Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Erresilientzia

Trauma baten ondoren, trauma hori gainditu eta pertsona hobeak izaten laguntzen digun prozesu miresgarria da erresilientzia. Askotan, Azpeitiko Harremanak Osasun Zentroan haurrekin lanean ari garenean –esaterako, arreta goiztiarrean edota haur terapian–, ohartzen gara haur horien bizitza laburrean zailtasun beteak edo galera oso garrantzitsuak izan direnean –tratu txarrak, abusu sexualak, guraso bien bat-bateko heriotza, suizidioak, gudak, bortxaketak…–, helduok haurrak epaitzeko joera dugula. Haurron bizitzek betirako kale egin dutela sinistera iristen gara. Alegia, helduarora iristean drogen menpe biziko direla edo gaixotasun mentalak garatuko dituztela pentsatzen dugu, beren bizitzaren patua idatzita egongo balitz bezala. Idatzita eta erabakita.

Gaurkoan gurera ekarri nahiko nuke erresilientziaren kontzeptua, guztiz ados bainago kontzeptuaren esanahiarekin eta proposatzen duen ideiarekin. Haur edo heldu batek trauma bat bizitzen duenean hori gainditu dezake, betiere bere inguruan atxikimendu osasuntsu bat eskainiko duen pertsona heldu bat egonez gero. Eta behin trauma hori gainditutakoan, traumaren narratiba sortu eta ulertzeko gaitasuna barneratzen duenean.

Trauma bat gertatzen zaigunean, gure «ni»-an zerbait hausten da pusketa txikietan, kristalezko botila izango balitz bezala; eta erresilientziaren gaitasuna, hain zuzen ere, pusketa horiek denak berriz elkarren artean itsatsi eta denak ongi jartzean datza. Horretarako atxikimendu seguru bat behar dugu gure alboan, ulertu egin behar dugu zer gertatu zaigun, eta hortik tiraka ezinbestekoa da narratiba bat sortzea traumaren inguruan.

Erresilientzia kontzeptuaren sortzailea Boris Cyrulnic da, Bordelen jaioa 1937an, neurologoa, psikiatra, psikoanalista eta etologoa. Familia judu batean jaioa, bere aita eta ama alemaniarrek atxilotu eta erail zituzten. Geroago poliziek beste judu batzuekin batera Bordeleko sinagoga batera atxilotuta eraman zuten, baina komunetan ezkutatzea lortu eta deportazioa saihestu zuen. Esperientzia horiek guztiek eta askoz gehiagok eraman zuten psikiatria ikasketak egitera. Egindako ikerketei esker erresilientzia kontzeptua sortu zuen, alegia, trauma gainditu eta pertsona hobea izatera bultzatzen gaituen prozesua.

Trauma bat bizi izan duten haurrekin lan egiteko, ezinbesteko deritzot tutore «erresilienteak» sortzea. Ezinbestean jorratu beharreko lan ildoa da. Ezin gara egoera traumatiko horien aurrean eskuak gurutzaturik gelditu. Iluntasunari arreta jarriz gero, beti ateratzen da argi izpi bat handik edo hemendik. Lehortean, inork nola ulertu gabe, lore eder bat sortzen den bezala! •