Pablo Ruiz de Aretxabaleta

KUTSADURATIK ETA LEHORTEETATIK IHESEAN

Lur antzuak eta kalitate eskaseko ur eta elikagaiak. Ez da ez etorkizuneko distopiaren irudia. Ez da ez “Mad Max” filmeko paisaia. Gaur egun gizakien erdiek pairatzen duten lurzoruaren degradazioa da, migrazio jendetsuak eragiten dituena. Gure Planetan bizi diren 7.500 milioi biztanleetatik gutxienez 3.200 milioik jasaten dituzte eragin kaltegarriak lurrak hondatu direlako. Planetaren azalaren %75ean triskantza modu nabarmenean gertatzen ari da. Klima aldaketak dituen beste eraginekin batera, hona hemen honako hau: 2050. urterako 50 eta 700 milioi pertsona bitartean beren bizitokiak uztera behartuta izango dira. Robert Scholes IPBES erakundeko txostenaren zuzendariak dioenez, «Lurraren azalaren degradazioa Planeta seigarren espezie suntsipen masibora eramaten ari da». Gizakiak eragin duen lehena.

«Baso kopurua aldatu dugu, belardien kopurua aldatu dugu, hezeguneen %87 galdu ditugu... Lurrazala zeharo aldatu dugu azken ehunka urteotan», adierazi du IPBESeko presidenteak. Egoera maila kritikora iritsi da hainbat tokitan. Adibidez, kalteek lurpean zeuden 4.400 miloi tona karbono isurtzea eragin zuten 2000 eta 2009 artean.

Migrazio masiboak

Datozen urteei begira, 2050. urterako lurraren degradazioak eta klima aldaketak nekazaritzako etekinak %10 eta %50 artean gutxitzea espero da. Inguru kaltetuenak Erdialdeko Amerika, Hego Amerika, Saharaz hegoaldeko Afrika eta Asia izango dira. «Eskualde horietan geratzen dira nekazaritzarako egokiak diren lur azalerarik handienak», azaldu du Luca Montanarellak, ikerketaren zuzendaritzan parte hartu duen adituak. «Lurzoruen degradazioak eta lurraren eta landareen emankortasun galerak jendea migratzera behartuko du. Ez da bideragarria izango lur horietan bizitzea», gaineratu du Robert Watson IPBESeko presidenteak.

Etekinen %10eko galera ematea litzateke egoerarik onena, betiere gizakiak ohitura jasangarriak hartuko balitu. Nekazaritzan eta kontsumoan arduraz jokatuko balu eta klima aldaketa gutxitzeko neurriak hartuko balitu.

Baina oraingo egoerak bere horretan jarraitzen badu, %50eko galerak aurreikusten dira. Herri aberatsenek egungo kontsumo ereduei eusten badiete, hori da etorriko dena.

IPBESen txostenak alerta gorria piztu du: une honetan gizateriaren etorkizuna kolokan dago, berotze globalaren eta biodibertsitatearen gehiegizko ustiaketaren ondorioz. Gainera, kalteak ez dituzte bakarrik inguru degradatuetan bizi direnek pairatuko; guztion elikagai segurtasuna, ur edangarria eta haizea daude arriskuan.

Gizakien elikagaien %95 lurra erabiliz ekoizten dira, zuzenean edo zeharka. Azken 50 urteotan munduko biztanleria bikoiztu egin da eta 2050ean 9.000 milioi pertsona baino gehiagokoa izango da. Hazkunde hori, klima aldaketaren ondorioak eta naturako baliabideak lortzeko borroka kontuan hartuta, FAO-Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak elikagaien kalitatea handitzearen garrantzia nabarmendu du, gaur egun landutako lurrak erabiliz betiere.

IPBESeko ikerketaren arabera, datozen hiru hamarkadetan 4.000 milioi pertsona inguru –Lurreko populazio osoaren %40– lur elkorretan edo lehortzeko bidean dauden eta landatu ezin diren lurretan biziko dira. 2010ean, 2.700 milioi pertsona ziren. Inguru horiek berreskuratzearen onurak degradazioaren kostua baino hamar aldiz handiagoak dira; 2010ean, mundu osoko ekonomiaren %10aren parekoak.

Baina denbora igaro ahala, «zailagoa eta garestiagoa» izango da kalteak gutxitzeko behar diren neurriak hartzea, azaldu du Watsonek.

Gaur egun landatutako eta abeltzaintzarako erabiltzen diren lurrek Planetaren herena okupatzen dute, eta etengabe zabaltzen ari dira; 2014an ekosistema naturalak ziren 1.500 milioi hektarea baino gehiago landatutako lur bihurtu dira dagoeneko.

Aldaketa horiek, lur eremuen galerarekin batera, berotze globala gelditzeko premiazkoak diren animalien, landareen eta basoen galera ere eragiten dute. Eta 2050. urtean, Planetaren %10 bakarrik geratuko da gizakiaren jardueraren eraginik gabe. Toki horiek gizakiaren presentziatik kanpo geratu dira, urrun daudelako edo aurkako baldintzak dituztelako. «Baina nekazaritza eta pertsonak muga horietarantz mugitzen ari dira, klima aldaketa dela-eta», azaldu du Scholesek.

Landen ustiapena dibertsitate biologikoaren galeraren lehenengo arrazoia da. 30 urte barru galera hori %38 eta %46 bitartekoa izango da.

«Lurzoruaren degradazioa, dibertsitate biologikoaren galera eta klima aldaketa erronka beraren hiru alde dira: inguru naturalaren osasunean gero eta arriskutsuagoa den gure erabakien eragina», adierazi du Watsonek.

Norabidea aldatzeko neurriak

IPBESen txostena egin duten adituek ez dute bakarrik espezien desagerpen masiboak, lurzoruen galerak eta migrazio jendetsuek dituzten ondorio kaltegarriez ohartarazi, beranduegi izan baino lehen kalteak gutxitzeko hartu behar diren neurriak ere zerrendatu dituzte.

Berriztapena: Kaltetutako lurzoruak leheneratzearen onura kostua baino hamar aldiz handiagoa da. Afrikan edo Asian, ezer ez egitearen prezioa lurrak leheneratzeko neurriak hartzea baino hiru aldiz garestiagoa da. Adibidez, kalteak konpon daitezke lehortutako padurak berriro urez betetzen eta meatze ustiaketek, nekazaritzak eta industriak eragindako uraren kutsadura gelditzen.

Hirietan azpiegitura berdeak eraikitzea aholkatzen du txostenak: lorategiak egin, bertako landare espezieak birsartu, erabilitako urak tratatu eta ibaiak birgaitu.

Nekazaritza: Landareen erabiltzaile nagusia izanik, nekazaritza arloak nahitaezko papera jokatu behar du, egungo sistemak aldatuz. Gainera, lurra goldatzeak higakor bihur dezake eta bertan harrapatutako karbonoa aska dezake, klimaren berotzea okerragotuz. «Ez da hain sarri goldatu behar eta tresna ezberdinak erabiliz lurreko gai organikoa berritzen lagun daiteke, gehiago degradatu beharrean», azaldu du Bob Scholesek.

Robert Watson IPBESeko presidentearen iritziz, irtenbidearen zati handia «zehaztasuneko nekazaritzan» dago. «Ongarriak, pestizidak eta ura modu egokian erabiltzen ikasi behar dugu, laborantzei zehazki behar dutena ematen eta ez gehiago».

Etiketatzea: Banaketa arloak kontuan hartu behar du produktuen jatorria, hornitzaileen metodoak eta naturan horiek duten eragina. «Elikagaien etiketatzea oso garrantzitsua da», nabarmendu du Montanarellak. «Elikagai batek duen etiketari esker badakizu lurrean eragin oso kaltegarria duen ekoizpen sistema erabiltzen den toki batetik datorrela, eta beste bat aukeratu ahal izango duzu».

Horrek, hala ere, prezioa garestiagoa izatea ekar dezake. «Kontsumitzaile bezala onak diren gauzak aukeratu behar ditugu, ez bakarrik zuretzat ona dena, baita Planetarentzat ona dena ere».

Pizgarriak: IPBESek aholkatzen du lurzoruen degradazioa errazten duten «pizgarri gaiztoen» ordez kudeaketa iraunkorreko neurri positiboak erabiltzea. Modu horretan, ongarriak erosteko diru laguntzak aipatzen ditu. Nekazaritzarako diru laguntzak, orokorrean, berrikusi egin behar dira IPBESen arabera, superprodukzioa sustatzen dutelako, naturaren kalterako.

Anne Larigauderie IPBESeko idazkariak politika batzuen koherentzia falta nabarmendu du: «Adibidez, klima aldaketaren aurka bioerregaiak sortu ditugu. Baina, aldiz, biodibertsitatearen kalterako erabili dira horiek ekoizteko lurzoruak. Epe luzera begira beste arazo bat sortu da».

Politikak: Gobernuek lurraren babesa kontuan hartu eta neurriak koordinatu behar dituzte. Hala, nekazaritza eta ingurugiroa alde batetik eta ekonomia, energia eta azpiegiturak bestetik hartzeari utzi behar diote. Tokian tokiko herritarrak eta herri indigenak ere kontuan izan behar dituzte. «Gobernuek egin dezaketen gauzarik garrantzitsuena nazio eta nazioarteko mailan arazoa isolatua izango balitz bezala ez hartzea da», adierazi zuen Scholesek. Datorren urtean izango diren nazioarteko bilera garrantzitsuak horretaz jabetzen lagun dezakete.

IPBESek berak munduko biodibertsitateari buruzko txostena –2005ean egin zuena– gaurkotuko du Parisen. G7ko gailurra ere Parisen izango da. «G7ko gailurraren gai nagusietako bat biodibertsitatea izan behar da», uste du Larigauderiek. Aditu horren arabera, premiazkoa da honako gai hauek «garapen jasangarriari lotzea»: osasuna, elikadura, ura, energia eta klima aldaketa. «Benetako loturak daude gai ezberdin hauen artean, baina sarri ez dira ondo ulertzen».

Txahala ala oilaskoa?

Gobernuentzako gomendioak ez ezik, guztiontzako aholkuak jaso ditu IPBESen txostenak, biodibertsitatea babesteko. «Ez dugu denok barazkijale bihurtu behar! Baina dieta orekatua izan dezakegu, txahal gutxiago jan, oilasko gehiago, lekaleak... Biodibertsitatearen kontrako presioa eta klima aldaketa gutxitzen lagun dezake», azpimarratu du Watsonek. «Gure etorkizuneko ongizatea sabotatzen ari gara». Baina oraindik ez dela beranduegi ere uste du.

Watsonek, halaber, eskatu du «gehiegi ez erosteko, zertarako eta gero jakiak hozkailuan galtzeko. Ura eta energia alferrik ez galtzea ere funtsezkoa da. Kontsumitzaileak gara, boto emaileak, gurasoak... Erabakiak hartzen ditugu eta hartzen ditugun ehunka erabaki biodibertsitatearen aldekoak izan daitezke edo ez».