

Nazio Batuen Erakundeko kide diren ehun estatu inguruk sortu zuten 2012an IPBES. Klima aldaketari buruz ikerketak eta gomendioak emateko GIEC erakundearen ereduari jarraituz sortu zen, baina, berez, ez da NBEren agentzia. Egun 128 estatu dira partaide eta Idazkaritzak Bonnen du egoitza. Estatuek boluntarioki ordaintzen dute erakundea finantzatzeko dirua. Norvegia izan zen 2014an diru gehien jarri zuena, zortzi milioi dolar.

Txosten bakoitza egiteko hiru urteko lana behar da eta lan horiek guztiek, orain arte, lau milioi euroko inbertsioa eskatu dute. Lanok egiten dituzten zientzialariak boluntarioak dira. «IPBESi oparitzen dioten ikerketa denboraren kostua bost eta hamar miloi dolar artekoa izan zen 2017an», nabarmendu du Larigauderiek.

Baina kritikak ere jaso dituzte. Erleen polinizazioari buruzko 2016ko txostenean parte hartu zuten bi ikerlarik Bayer eta Syngenta agrokimika arloko multinazionalentzako lan egiten dutela argitaratu zen. Enpresa talde horiek, ustez, erleen hilkortasunarekin lotutako pestizidak ekoizten dituzte. IPBESek ziurtatu zuenez, baina, ez omen zegoen «interes gatazkarik» eta «azterketa orekatu» bat egiteko «ikuspuntu ezberdinak» izan behar dira kontuan.