Pello Otxandiano

Burujabetza prozesuaren agenda soziala II

Aste Santuaren bueltako egun motel hauek baliatu ditut egunerokotasuneko zurrunbiloan pilatu zaizkidan irakurketa batzuei heltzeko. Tartean “La variante populista. Lucha de clases en el neoliberalismo”, Carlo Formenti italiarrarena. Formentiren idazlana baino Manuel Moreneoren hitzaurrea – https://goo.gl/ycJATS– da liburua hemen aipatzearen arrazoia. Honela dio Moreneok hitzaurre horretan: «Ezkerrak emantzipazio soziala, herri burujabetza eta estatu demokratikoki aurreratu baten eraikuntza uztartu behar ditu. Burujabetzaren aldarrikapena ez da afera premoderno bat. Politika neoliberalek, hamarraldi luzeetan, langileen eskubideak murriztu, eskubide sozial oinarrizkoak mugatu eta Estatu soziala eraitsi dituzte. Testuinguru horretan, burujabetzaren aldarriak esanahi zehatza du: eredu soziala, politikoa, territoriala eta abar erabakitzeko eskubidea. Herritarrek gauza bera aldarrikatzen dute leku ezberdinetan: burujabetza, Estatua, ordena, babesa, segurtasuna, etorkizuna». Total, ezker abertzale premoderno, ezjakin eta partikularzaleak betidanik esan duena esatera datorrela orain ezker estatal moderno, jakitun eta unibertsala.

Bi olatu sozialek astindu gaituzte

Duela hilabete orrialde hauetan idatzi nuen nire ustez badagoela Euskal Herrian burujabetza prozesu bat gorpuzteko adina kapital sozial, eta hainbat aldarrikapen sozialek herri burujabetza erdigunean ez jartzeak kezkatzen ninduela. Denbora tarte honetan bi olatu sozialek astindu gaituzte: Martxoaren 8ak eta pentsio duinen aldekoak. Bata eta bestea gauza ezberdina dira. Doala aurretik feminismoari aitortza, garaiko mugimendu sozial indartsuenetarikoa den aldetik, mugimendu sozial kontsolidatua, ideologizatua eta erradikala. Alabaina, uste dut mugimendu antolatuak gainditzen dituzten garaiko olatu sozial hauek badituztela osagai komunak, hain justu Moreneok aipatzen dituen politika neoliberal lazgarrien ondorio direnak. Funtsean, promesa liberala erori da: «Ikasiz gero bizi osorako lana izango duzu, lan eginez gero pentsio duin bat izango duzu, ondo portatuz gero eskubide berdintasuna izango duzu, zailtasunak izanez gero Estatuak babestuko zaitu...». Hau da, liberalismoak promestutako segurtasunak eta ziurtasunak –finean, ordena– hankaz gora erori dira herritar sektore zabalen begietara.

Kapitalismoaren kontraesan kolosalak

Euskal Herrian burujabetza prozesurik izango bada, batez ere, krisi sistemiko honi herri gisa emango diogun erantzuna izango delakoan nago. Kapitalismoaren kontraesanak kolosalak diren garaiotan –krisi ekologikoa, zaintzarena, demografikoa eta abar– ez dago auzi nazionala eta soziala bereizterik. Ez dago borroka sektorialik. Demanda sozial ezberdinek, modu diferenteetan bada ere, erradikalki kuestionatzen dute sistema, eta aldaketa integralak planteatzen dituzte. Garai arriskutsu hauetan ez dezagun begi bistatik galdu ezker estatalak deskubritu berri duen hori: ordena berri bat eskaintzeko bidea burujabetzea dela, eredu sozial, politiko eta territoriala erabakitzeko eskubidea gauzatzea; finean, ezkerrak emantzipazio soziala eta Estatu demokratikoki aurreratu baten eraikuntza uztartu behar dituela. Burujabetza, Andoni Olariagak asteon bikain adierazi duen bezala –https://goo.gl/P2JeN8–, ez da “auzi nazionala”, transbertsala den ideia erradikal eta demokratikoa baizik.

Bestalde, demanda sozial hauek –feminismoak planteatzen dituenak zein pentsio duinen aldekoa kasurako– euskal eskalari atxikitzea demanda hauek erradikalizatzeko bidea ere badela uste dut. Indar korrelazioa aldekoagoa denez gero, tradizio komunitario sendoa dugunez gero, demanda horiek sozialki materializagarri diren marko bat eskain dezakegulako. Gramsciri kasu eginez, borroka ideologikoa egiteaz gain –etsaiari indartsuen den puntuetan eraso eginez– borroka politikoa egin dezakegulako –etsaiari bere puntu ahulenetan eraso eginez–. Eta horrek, Euskal Herrian, datozen hilabete eta urteetan, estatus politikoen eguneratze prozesuak politizatzea esan nahi du, prozesu horiek ahal beste fronte sozial ezberdinetatik eskaera material konkretuen bidez interpelatzea. •