Iratxe Urizar

Hitzarmen gogaikarri halakoak

Nekagarriak, gogaikarriak. Giza eskubideen babeserako hitzarmenen sinaduran lehena ez bada, bigarrena izatea gustuko du Estatu espainiarrak. Sinatzeko ezer badago, sinatu egiten du. Hori bai, ohituta gaude gero, eskubideen babeserako nazioarteko akordio horiek bete behar direnean, ezagutuko ez balute bezala nola jokatzen duten ikustera. Goi mailako politikariek ez dute zalantzarik izaten «ingeniaritza juridikoa» egingo dutela akordioak betetzea saihesteko publikoki aitortzeko. Beste edozein europar estatutan halako deklarazio bat eskandalu izugarria litzateke. Baina hemen ez da ezer gertatzen... Gehiegikeriez beteriko hamarkadak bizi izan ditugu, herritarren eskubideak bortxatu bakarrik ez, formak mantentzeko premiarik ere ez dute ikusi. Bahiketak, torturak, judizioz kanpoko erailketak. Protesta egiten bada, kolpeak, pilotakadak. Kaleetan, unibertsitateetan, hilerrietan.

Sinatu soilik ez, Estatu espainiarra izan zen europar atxilotze aginduaren hitzarmenaren bultzatzaile sutsuena. Neurri administratibo bat da izatez, nahiz eta bide judiziala mozorroz jantzi nahi den. Hitzarmenaren oinarria eskubideak babesten dituzten estatu-lagunen arteko akordioa da: Europako markoan prozesu eta eskubideak bermatzen direla ulertuta, ez da azterketa sakonik egingo herritar bat estatu batetik bestera bidaltzeko. Bidalketok, nazioarteko eskubideen hitzarmenak beteta egingo direla ulertzen da (berriro ere… “ingeniaritza juridikoa” terminoa gogoan?).

Hainbat euskal herritarrek lortu dute euro agindu horiek geratzea, forma akatsengatik, esan bezala, auziaren funtsean sartzeko aukerarik ez duelako uzten hitzarmenak. Baina egunotan iskanbila ederra dago antolatuta: goi mailako Kataluniako hainbat politikari daude Estatu europarretan barreiatuta eta horien aurka Europako atxilotze aginduak martxan jarri ditu Espainiak. Gaia agenda politikoan dago bete-betean eta euro aginduen izaera agerian geratu da. Ez dira formazko kontu soilak ateratzen ari direnak, abokatuek hainbat gai jarri dituzte mahai gainean. Europan jasotzen ari diren eta aipatu beharra dagoen babes sozialaz haratago (historikoa deritzot Eskoziako “The National” egunkariaren azalari, non “Ez duzue gure Clara [Ponsati] izango” esaten zioten zuzenean eta argi eta garbi Espainiari), estatu horiek arazo potoloa dute esku artean. Izan ere, euro aginduak ez onartzea Espainian konfiantzarik ez dutela onartzea litzateke. Argi utziko lukete Espainiak eta beraiek [Eskoziak, Belgikak, Alemaniak...] hartutako konpromiso amankomun horiek ez direla beteko uste dutela.

Bitartean, inguruotan guztiz ohikoak diren egiteko moduak hemendik kanpo harridura ari dira sortzen. Espainiako telebista bateko aurkezle famatuenaren programak, adibidez, zalantzan jarri dituzte Whatsapp bidezko elkarrizketa pribatuak botatzeagatik (ai, pribatutasun eskubide madarikatua…). Baliteke Puigdemonten atxiloketa bera ere legez kanpokoa izatea. Izan ere, politikari kataluniarraren autoan geolokalizatzaile bat topatu zuten [Espainiako zerbitzu sekretuak medio, noski] eta hara, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak orain gutxi horren inguruan argi eman du bere iritzia [eta bete beharrekoa da, arraioa]. Otsaileko epaia da, oraintsukoa. Ben Faizak salaketa jarri zuen frantziar Estatuaren aurka eta goi mailako auzitegiak arrazoia eman berri dio: bere autoan berau kontrolatuta izateko GPS bat jartzea Europako Konbentzioaren 8. artikuluaren aurka doa. Pribatutasun eskubidea jasotzen duena, alegia. Frantzia kondenatu egin dute. Hara, ze gogaikarria sinatzen diren hitzarmenak betetzen ibili beharra... •